2026-02-23
Blog Page 665

Eusko Jaurlaritzaren eta arraste arrantzaleen patronalaren eta enpresen jokabidea salatu dugu Bermeon

Martxoaren 21a, Xenofobia eta Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da. Bada, egun horren bezperan, lan-saio bat antolatu dugu Bermeon, arratsaldean. Hiru atal izan ditu ekimenak. Lehen atalean, langile migranteen erronka berriak izan ditugu hizketagai, sindikatuak gaiaren inguruan duen planteamenduaren berri emanez. Bigarren atalean, Herrien Epaitegia egin dugu. Saio honetan, migrazioa eta arrantza sektorea izan ditugu aztergai. Azkenik, hirugarren zatian, elkarretaratze bat egin dugu, maiatzaren 5eko Herrien Besarkadaren mobilizazio egunera deituz. 


Herrien Epaitegian, Eusko Jaurlaritza eta arraste arrantzaleen patronala eta arrastre arrantzaleen sektoreko enpresak salatu ditugu, sektoreko langileen eskubideak urratzeagatik. Salaketa Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak aurkeztu du. 

Ondoren, bi lekukok beraien testigantzak aurkeztu dituzte. Bai salatzaileak, zein lekukoek, Herrien Epaitegiko hiru epaileen galderak erantzun dituzte, eta, azkenean, hauek, sententzia irakurri dute. Epaileak Ainhize Muniozguren LAB sindikatuko Idazkaritza Juridikoko Idazkaria, Iratxe Urizar Giza Eskubide eta nazioarteko zuzenbidean aditua eta Monica Vargas Campaña Globaleko kideak izan dira.

 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren aldeko mobilizazioak indartuko ditugula jakinarazi dugu Bilbon, CEBEK patronalaren aurrean

LAB sindikatua altxatu egin da Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren negoziazio mahaitik, patronalaren blokeoa dela eta. Hala, hurrengo asteetan egingo ditugun mobilizazioetatik lehena gaur egin dugu Bilbon, CEBEK-en aurrean. Bertan izan da Garbiñe Aranburu idazkari nagusia, eta nabarmendu du gure ekintza sindikala borroka honen zerbitzura jarriko dugula estatalizazioari aurre egiteko, lan hitzarmenaren defentsan. Era berean, borrokarako deia egin die gainontzeko sindikatuei, Bizkaiko bigarren hitzarmenik handiena baitago jokoan.

2013tik lan hitzarmena berritu gabe dago Bizkaiko bulego eta langeetan. Hortaz, estatalizazioaren mehatxupean dago, baita eremu batean estatalizaziopean ere. Izan ere, bulego, langela eta kontsultoriek osatzen dute arloa, eta kontsultorien eremuan jada estatalizazioa gauzatu dute. Era berean, kontratazio berriei hitzarmen estatalaren baldintzak ezarri dizkiete dagoeneko.

Langileen lan baldintzak errespetatu dira orain arte, baina kontratuari lotuta, ez lan hitzarmen baten babesean. Hortaz, ezinbestekoa da lan hitzarmenaren alde borrokatzea, are eta garrantzitsuagoa honako hau Bizkaiko bigarren hitzarmenik handiena denean, 23.000 langileei eragiten diena.

Langileak borrokan daude 2013. urteaz geroztik. Batasun sindikala izan zen hasieran, ELAk apurtu zuen arte. Bere kasara, inongo lanketa eta kontrasterik gabe, greba mugagabera deitu zuen, handik hiru astera deialdia bertan behera uzteko.

Garbiñe Aranburuk azaldutakoaren arabera, “irtenbideak ezin du izan hitzarmen epel bat, ezta patronalaren neurrira egindako hitzarmen bat ere, CCOO eta UGT sindikatuek planteatu bezala. Konponbideak ere ezin du izan, ELAk egin bezala, greba mugagabe batera deitzea gehiengo sindikala izan gabe, jakinda horrek ez duela gatazka konponduko. ELAk gatazka hau instrumentalizatu nahi izan du bere interes korporatiboen mesedetan, beste gatazka batzuetan egin ohi duen moduan, bere burua sindikatu borrokalari gisa irudikatzeko. ELArentzat, aliatu bat baino, LAB lehiakide bat dela ematen du; eta ELAk ongi baino hobeto daki, guk dakigun bezala, patronalaren aurkako borroka erreal eta eraginkor bat pizteko LAB behar duela”.

Honela gauzak, Garbiñe Aranburuk azpimarratu du ez dagoela hitzarmenik mobilizaziorik eta batasun sindikalik gabe. Hortaz, LABek proposatutako borrokarako egutegiarekin bat egin dezaten eskatu die sindikatuei.

Hain justu, gaurko mobilizazioaren ondoren, langileen aktibazioa eta atxikimendua lortzeko sinadura bilketa bat abiatuko dugu eta martxoaren 28an hiru orduko lanuzteak egingo ditugu, besteak beste. “Gure helburua gainontzeko sindikatuek bat egitea da, hitzarmen duin bat defendatu nahi dugulako”, erantsi du LABeko idazkari nagusiak.

 

 

 

Bizkaiko Batzar Nagusietan onartu da Txartel Bakarraren Aldeko Foroak Bizkairako txartel bakarraren eskuduntza, legezkotasuna, bideragarritasuna eta kostua aztertzeko txostena egiteko proposamena

0
Txartel Bakarraren aldeko Foroak pozik agertu da arauz besteko proposamena aurkeztu eta babesteko eskatu die Bizkairako Txartel Bakarraren eskuduntza, legezkotasuna, bideragarritasuna eta kostua aztertzeko txostena egiteko bere proposamena gaur, asteazkena, martxoaren 20a, Batzar Nagusietan eztabaidatu delako eta ordezkatuta dauden talde politiko guztiek aho batez onartu dutelako.

Txosten horretan gutxienez parametro hauek aztertu beharko lirateke:

• Garraio-aldaketak doan garraio-modu guztietan.
• Tarifa-integrazioa. Tarifa berberak garraio-operatzaile guztientzat.
• Progresibo izatea. Zenbat eta gehiago erabili hainbat eta merkeago ibili.
• Txartelaren prezioa pertsona/familia-errentara egokitzea.
• Bizkaiko garraiobide publiko guztietan erabiltzea.
• Oraingo garraio publikoko sareari, osotasunean, eusten edo hobetzen oinarritzea.

Txosten tekniko horrek aukera emango liguke denoi txartel bakarra ezartzeak zer kostu ekarriko lukeen jakiteko informazio guztia izateko. Era berean, herritarrekin eta mugimendu sozial eta sindikalekin garden jokatuko litzateke eta, gainera, txartel bakarra martxan jartzeko erabakiak hartzean lehentasunak non dauden jakiteko funtsezko tresna ere izango lukete erakundeek.

TXARTEL BAKARRAren aldeko Foroaren iritziz, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da. Horregatik, espero du proposamen hau onartzeak eta txostena 2019a amaitu baino lehen aurkezteak aukera emango duela urrats sendoak egiteko Txartel Bakarra ezar dadin. Bizkairako garraio publikoko sistema bateratu eta kalitatezkoa lortzeko elkarlanean jarduteko prest dagoela ere azpimarratzen du, behin betiko irabazteko lehia ibilgailu pribatuari.
 

 

 

DIA supermerkatuetako langileek Madrilera eraman dituzte euren aldarrikapenak

0

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileak Madrilen izan dira gaur, enpresaren akziodunen eta zuzendaritzaren batzarra dela eta. Ez dituzte langileak jaso, baina, hala ere, langileek euren aldarrikapenak eta ezinegona helarazi diete. Hain justu, Casa American mobilizatu dira.
 

 

 

2007tik sinatzen ez zen Nafarroako Ikastoletako Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu dugu NIErekin

0

LAB sindikatuak Nafarroako ikastoletan daukan gehiengoa baliatuta (%95), Nafarroako Ikastolen Elkartearekin Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu du. Akordio horrek 700 langile ingururi eraginen dio.

Lan Hitzarmena 2010etik luzatuta zegoen. Urte hauetan guztietan zehar murrizketak, salaketa, mobilizazioak, lan erreforma… gertatu dira. Negoziazio korapilatsuetan hiru urte pasata, akordiorako funtsezko edukiak zeudela baloratuta, eta afiliatu eta delegatuen erabateko babesa jaso ondoren, LABek NIErekin zortzi hilabeteren buruan Lan Hitzarmen berria idazteko akordioa sinatu duen sindikatu bakarra izan da.

Akordio honek ahalbidetuko du martxoko nominan Nafarroako Itunpekoaren markoan, besteak beste, LABek sinatutako akordioari esker, Nafarroako Ikastoletako langile guztiek urtarriletik %2,25eko soldata igoera jasotzea (Nafarroako Gobernuak ordaintzen duen zatian) eta dagozkien atzerapen guztiak. Honela, langileen artean sortutako soldata diferentziak bukatuko dira. Sindikatuak aprobetxatu nahi du 2018ko igoera aplikatzeko Tantirumairu, Labiaga, Baztan, Iñigo Aritza, Andra Mari, Arangoiti, Ibaialde, Lizarra, Erentzun eta Garces de los Fayos ikastolek langileen alde izandako jarrera eskertzeko.

LAB eta NIEk sinatutako akordioa 2019rako da, baina 2020ra luza daiteke hurrengo hilabeteetan Nafarroako Gobernuarekin itunpekoaren markoan bi sinatzaileek akordioa lortuko balute eta luzatzea egokia baderitzote. Akordioak hainbat eguneraketa eta aipatutako soldata igoeraz gain, hobekuntza ugari jaso du: PPren lan erreformari aurre egiteko neurriak, jazarpen morala eta sexualerako prebentzio protokoloa, irakasle itundu eta ez itunduen arteko lan baldintza berdintasuna, ikasturte baterako kontratatzen den irakasleak urtebeteko kontratua izanen du, bi lan kategoria berriak, baimenetan hobekuntzak, erakundeen aurrean interpelazio lerro komuna eta langile soberakin eta beharren kudeaketarako prozesu gardenago eta parte-hartzaileagoa.

Honela, LABek ikastoletako langileekin hartutako konpromisoa bete du. 2017an ikastola guztietan langile batzarrak egin ostean, langileen %81ek erabaki zuen soldata taula berria, beste hobekuntza batzuk jasoko zituen Lan Hitzarmenarekin batera sinatuko zela, eta hola egin du.

Balizko murrizketa baten aurrean, NIEk LABek proposatutako formuletako bat egoera langileen ordezkariekin adosteko onartu ondoren, negoziazioa desblokeatu da eta akordioa posiblea izan da. LABek balioan jarri du urte ilunetako arrakala gainditzeko bi aldeek erakutsitako borondate irmoa eta denon onerako izanen den akordioa lortzeko jarrera irekia eta ausardia. Akordioaren balioa bikoitza da: aurtengo eta agian hurrengo urterako Lan Hitzarmen berria egonen da, baina batez ere adostasunik gabeko urte gatazkatsu eta gogorrak atzean uztea dakar.
Hau guztia posiblea izan da lan baldintzen defentsan urtetan garatutako borrokari esker. Sindikatuak eskertu nahi du urte hauetan ia-ia 50 delegatuek egindako lan itzela. Ezinbestekoa izan da LABen afiliatuek eta hauteskunde sindikaletan ehunka langilek botoen bidez emandako konfiantza eta ekimen desberdinetan jasotako babes izugarria. LAB langileen lan baldintzen defentsarako lantresna kolektiboa dela beste behin erakutsiz.

Aurrerantzean erronka handiak daude, bai Lan Hitzarmen berriaren idazketa eta aplikazioari begira, zein Nafarroako Gobernuaren esku dagoen hainbat atalaren interpelazio eta borrokak bideratzeari begira. LAB, orain arte bezala, lehen lerroan egonen da, borrokan ikastoletako langileen bidelaguna izanik, ikasgelan zein kalean.

 

 

 

Ituna sinatu dute Huerta de Peraltako Zuzendaritzak eta Enpresa Batzordeak, nekazaritza sektorekoa hobetzen duena

0

Iragan martxoaren 13an Azkoiengo (Nafarroa) Huerta de Peralta enpresako ordezkariek, batetik, eta langileen ordezkariek, bertzetik, enpresa ituna sinatu zuten, nekazaritza sektoreko hitzarmenak ezartzen dituen baldintzak hobetzen dituena. Sinatu baino lehen, Huerta de Peraltako langileek batzarretan eman zioten oniritzia akordioari. Enpresa Batzordearen gehiengoak negoziatu eta sinatu du enpresa ituna -LAB sindikatuaren 6 ordezkariek-; CCOOko bi delegatuek eta UGTko delegatuak ez dute halakorik egin.

Gogoratzekoa denez, enpresa itun bat negoziatzea eta sinatzea zen Huerta de Peraltako greba mugagabea bukatzeko akordioaren hiru baldintzetako bat; bertze bi baldintzak ziren kaleraturiko langileak berriz hartzea eta langileek eskatua zuten zorra kitatzea. Greba hura 2018ko abenduaren 26tik 2019ko urtarrilaren 22ra iragan zen.

LAB sindikatuaren iritzian, enpresa itun hau sinatzeak bukaera ematen dio 2017ko irailean hasi zen trantsizio etapa bati. Ordu hartan, LABek irabazi zituen enpresako lehenbiziko hauteskunde sindikalak, langileek borroka kolektiboaren bideari ekin zioten eta, sindikatuaren laguntzaz, gauzak aldatzen eta hobetzen joan ziren: norbanakoen paktuak bukatu eta paktu kolektiboak egiten hasi ziren, kontratu mugagabeak egin zituzten, kategoriak aldatu zituzten, lan egutegia adostu zen, baita aparteko orduei buruzko akordio bat ere… Azken batean, legeak ezartzen zuen lan hitzarmena aplikatzen hasi ziren.

Langile borrokalarienek aurrera eman zuten greba mugagabea izan zen trantsizio etapa haren zenita; greba traumatikoa izan zen guztiondako, baina hala ere alde guztiendako onuragarria izan zen akordio batekin bukatu zen. Enpresa ituna sinatzeak, beraz, trantsizio etapa hura ixten du eta hasiera ematen dio etapa berri eta itxaropentsu bati. Etapa berri horretan etorkizunera begira jarriko da LAB sindikatua eta langile guztien alde lan egiten segituko du.

Hona hemen Huerta de Peraltako enpresa itunaren ezaugarri nabarmen batzuk:

• 2019 urtean, Huerta de Peraltako langileen ordainsariak izanen dira Nafarroako Nekazaritza Sektorearen Hitzarmen Kolektiboak ezartzen dituenak. 2020 urtean, berriz, hitzarmen horrek ezartzen duen igoera aplikatuko da eta %1 ere gehituko zaio (baldin eta bi igoeren batuketak ez badu %3 gainditzen). Hurrengo urteetan, eta itun berria sinatzen ez den bitartean, enpresak ziurtatuko du soldatak, gutxienez, Nafarroako KPIren arabera igoko dituela.

• Akordio berria lortu da aparteko orduen inguruan, Enpresa Batzordean dauden sindikatu guztiek lehenago sinatu zutena hobetzen duena.

• Sektoreko hitzarmenak ezartzen dituen opor egunak baino 2 egun gehiago izanen dituzte Huerta de Peraltan.

• Lehen mailako senideen heriotza dela-eta ematen diren baimen ordainduek 2 egun gehiago izanen dituzte eta, beraz, sektoreko hitzarmenekoak baino hobeak izanen dira.

• Landa eremuko langile guztiek lanaldi etengabea izanen dute urte osoan, eta ez sektoreko hitzarmenak markatzen dituen lau hilabeteetan bakarrik. Gainerako langileek orain arte zutenari eutsiko diote.

• Malgutasun poltsa 30 ordukoa izanen da bakarrik, lan erreformak ahalbidetzen dituen 175 orduetatik oso urruti, eta poltsa hori erabili ahal izanen da enpresan dauden nazionalitate ezberdinen jaiegunetan.

• Enpresa ezin izanen da aldebakartasunez itun honek edo sektoreko hitzarmenak ezartzen dituzten baldintzetatik atera. Era berean, bermatzen da Huerta de Peraltan sektoreko hitzarmenaren baldintzak ezarriko direla baldin eta enpresako itunean jasotzen direnak okerragoak badira.

• Kontratazio sistema berria ezarriko da. Sistema horren bidez lan poltsa nominatiboa sortuko da, kronologikoki ordenatuta, eta lan poltsa horren arabera eginen dira aldi baterako kontratazioak.

• Enpresak %100ean osatuko du langileen soldata lan egiteko ezintasuna ospitaleratzea ekarri duen gaixotasun arrunt batek sortu badu eta egoera horretan dagoen bitartean.

• Lan arriskuen ebaluazioa berriz aztertuko da eta lanpostu guztietan erabiltzen diren garbiketa protokoloen eta produktu fitosanitarioen zerrenda zehatza eginen da. Arrisku psikosozialak ere aztertuko dira.

• Aldian-aldian Enpresa Batzordearekin bilerak eginen ditu enpresak sor daitezkeen gatazka guztiak konpontzen saiatzeko.

• Nafarroako ezein hizkuntza ofizial ikasteko edo hobetzeko Huerta de Peraltako langileek hartzen dituzten ikastaroen matrikularen erdia ordainduko du enpresak, baldin eta matrikulaturiko eskolen %80ra joaten badira.

Lortu den enpresa itun honen harira, LABek ez du salatu gabe utzi nahi CCOO eta UGT sindikatuek itunaren inguruan izan duten utzikeria eta jarrera tamalgarria. Horren erakusgarri, aipatzekoa da Enpresa Batzordearen baitan lau bilera egin dituztela itunaz mintzatzeko. CCOO eta UGTko ordezkariak lau bileretara joan ziren, bai, baina ez zuten ekarpen bakar bat ere egin. Areago, aurreakordioa lortu zelarik, eta nahiz eta CCOOk eta UGTk aurreakordioa aztertzeko tarte bat izan zuten, ez zuten adierazi zergatik zeuden akordioaren kontra. LABek ez du jarrera hori ulertzen ahal, itun honek sektoreko hitzarmena hobetzen baitu eta orain arte liskarrak sortzen zituzten hainbat kontu arautzen baititu, hala nola, oporrak, aparteko orduak, kontratazioa, malgutasuna edo langileen eta enpresaren arteko eztabaidak.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu Huerta de Peraltako gatazka honek argi utzi duela zein den LAB sindikatuak ordezkaritza duen enpresa guztietan bultzatzen duen filosofia: ANTOLAKUNTZA, BORROKA, NEGOZIAZIOA eta AKORDIOAK.

 

 

 

Homeserveko langileek lanuzteei ekin diete, lan baldintza eta lanabes duinak exijitzeko

0

Bilboko plantillak egun osoko greba egin du gaur, eta martxoaren 25ean eta apirilaren 1ean hiru orduko lanuzteak egingo dituzte, 10:00etatik 13:00ak bitartean.

Homeserve etxean gerta daitezken intzidentziak bideratzera aritzen den enpresa da, bere buruari sektorearen lidergoa egozten diona, eta banketxe eta aseguru-etxe handienak bezero gisa ditu. Homeserve, milioiak lortzen ditu bere langilegoaren osasunaren kontura.

Lan baldintza jasanezinak eta lanabes prekarioak urtebetez pairatzen daramate, batik bat, ezinezko izaten da telefonoz hitz egiterakoan entzutea eta entzunaraztea, oinarrizko funtzioa horixe bera denean. Hala, Konpainiak lau haizetara bezeroei zabaldutako zerbitzuaren bikaintasun eta kalitatea eskaintzetik oso urrun dago enpresa.

Bilboko langileek, enpresaren pasibotasun eta erantzukizun faltaren aurrean, gainontzeko bideak agortuta, bezeroaren arretarako plataformanlanuzteak hasi dituzte. Horrela, horren gogorrak izan diren hilabete hauen ostean, lan baldintza eta lanabes duinak exijitu nahi dituzte.

Bilboko Homeserveko langileek ez dute euren osasuna salgai. Konponbidea nahi dute.
 

 

 

Eibar eta Ermua artean ibili dira protestan DIA supermerkatuetako langileak

0

Azken egunetan egiten ari diren mobilizazioen harira, eta astelehenean abiatutako greba mugagabea dela eta, Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako lagileek martxa bat egin dute gaur, Eibarko dendatik abiatuta, Ermuako dendaraino. 2.100 kaleratze iragarri ditu enpresak Espainia mailan, horietatik 71 Bizkaia eta Gipuzkoan, eta LAB eta ELA sindikatuok borrokarako deia egin dugu, enpleguaren eta lan baldintza duinen defentsan. CCOO eta UGT sindikatuek ez duten borrokarekin bat egin. Ulergaitza den erabaki bat dela salatu dugu sindikatuok, lanpostu ugari jokoan dauden neurrian.
 

 

 

Gasteizera eraman dugu “Egin klik: erlijiOFF” dinamika

0

LAB sindikatuak Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abian du abenduaz geroztik, "Egin klik: erlijiOFF" leloarekin. Azken urtean gure oinarri ideologikoak berritzeko lanetan murgilduta ibili gara, eta norabide horretan kokatzen dugu dinamika. Oinarri ideologiko horien lanketa estrategikoan, besteak beste, LABek Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditu, eta irizpide horien baitan hezkuntzaren izaera laikoa agertzen zaigu. Horrela, gure oinarri ideologikoen planteamenduan sakontzera gatoz dinamika berri honen bitartez. Momentuz, sinadura bilketa bat abian dugu, eta mobilizazioak egiten ari gara hilabetean behin. Gasteizen egin dugu gaur elkarretaratzea, eta bertan egokitu dugu ere sinadurak biltzeko mahaia.