2026-01-31
HomeEkintza SindikalaPasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia...

Pasaiako Udalak udal haur eskola zerbitzua bertan behera uzteko hartu duen erabakia okerra da LABentzat

Prentsaren bidez jakin du LABek Pasaiako Udalak eskaintzen duen Lilitegia udal haur eskola zerbitzua bertan behera uztea erabaki duela, EH Bildu eta Podemosen bozkekin. Pasaiako haur eskola zerbitzu hau, lizitazio baten bitartez bertako ikastolak ematen badu ere, udal zerbitzu publiko bat da, hemendik aurrera Pasaiako jendearteak udaletik jasoko ez duena.

Udalak hartutako erabaki hau guztiz okerra da LABen ustez, udalak eskaintzen zuen zerbitzu publikoak murrizten dituelako, eta sindikatuak dei egiten dio udalari hartutako erabakian atzera egin dezan.

LABen iritziz, udal eskumena den eta udaletik bermatzen den zerbitzu bat ezin da bertan behera utzi, horrek sortzen duen kaltearekin. LABen iritziz, 0-3 zikloa udal eskaintza publiko bateratuaren bitartez eskaini behar da, eta tresna desberdinak daude horretarako. Adibidez orain arte zerbitzu hori kanporatuta ematen egon diren langileak udaleko langileak bilakatuz, udala eta ikastolaren artean titularitatea partekatuz, udala haur eskolaren titularitatearen jabegoaren parte izanik eta honen kontrol publikoa bermatuz, edo Lilitegia haur eskola Pasaiako Karmengo Ama haur eskola bezalaxe, Haurreskolak Partzuergoan integratuz, LABek lan-hitzarmenean jaso zuen bezala langileen subrogazioa bermatuz, hau da, orain zerbitzua ematen ari diren langileak partzuergoko langile bilakatuz.

LABek udal eskaintza publiko bateratu berria proposatu eta borrokatuko du 0-3 ziklorako, Haurreskolak Partzuergoa ardatz izango duena, eskaintza publiko bateratuan beste udal haur eskola publikoak edota titularitate partekatua defendatuko dituen moduan.

Pasaiako Udalak hartutako erabakia LABek eraiki nahi duen Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren kontrako norabidean doa, eta sare publiko berri bakar eta deszentralizatua eraikitzen hasteko aukera galdua da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...