LABeko Koordinatzaile Orokor Igor Arroyok eta nazioarteko arduradun Koldo Saenzek prentsaurrekoa eskaini dute Bilbon, urriaren 15eko mobilizazioaren balorazioa egin eta aurrera begira ekimen berriak iragartzeko.
Balorazioari dagokionez honako hiru gako hauek nabarmendu dituzte: U15ekoa Palestinaren aldeko mobilizaziorik handiena izan da; LABek bere sorreratik defendatutako sindikalismo soziopolitikoa indartu da; eta Hego Euskal Herria borrokarako subjektu bezala indartu egin da.
U15aren ondotik, LABek instituzio eta Patronalari galdegin die lau hiriburuetako kaleak bete zituzten 110.000 langilek babestutako eskariari men egin diezaioten: Israelekiko harreman instituzional eta komertzial oro etetea.
1. Palestinaren alde orain arte egin den mobilizaziorik handiena izan da
U15ekoa Euskal Herrian Palestinaren alde inoiz egin den mobilizaziorik handiena izan da: 110.000 lagun baino gehiago sindikatuok eguerdian Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean deitutako manifestazioetan eta 50.000 inguru arratsaldean Gernika-Palestinak herriz herri egindako burrunbetan.
Lan munduan izandako eragina oso esanguratsua izan da: enpresa txiki askotan eta 50 bat enpresa handitan geldialdia erabatekoa izan zen. Beste ehunka enpresetan eragin aipagarria izan zuen. Irakaskuntzan deitutako egun osoko grebak jarraipen zabala izan zuen, %60 eskola publikoetan, %80 ikastoletan eta %85 Haurreskolak Partzuergoan; EHUn jarduera akademikoa bertan behera geratu zen eta lantokiz lantoki 200 mobilizazio baino gehiago egin ziren.
Kopuru hauek azken bi hamarkadetan egindako Greba Orokorretatik gertu daude, alegia, Lanuzte Orokor honek Greba Orokor baten pareko jarraipena izan du mobilizatutako langile kopuruari dagokionean. Europa mailan ez dago beste lurralderik tamaina honetako mobilizazio sindikala egin duenik; bakarrik Italia gerturatzen zaio Euskal Herriari.
2. Sindikalismo soziopolitikoa indartu da
Greba eta Lanuzte Orokor guztiek dimentsio politikoa badute ere, izan dira espresuki gai politiko baten harira antolatzen direnak. Ildo honetan, Hego Euskal Herrian ez zen lanuzte soziopolitikorik egiten 2008. urtetik.
Iraila erdialdean LABek argi ikusi zuen Palestinaren genozidioaren aurrean horrelako ekimen bat abian jartzeko aukera eta beharra zegoela. Eta burubelarri aritu da Greba edo lanuzte orokor baten eraikuntzarako beharrezkoak diren hamaika zereginetan: gainontzeko sindikatuek horrelako urrats bat eman dezaten bultzatzea, ekimena aurrera ateratzeko adostasunak eraikitzea, lanuztearen deia zehaztu eta erregistratzea, sindikatuaren oinarri soziala mobilizatzea, lantokietan informazioa zabaldu eta batzarrak antolatzea, merkatariekin harremanetan jartzea, ehunka kontzentrazio eta hiriburuetako lau manifestazio handiak antolatzea eta azkenik, eguna bera gauzatzea.
Ibilbide honetan izan da zailtasunik baina emaitzak merezi izan du zalantzarik gabe: ñabardurak ñabardura, Hego Euskal Herriko sindikatu guzti-guztiok egin dugu Palestinako genozidioa salatzeko lanuzte orokorrerako deialdia. Honela, LABek bere sorreratik aldarrikatu eta praktikatu duen sindikalismo soziopolitikoa indartu egin da. Praktikan erakutsi dugu sindikatuon ardura eta funtzioa ez dela mugatzen lan-baldintzen negoziaziora, badugula zer esanik afera politiko eta sozialetan.
Palestinaren kasuan, lanuzte politikoa deitzea beharrezkoa zen ez soilik elkartasun internazionalistaren ikuspegitik, baita Euskal Herriaren eraldaketaren aldeko borrokaren ikuspegitik ere. Mundu mailan olatu erreakzionario eta autoritarioa zabaltzen ari den garai honetan, urriaren 15ak mezu argia helarazten du: sionismoa ez da Palestinan gailenduko eta faxismoa ez da Euskal Herritik pasako.
3. Euskal esparrua indartu da
Estatu mailako egun berean eginagatik ere, urriaren 15ean Hego Euskal Herria subjektu bezala irudikatu da. 2018ko pentsiodunen olatuarekin gertatu bezala, Hego Euskal Herriko deialdiak estatu mailan egindakoa gainditu du.
Horrela izan da bai mobilizazio ereduari dagokionez, estatuan lanuzte isolatuen aukera zegoen bitartean Hego Euskal Herrian Lanuzte Orokorra egin zelako, bai mezuari dagokionez, estatuan mezu lausoagoa izan zen bitartean Hego Euskal Herrian Israelekin harreman komertzial eta instituzional oro eteteko eskaria egin zelako, baita mobilizazio mailari dagokionez ere, inon baino grebalari eta manifestari gehiago izan zirelako.
Gainera, U15eko ekimena euskal lurraldetasunaren irizpidean oinarritu da, lauak bat, eta irizpide horren arabera aritu gara lanean ez soilik sindikatu abertzaleak baita estatalak ere. Manifestazioen amaieran Palestinako komunitateak hitza hartu duenean ere, herritik herrira mintzatu zaio Euskal Herriari. Honela, U15arekin euskal esparrua indartu egin da zalantzarik gabe.
4. Aurrera begira: instituzioak eta Patronala interpelatzen jarraitzeko ekimena
Lanuzte orokorraren eskaria argia izan da: Israelekin harreman instituzional eta komertzial oro etetea. Instituzioek eta Patronalak ezin dute ezikusiarena egin azken urteotako mobilizazio sindikal handienaren aurrean.
Gazan su-eten hauskor bat egoteak ez du eskari honen beharra eta premia gutxitzen. Izan ere, Palestinako gatazkaren konponbidea sakonagoa da: Palestinako lurralde osoa deskolonizatu behar da, Jordan Ibaitik Mediterraneo Itsasoraino; Palestinako errefuxiatuek euren lurraldera bueltatzeko eskubidea gauzatu behar da; eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea gauzatu.
Horretarako, batetik, Palestinaren aldeko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak artikulatu behar dira Euskal Herrian nahiz nazioartean. Eta bestetik, Boikot, Desinbertsio eta Zigorren nazioarteko kanpaina sustatu beharra dago, apartheida aplikatzen zuen Hego Afrikarekin egin bezala, apartheidean oinarritzen den Israelgo estatu koloniala eremu guztietan isolatuz.
Urriaren 15ean egindako eskarien alde presio egiten jarraitzeko, bi dira datozen hilabeteetan LABek jorratu nahi dituen ildoak. Lehenik eta behin, LABek euskal alderdi politikoei galdegiten die sionismoarekin harremanak eteteko proposamena instituzio guztietara eraman dezaten: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Aldundiak eta Udalak. Bigarrenik, Israelekin harreman komertzialak dituzten enpresetara mozio bat eramango du LABek, Enpresa Batzordeak zuzendaritzari harreman horiek eten ditzan proposatu dakion. Horrelako mozioak onartu egin dira CAFeko Enpresa Batzorde desberdinetan nahiz beste zenbait enpresetakoetan. Gainontzeko sindikatuekin elkarlanean, ekimen hau zabaltzeko eta indartzeko lan egingo du LABek.
Azkenik, maila sindikalean ere badago zer eginik: sindikatu sionistak isolatzea. LAB kide den eta aurten 80 urte betetzen dituen FSM-Munduko Federazio Sindikalean ez dago halako sindikaturik, sionismoa eta kolonialismoa FSMren oinarri ideologikoen aurkakoa delako. Aldiz, Histradut sindikatu sionista mundu mailako CSIko, mundu mailako beste federazio sindikal nagusia, kide da eta normaltasun osoz parte hartzen du bere ekimenetan. Era berean, izaera tripartitoa duen OIT-Nazioarteko Lanaren Erakundean parte hartzen du Histradutek.

