2026-06-23
Blog Page 942

Elikadura burujabetzaren aldeko Labore ekimenari ongi etorria eman diogu

0


Gaur goizean LABeko Bilboko egoitzan Labore ekimenaren bisita jaso dugu. Proiektu honek, elikadura burujabetzan sakontzeko tresna izan nahi du. Saltoki itxura izango du kontsumo elkarte honek eta nahiz eta oraindik ez den publikoki martxan jarri, aurki zabalduko ditu bere ateak. Ekimen berri honi ongi etorria emateaz gain LABek elikadura burujabetzaren alde eginiko apustua berretsi du.

Laborek, hiru zutaberen gainean lan egiten du. Alde batetik, eta esan bezala, kontsumo talde potente bat osatzeko asmoa du; bestalde, aliantza estrategiko bat sustatu nahi du nekazarien eta kontsumitzaileen artean; eta azkenik, zerbitzu bat eskaini du, bertakoa, agroekologikoa eta soziala izango dena.

LABek elikadura burujabetzaren alde eginiko apustua berretsi nahi du. Horrela, ospatu berri dugun IX. Kongresuan erabaki bezala, lana-kapitala kontraesanetik bizitza-kapitala kontraesanera igaro gara. Zentzu horretan, elikadura burujabetza elementu zentrala da justizia sozialaren bidean eta bizitza duinak gaurdanik eraikitzeko. Labore bezalako proiektuak dira, hain zuzen ere, hauspotu nahi dugun aldaketa sozialaren mugarriak. Gainera, LABek ildo honetan, lan eremu bat irekia du dagoeneko: arrantzaren berreskurapenaren eta jangela proiektuen arteko konplizitateak bilatzen ari gara, elikadura burujabetza izanik iparra.

Hurrengo zita, Via Campesinak Derion uztailaren 16tik 24ra ospatuko duen nazioarteko konferentzian daukagu. Urte honetako leloak dioen bezala, Gure herriak elikatzen ditugu eta mugimendua eraikitzen dugu mundua aldatzeko.
 

 

 

Cristina Uriarteren dimisioa eskatu dugu Haurreskolen inguruan erakutsitako ardura politiko ezarengatik

0

LABeko Haurreskolak Partzuergoko kideek prentsaurrekoa egin dugu gaur Gasteizen, ordezkapenen zerrenden irekieraren aurreko euren irakurketa plazaratzeko. Hala, Haurreskola Partzuergoak duen funtzionatzeko eredu eskasa kontuan harturik, hurrengo eskaera zehatza egin dugu, Uriarteren dimisioa eskatzeaz gain: Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskola Partzuergoak dekretuz ezarritako neurriak mahai negoziatzailera eraman, alde sozialarekin negoziatu eta adostea.

Ekainaren erdialdean Haurreskolak Partzuergoko ordezkapenetarako zerrenden irekierak utzitako irudiekin asaldatu gara denok. Haurreskolak Partzuergoko utzikeriak eta aurrelanketarik ezak ondorio horiek utzi zituen. Afera honek ordea, lan eremu publikoaren esparruan eta hezkuntzan bereziki endemiko den arazo baten aurrean kokatu gaitu berriro ere: ordezkapenetarako zerrenden irekieraren beharra. Errealitate bat da urtero ehundaka haur hezkuntzako goi mailako teknikari eta irakasle ateratzen direla lan egiteko prestakuntza edukita, zergaitik ordea, daude zerrendak itxita?

Haurreskolak Partzuergoan bi aldagaiak batu ziren eta horra ondorioak. Alde batetik, sei urtez zerrenda itxita egotea eta bestetik, ordezkoen beharraren aurreikuspen eza.

LAB sindikatuan harriduraz hartu ditugu hezkuntza sailburua den Uriarte andrearen azalpenak ekainaren 23ko legebiltzarreko osoko bilkuran. ”Holako egoerak aurreikusteko eta kudeatzeko zailak izaten dira. Ezohiko egoera baten aurrean, ezohiko neurria hartu zuten partzuergoko arduradunek”.

Argitu nahi dugu LABetik ikasturte hasieratik zerrendak irekitzea eskatu dugula, baremazio epean zehar eta baremazio epetik kanpo… LABen aurreikusten genuelako holako egoera baten aurrean egon gintezkela. Aitzakiak aitzaki, giza baliabide eta baliabide ekonomikoen faltagatik ez zituztela zabalduko argi esan ziguten.

Era berean, Uriartek esan zuen LAB sindikatuak eskatu zuela "Zerrendak irekitzea eta izen emate hurrenkeren arabera, ordezkapenak eskaintzea".“Gehiengoa duen sindikatuak, LABek, eskatutakoa eta, Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritzak hartutako azken erabakiarekin bat egiten duela ”.

Uriarte Andreari esan nahi genioke 2011ko maiatzaren 26an onartu eta dekretuz ezarri zigutela ordezkoen araudia eta horren 3.artikuluan, zerrendak irekitzeko irizpideak zehazten dira. “Langile beharren arabera zerrendak ireki eta ixteko erabakia hartuko da. Langile beharrak dauden bitartean zerrenda irekita utz daiteke etengabe, eta eskabideak sarrera hurrenkeraren arabera onartuko dira.”

Dekretuz ezarrita dago araudi hau, alde sozialak ez du sinatu. Arduraz jokatu eta ez izkutatu zuen utzikeria. Horregatik, hain zuzen ere bat egiten dute eskatutakoak eta hartutako erabakiak, ez kasualitatez.

Baina non dago holako kargu publiko bati suposatzen zaion ardura eta erantzukizuna? Uriarte andreak egun horietan Eibarren egondako pertsonei barkamenak eskatu zizkien eragozpenengatik, baina momentu batean ere ez du ardura politikoz jokatu arazoa konpontzeko neurriak eskainiz.

Denbora luzean negoziatzeko saiakera desberdinak egin dira eta beste gaiekin gertatzen den bezala, ordezkoen araudia negoziatzeko dirua suposatzen duen ororekin topeak aurkitzen ditugu.

Etorkizunean horrelako irudiak ekiditearen beharra agerikoa da. Historikoki LABek oso argi esan du, ordezkapenetarako zerrendak etengabe irekita egon behar zirela.

Berebiziko garrantzia du hezkuntza esparruko eremu guztietan zerrenden irekieraren inguruko prozedura berdina adostea eta baremazioa era egokian arautzea.

Norabide honetan eta helburu hauei behar bezalako soluzioa bidean kokatzen ez diren proposamek edota prozedurek LABen aurkakotasuna topatuko dute aurrez aurre.

Agerikoa da Hezkuntza Sailak gure kolektiboarekiko daukan utzikeria. Ez du 0-3 zikloaren garrantzia onartu nahi.

Behar dugun aitortza aldarrikatzen jarraituko dugu, behar diren inbertsio ekonomikoak, materialak eta politikoak lortu arte.

Beraz, lehen aipatutako guztia eta Haurreskola Partzuergoak duen funtzionatzeko eredu eskasa kontuan harturik, LAB sindikatuak hurrengo eskaera zehatzak egin nahi ditu:

-Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskola Partzuergoak dekretuz ezarritako neurriak mahai negoziatzailera eraman, alde sozialarekin negoziatu eta adostea.

-Erakutsitako ardura politiko ezarengatik, Hezkuntza sailburua den Cristina Uriarteren dimisioa aurkeztea.
 

 

 

Lanuzteekin jarraitzen dute EAEko tele-arreta zerbitzuan

EAEko tele-arreta zerbitzuko zentroarteko batzordeek lanuzteekin jarraitzen dute. Gaur, 10:00etatik 20:00etara egingo dute lanuztea eta, bihar, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Kalitatezko zerbitzu eta lan-baldintzen alde abiatu dituzte mobilizazioak, eta, lan uzteekin batera, elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Telelaguntzako zerbitzua kudeatzen duen merkataritza enpresak, Tunstall Televida-GSR-IMQ Aldi Baterako Enpresa-elkarteak, eskaintzen duen zerbitzuaren kalitatea jaisten ari da, beti ere haren irabaziak handitzeko helburuarekin eta langileen kalterako. Hau dela eta, mobilizazioei ekiteko erabakia hartu zuten ekaina hasieran.
 

 

 

Langile baten kaleratzea salatu dugu Bizkaiko Zabor Birziklategian (BZB)

0

BZB, Bizkaiko edukiontzi horien birziklapena egiten duen lantegi bakarra da. BZB TRIENEKENS taldekoa da, Bizkaiko diputazioa ere tartean dago GIZAKER-en bitartez. Joan zen astelehenean, lantegiak mantenimenduko langile bat kaleratu zuen beste gauza batzuen artean bere lanean inbolukrazio falta aitzakia hartuta. Kaleratze honen aurka, Zubieta poligonoan BZB lantegiaren aurrean elkartu gara gaur eguerdian.

Argi daukagu kaleratze bidegabe hau enpresak aurretiaz hartuta zeukala, beste langile bat kontratatu baitzuten langileari kaleratzea jakinarazi aurretik.

Kezkagarria iruditzen zaigu lantegia hartzen ari den bidea lantegiko arduradun berriaren eskutik, langile guztiak bere jomugan jarriaz.

Kaleratutako langilearen beronarpena eskatzen dugu eta utz ditzatela alde batetara elkarrizketa eta negoziazioa alboratuz lantegia azken aldian hartzen ari den jarrera.
 

 

 

Bizkaibus, hiru urte baino gehiagoko “bake sozial faltsua”

0

2013ko urrian eta 2014ko azaroan itxi ziren Bizkaiko Foru Aldundiarekin akordioak. Hauen arabera, 2013ko urriaren 3an zeuden lanpostuetako bat bera ere ez amortizatzeko konpromisoa hartzen zuen Aldundiak. Hiru urte baino gehiago pasatu dira Aldundiarekin sinatutako azken akordioetatik eta LABetik ikusten dugu gidaritza lanarekin harremanik ez duten lanpostuak suntsitzen aritu direla. Egoera hau salatzeko mobilizazioa egin dugu Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio Sailaren aurrean.

Enpresa-batzorde ezberdinetan enplegu suntsiketa honen aurreko erantzun sindikal bateratua adosten saiatu gara, zoritxarrez posible izan ez dena, baina espero dugu azkenean lortzea, gai honek Bizkaibuseko langileontzat duen garrantzia kontuan izanda.

Behin hona iritsita, eta Bizkaibuseko enpresa ezberdinetako LABeko gainontzeko delegatuekin kontrastea egin ondoren, geratzen zaigun bakarra da publikoki salatzea iragarritako enplegu suntsiketa baten kronika, enpresek modu bikainean antolatua eta Aldundiak ahalbideratu duena intentzionalitate argi batekin.

Aldundiak 12 milioi euro bideratu zituen 2017ra arte (enpresa bakoitzaren emakidari gehiagarriak) lanpostuak amortizatzeko.

Isilpeko enplegu suntsiketarako emandako “diru-laguntza” hau orain amaituko da. Eta orain zer? Nola atera ahal diote enpresek diru gehiago Aldundiari? Nola jarraitu ahal dute are irabazi gehiago ateratzen pribatizatutako zerbitzu publiko batetik?

LABetik ulertzen dugu akordioak akordioak betearazi behar direla eta gidatzearekin lotuta ez dauden arloetan lanpostuen amortizazioa ez onartzeko, horrela zerbitzuaren kalitateari eutsiz. Horrela ez bada behera egingo du Bizkaibusen kalitateak eta linea eta autobusen segurtasunari eragin diezaioke.

Honakoak dira gidatzearekin lotutako hainbat esparrutan ikusten ari garen enplegu suntsiketa eta lanpostuen amortizazioa:

1- Tailerrak: Gero eta langile gutxiago dago ibigailuak konpontzeko, denok ditugu gogoak Bilbobusetan Veoliaren gurpilekin gertatutakoak. Lanpostuak amortizatzeaz gain, enpresek Bizkaibuseko tailerreko langileak erabiltzen dituzte kanpoko enpresa batzuen konponketetarako, Bizkaibuseko emakidarekin zerikusirik ez dutenak. Horrela, diru publiko hau euren irabazi partikularrerako erabiltzen dute eta ez zerbitzua hobetzeko.

2- Autobusen erregaia hartzea: zuzenean kontratatuta zeuden eta jubilatuz joan diren pertsonen lanpostuak azpikontratatu egin dituzte, horrela lanpostuak amortizatuz, lan-baldintzak prekarizatuz eta zerbitzuaren kalitateari eraginez.

3- Ikuskaritza: langileak erretiroa hartzen ari dira eta enpresek ez dute langilerik kontratatzen lanpostu hauetarako. Denbora gutxiago eskaintzen zaio zerbitzuen antolaketari, intzidentziei eta iruzurraren kontrolari, zerbitzuaren kalitateari eragiten diolarik.

Aldundiari honakoa eskatzen diogu:

– Sinatutako akordioak bete eta betearaztea.
– Bizkaibusen inbertitutako diru publikoa kontrolatzea eta hobeto zaintzea datozen 12 urteotan emakidak kudeatuko dituzten enpresen jarduera.
– Tailerretan, erregaia hartzean, ikuskaritzan etab. kendutako lanpostuak berreskuratzea.

Gaur hona etorri gara egoera salatzeko eta Aldundiari bilera eskatzeko, bertan aipatu arazoei ekiteko, Sail honek sinatu dituen akordioak betetzeari begira.

 

 

 

Nafarroako Ospitaletegiko larrialditan kronifikatu den prekarietatea salatu dugu

0

LAB sindikatuak salatzen du Ospitaletegiko larrialdi bateratuan ematen den egoera. Dagoeneko bi urte eta erdi baino gehiago igaro dira Barcinak eta Verak inauguratu zutenetik. Zabaldu zenean zeuden arazo askok bere horretan diraute tamalez. Langileek behin eta berriz salatu dute zerbitzuan ematen diren arazoak, baina Ospitaletegiko zuzendaritzak ez du jaramonik egiten eta ez du zerbitzuaren anabasa zuzentzeko erabakirik hartzen.

Horrela, arazo hauek bere horretan diraute:

• Sorospena egiteko guneak ezegokiak dira.
• Medikuaren zeregina bete dadin, ez dago behar besteko pertsonarik.
• 12 ordutako ordutegi ezarriak eta txanda lerrakorrak.
• Buruzagitzek ez dute ikuskatzen.
• Gaixoek itxaroteko behar besteko lekurik ez dago, eta hortaz, jendea pilatzen da.
• Lan-zama eskerga eta haren banaketa desorekatua.

Hau guztia erizaintzako burutzak erakutsi jarreraren ondorioz betikotzen ari da: hark ez baititu kontuan hartzen langileek hobetzeko helburuan egin eskaerak; ez direlako neurri zuzengarriak egituratzeko gauza; ez daukatelako lantaldeak kudeatzeko gutxiengo ezaugarriak eta gaikuntza; nahasten dutelako lidergoa, ezarri behar izatearekin.

Egoera honelakoa izaki, 140 profesionalek beren buruak behartuak sentitu zituzten, horretan zuzenean nahasirik zeuden erizaintzako burutzen lagatzea idatziz eskatzeko.

Ospitaletegiko zuzendaritzak, berehala, egoera zuzentzeko neurriei ekin behar die; jabetu behar du, aitzinako kudeatze erek, hain zuzen, eraman gaituztela egungo egoerara.

Adierazi dugun guztiarengatik, gure lanpostuen ate aurrean elkartzen gara, jendartean salatzeko langileok eta erabiltzaileok pairatzen ari garen egoera.
 

 

 

FCC-GMSMko LAB borrokan 5 kaleratuen berronartzearen eta hitzarmenaren alde

0


Atzo FCC-GMSMko LABek elkarretaratzea egin zuten enpresaren aurrean. Ia lau hilabete pasatu dira greba mugagabearen bertan behera gelditu zenetik, hitzarmen kolektiboko ez betetzeak ugaritu egin dira eta kaleratutako bost lankideak ez dira oraindik lanera bueltatu. Datorren asterako mobilizazio berriak iragarri dituzte.

Gogogoratu behar da, gobernu taldea eta enpresa akordio batera iritsi zirela maiatzaren 2an, kaleratutako langileak berriro lanera bueltatzeko eta beste zenbait gai konpontzeko. Gaur da eguna hauetatik bat bera ere ez dela gauzatu, batez ere enpresaren zuzendaritzak erakutsitako blokeo jarrerarengatik.

Gaur bi aste betetzen dira, teorikoki, FCC-GMSM eta gobernu taldea aurreakordio berri batera heldu zirenetik. Honen arabera, kaleratuak berronartu egin beharko lituzkete, baina enpresa-batzordetik ez dugu inolako albisterik jaso honen inguruan.

Horregatik ulertzen dugu, orain inoiz baino gehiago, gure eskubideak defendatzen jarraitu beharko dugula. Hori dela eta, datorren astean mobilizazio berriak deituko dira, astearte eta ostegunean, 13:30etik aurrera.
 

 

 

LABek eta ELAk ekarpen bateratua egin diogu Nafarroako Kontratu Publikoen Legeari

Klausula sozialak sartzeko proposamenak egin ditugu, besteak beste: "Klausula sozialak ez dira gomendioak izan behar baldintza-orriak prestatzeko, derrigorrez bete beharrekoak izan behar dira", nabarmendu dugu gaur egindako agerraldi bateratuan.

Hauxe da LAB eta ELAk egindako ekarpena:

Sarrera

Zerbitzu publikoak azpikontratatzearen ondorioz benetako administrazio paralelo bat sortu da Nafarroan, non milaka langile aritzen diren. Bestelako gogoetak alde batera utziz, azpikontratazio hori negoziogai izaten da sarritan enpresa pribatuendako, kasu gehiegitan langileen lan-baldintzen kontura.

Gure iritziz administrazio publikoa arduratu behar da ematen diren zerbitzuen kalitateaz, azpikontratatuenaz ere bai. Eta ez dago kalitatezko zerbitzurik, zerbitzu horiek lan-baldintza prekarioetan ematen badira. ELA eta LAB sindikatuontzat ukaezina da diru publikoaz ematen diren zerbitzuen azken erantzukizuna administrazioari dagokiola.

Orain arte jarraitu den prozeduraren arabera zerbitzuak kostu gutxieneko enpresei esleitu zaizkie, batzuetan zerbitzuaren kostutik behera ere esleitu dira, beheranzko enkante baten moduan. Ez dago erran beharrik horren eragina enpleguan eta lan-baldintzetan islatu dela.

Praktika horrekin batera administrazioek azken urteetan ezarri dituzten murrizketen eraginak ere baditugu. Enpresa batek ere ez ditu bere gain hartu murrizketen ondorioak, eragin txarrak langileei leporatu zaizkie beti. Baita ere negoziazio kolektiboaren estatalizazioa ondorio txarrak ekarri ditu azpikontraten langileekiko, Nafarroako hitzarmena erreferentzia bezala zeukan sektore batzuk hitzarmen estatalengatik ordezkatuak izan direlako.

Gorago azaldutakoa aintzat harturik, ELA eta LAB sindikatuon ustez laster batean Nafarroako Parlamentuan eginen den Kontratu Publikoen Legearen izapidetzea abagune aparta izanen da lege-baliabideak ezartzeko, eta enpleguaren kalitatea hobetzeko.

Nafarroako Gobernuak aurkezturiko lege-egitasmoaren balioespena

ELAren eta LABen iritziz, Nafarroako Gobernuak prest daukan lege-egitasmoa azkenean Parlamentura igortzen badu, aukera paregabea galduko da, azpikontratazioaren bidez ematen diren zerbitzu publikoen kalitatearekin benetako konpromisoa hartu dela erakusteko. Zeren zerbitzu publikoen kalitatea lan-baldintzen kalitatearen menpe dago.

Lege-egitasmoa Gobernuaren baitan onetsi baino lehen, sindikatu biok egin genituen ekarpenak ez dira aintzat hartu. Izan ere, ez da bermatuko subrogazioa kontrata guztietan, ez da txertatu nahitaez bete beharreko klausula sozialik —lehenik eta behin administrazioak behartzeko, eta gero enpresa esleipen-hartzaileak behartzeko—, enpleguaren gutxieneko estandar batzuk errespetatzera: lan-baldintzak, lan- eta segurtasun-neurriak, kontratazioan diskriminaziorik ez, partaidetza sindikala…

Zein nolako zerbitzu publikoak nahi ditugun eztabaidatu behar da, eta eztabaida hori Kontratu Publikoen Legea izapidetu bitartean egin behar delakoan gaude. Eta eztabaida horren inguruan bi eredu daude: eredu ekonomizista, gauza ororen gainetik prezioa lehenesten duena; eta gizarte-eredua, kostuaren gainetik zerbitzuaren kalitatea azpimarratzen duena, kalitate hori zentzu zabalean ulertuz.

Aldarrikatzen den aldaketa soziala ez bada langile nafarren baldintzak kontuan hartzeko, ELAn eta LABen ez dugu deus ulertu.

ELAren eta LABen proposamenak, Nafarroako Kontratu Publikoen Legean klausula sozialak sartzeko.

– Legean sartzen diren klausula sozialak nahitaez bete beharrekoak izatea: Klausula sozialak ez dira gomendioak izan behar baldintza-orriak prestatzeko, derrigorrez bete beharrekoak izan behar dira.

– Subrogazioa: Subrogazioa nahitaezkoa izan behar da kontratu-mota guztietan, berdin dela zerbitzu-emakidak diren edo asistentzia-kontratuak diren.

– Gutxieneko maila gisa kasuan kasuko jardueraren sektore-hitzarmena aplikatuko da: Eta sektore-hitzarmenen artetik hurbilenekoa hautatuko da (Nafarroakoa, estatu-hitzarmenen aitzinetik). Jardueraren arabera zehaztuko da zein den hitzarmen aplikagarria, oso argi ez dagoenean edo eraginpeko esparruari begiratuz hitzarmen bat baino gehiago dagoenean lan-baldintza hobeak dituena lehenetsiko da.

– Enpresa- edo lantoki-hitzarmena sektorekoa baino onuragarriagoa denean, hori aplikatuko da: Baldintza-orrietan hitzarmen hori aplikatzeko betebeharra dagoela jaso beharko da. Horrela, gutxieneko maila bat izanen da zerbitzu hori kudeatzeko asmoa duten enpresa guztiendako.

– Gutxieneko ordu kopuru eta plantilla bat ezartzea, prestazioa kalitatezkoa izan dadin: Kontratak dirauen artean gutxieneko ordu kopuru eta gutxieneko plantilla bat izan behar da, lan-kargen araberakoa. Orobat, laneratze-ezak ordeztuko direla bermatuko da.

– Puntuazio-irizpideetan prezioa ez izatea erabakigarria: Balio handiagoa ematea zerbitzuaren kalitatea hobetzeko proposamen teknikoei, enplegua mantentzeari edo handitzeari, lan-baldintzak hobetzeari… Zerbitzuaren preziotik beherako proposamenak baztertu eginen dira automatikoki. Era berean, eskaintza bat “jaitsiera ausartegia” dela jotzeko, jaitsiera-portzentajea nabarmen beheratu behar da.

– Lan-osasun eta segurtasunarekin loturiko arauak zorrozki betetzea: mekanismoak ezartzea, enpresetan lan-arriskuen prebentzioaren eginbeharrak benetan betetzen diren administrazioek begiratu ahal izan dezaten.

– Gardentasuna kontratazioan: kontratazioetan bitartekotza-mekanismo publikoak erabiltzea, diskriminaziorik egiten ez dela bermatzearren. Diskriminazio guztiak baztertu behar dira, afiliazio sindikalarekin loturikoak ere bai. Elbarritasunak dituzten pertsonak kontratatzeko legezko eginbeharrak betearaztea. Kontratazioak “kutunkeriaz” edo “adiskidekeriaz” egiterik ez izatea.

– Gizarte-baldintzak betetzen ez dituzten enpresei zigorrak ezartzea: Kasurik larrienetan kontratua bukatutzat joko da, eta enpresa horri eragotziko zaio Nafarroako administrazio publikoan epe batez lizitatu ahal izatea.

– Langileen eta haien ordezkarien partaidetza erraztea: Hala baldintza-orriak prestatzean, nola esleipen-prozesuetan. Era berean enpresek harturiko konpromisoak betetzen diren begiratzeko eta jarraitzeko prozedurak ezartzea. Sindikatuei erraztasunak emanen zaizkie aipaturiko jarraipen-prozeduran parte hartzeko, eta baita Kontratazio Publikoaren Batzan parte hartzeko ere, CENek parte hartzen duen bezala.
– Sindikatuei legitimazioa ematea, Nafarroako Kontratuen Administrazio Auzitegian parte hartzeko: behar diren arau-aldaketak eginen dira, langileen ordezkaritzari eta sindikatuei berariazko legitimazioa (aktiboa eta pasiboa) emateko, prozedurak hasteko eta prozeduretan agertzeko.

– Euskararen erabilera bermatzea: enpresa azpikontratatuek kontratua bete behar dute atal guztietan, herritarrek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea ere barne.

ELAren eta LABen urratsak

1. Bilera egiteko eskatuko diegu parlamentu-talde guztiei, legea izapidetzerakoan aipaturiko klausula sozialak azkenengo testuan sartzeko.

2. Gainerako sindikatuekin bilduko gara, administrazioek azpikontrataturiko enpresetan mobilizazio-dinamika bat bultzatzeko, eta langile azpikontratatuei lan-baldintza duinak bermatzen dizkieten klausula sozialak sartzea lortzeko.
 

 

 

Eskubide Sozialen Kartak bilera eskaera egin dio Jaurlaritzari, “egoera sozialaren larritasuna ikusirik”

Donostian egindako elkarretaratzea.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak abiatu zituen maiatzaren 29an, “Eskubide sozialen alde eta babes sozialerako sistema propio baten alde” leloarekin, diru sarreren bermerako eta inklusio sozialerako sistemak egun pairatzen dituen eta etorkizunean izango dituen murrizketak direla eta. Ordutik hona, pentsionistek, prestazioen jasotzaileek eta mugimendu feministak protestak egin dituzte. Gaur, berriz, euskal gehiengo sindikaleko kideak irten gara kalera, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzatan babes sozialerako sistema propio baten aldeko proposamen bat erregistratu dugu Gasteiz, Bilbo eta Donostian. Bertan, Kartaren izenean, Jaurlaritzari exijitu diogu gurekin batzartzeko hitzordua ikasturtea abiatu aurretik ezartzeko, "egoera sozialaren larritasuna ikusirik eta Lanbidek kudeatzen dituen prestazio sozialen inguruko erreforma abiatzeko Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuak proposamen bat mahai gainean duela jakinik".

Hauxe da euskal gehiengo sindikaleko ordezkariok, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren izenean, gaur erregistratu dugun idatzia:

Bermatutako Gutxieneko Diru Sarrera borroka eta mobilizazio sozialaren lorpena da. Azken urteetan, ordea, etengabea eta oso bortitza izan da babes sozialerako sistemak EAE-n jasandako erasoa:

• 2012. urteaz geroztik, aurrekontuetan %7ko murrizketa pairatu du
• Prestazio hauek eskuratzeko baldintzak asko gogortu dira
• SMI-aren %8ko igoera Lanbidek kudeatzen dituen jendarte laguntzetan ez aplikatzeko erabakia (beraz, ezta DS- BE-n ere)
• 2017ko maiatzaren 31ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enplegu eta Politika Sozialetako Departamenduak DSBE- ren erreforma egiteko proposaturiko 15 modifikazio eta 5 arau aldaketak

Emergentzia sozialeko egoera honetan, babes sozialaren kontrako inboluzio egoera salatu eta Babes Sozialerako Sistema publiko propioa aldarrikatu dugu mobilizazio sozialaren bidez. Apirilaren 1ean Bilboko kaleak hartu genituen, eta Artolazabal sailburuak Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruko proposamena publiko egin zuenetik, hainbat kolektibok mobiliza- zioak antolatu ditugu ekainean zehar Euskal Herriko eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin bat eginez.

Gasteizen, Legebiltzarraren aurrean egin dugu protesta.

Pentsionistek salatu bezala, DSBE-ak pentsiodun eta erretiratuoi zuzenean eragiten die. Zehazki, 15.706 pentsionistek euren pentsioa DSBE-arekin osatzen dute, DSBE-ren jasotzaileen %30ak alegia. Egibar jaunak, EAJ-ren bozeramaileak, DSBEaren igoera SMItik deslotzeko erabakia “lan egiteko estimulua ez kentzeko” dela esanez justifikatzen duen bitartean, pentsionistek ohartarazi zuten eurak lan mundutik kanpo daudela eta bizi baldintza duinak bermatzea zaila dela jasotzen duten miseriazko pentsioekin.

• Erabiltzaileek salatu zuten aipaturiko erreforma proposamenarekin jarraitu egingo dutela babes sozialerako sistema desegiten, sistemak gero eta pertsona gutxiago babesten dituelako (eta jasotzen diren prestazioak gero eta baxuagoak dire- lako). Herritarron multzo handi batek, handiegia den multzo batek, ongizate maila minimoa eskuratzeko errekurtso nahikoak ez ditu eta murrizketok kriminalizazio kanpaina bidez justifikatzen direla salatu zuten. Zehazki, 62.924 herritarrek jasotzen dute gaur egun DSBE. Murrizketa sozial hauek adosten zein aplikatzen dituzten alderdi eta instituzioek kolektibo ezberdinak estigmatizatuz, eskubide sozialekin amaitu nahi dutela argi salatu zuten.

• Gazteek salatu zuten DSBE-an Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak egindako proposamenak aplikatuko balira, euren bizitza modu aske zein autonomoan bizitzeko baldintzak kaxkartuko liratekeela. Etxebizitza bakoitzean DSBE bakarra jasot- zeko muga ezarriko balitz, gazteon emantzipazioan eragin negatiboa izango lukeela eta etxebizitzarako eskubidea kolokan jarriko lukeela. Era berean, prekarizazio zein pobretze egoera kronifikatzen ari den bitartean, gazteok etorkizun hobe baten bila kanpora migratu eta belaunaldi oso baten ezagutza zein talentua galtzeko arriskuan egon gaitezkeela ohartarazi zuten.

• Mugimendu feministak ohartarazi zuen testuinguru honetan emakumeok sektore kaltetuenetakoa dela: adibide bat jartzearren, emakumeok baikara kontratu partzialak dituztenen %30,8a. Hala, 35.701 emakume gara DSBE jasotzen dugu- nak, jasotzaileen %56,75a. Emakumeon prekarietate maila altua, langabezia, soldata-arraila (“brecha salarial” delakoa) eta feminizatutako lanbideen desbalorizazioa gutxi balitz, doan egiten dugun lana ezin ahaztu. Emakumeok gara sistema honek funtzionatzeko behar dituen zaintza lanak doan egiten ditugunak eta bizirauteko oinarrizko beharrei erantzuten diegunak. Horregatik, prestazio sozialetan egiten diren murrizketak gure bizkarrera botatzen diguten zama handia dira.

Bilboko mobilizazioa.

• Euskal gehiengo sindikalak gaur salatu dugu DSBE lan munduan bizi dugun errealitatetik deslotzen dela, DSBE-ren bidez jaso beharreko diru-kopurua SMI edo KPI-tik deslotuz eta aurrekontuei lotuz, alderdiek izan dezaketen borondatea- ren menpe kokatuz. Lan baldintzetan pairatzen ari garen prekarizazio bortitzak handitu egin du arrakala soziala, eta langile pobreen kolektiboa gero eta zabalagoa da. Zehazki, 12.321 langilek jasotzen dute DSBE, jasotzaileen %20ak.

Norbere sektore zein errealitatetik egindako irakurketek, errealitate gordinaren osotasuna erakusten digute. Pobrezia ez da krisiaren ondorio naturala! Lan baldintzen kaxkartzeak eta zerbitzu publikoen eraispenak politika neoliberalen logika zein helburuei erantzuten die.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak ekinbide politiko, ekonomiko eta instituzionalaren lehentasunak aldatu behar direla aldarrikatzen dugu, pertsonak zein euren interesak merkatu interesen gainetik lehenetsiz eta lanerako eskubidea kapitalaren interesen gainetik lehenetsiz. Edozein aktibitate ekonomikoren azken xedea ezin da pobretze orokorra izan, gutxi batzuk aberasten diren bitartean. Posible eta beharrezkoa da langabezia, prekarietatea, pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotzen dituen politikak aldatzea. Egoera errotik aldatu behar da eta badugu alternatiba: Babes Sozialerako sistema publiko propioa, duina eta kalitatezkoa.

Beraz, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi guztiei honako eskaerak bideratzen dizkiegu, bakoitzak duen ahalmenetik errealitate izan daitezen:

1. Ezberdintasun sozialak areagotzen dituzten murrizketa oro bertan behera uztea.
2. Langabezia eta pobreziaren hazkundeari erantzuteko, prestazio sozialak areagotzea.
3. Beatriz Artolazabalek DSBE erreformatzeko egindako proposamenak bertan behera utz ditzala eta pobreziaren mugaren azpitik inor bizi ez dadin, prestazio sozialak arautzen dituen legea aldatzea.
4. Horretarako, herritarron, eragile sozial eta sindikatuon parte hartze demokratikoa ahalbideratzea, politika ororen diseinu, erabaki hartze eta kontrolean.

Egoera sozialaren larritasuna ikusirik eta Lanbidek kudeatzen dituen prestazio sozialen inguruko erreforma abiatzeko Enple- gu eta Gizarte Politiketako Sailburuak proposamen bat mahai gaineratu duela jakinik, erantzuna edota gurekin batzartzeko hitzordua ikasturtea abiatu aurretik jakinaraztea exigitzen dugu.