2026-05-05
Blog Page 542

Bershkak atzera bota ditu Bizkaian langileen ordutegiak eta kontziliaziorako eskubidea urratzen zituzten txanda egonkorrak

Deseskalada aurrea joan ahala Covid-19a kutsatzeko arriskua kontrolpean mantentzeko Bershkak hartutako neurrietako bat txanda egonkorrena izan da: euren artean inoiz kointzidituko ez zuten pertsonaz osatutako bi talde, goizean eta arratsaldean txandakatuz. Neurri hau oso muturrekoa zen, txanda hauek norbere ordutegiak ez errespetatzea zekarren, tartean, zaintzarako lanaldi murrizketa duten langileen zehaztutako ordutegia urratzea.

0 fasean, neurria fase horretarako soilik zela esan zuten. 1. fasean, bi aste gehiagoko kontua izango zela… eta 2. fasea hastean eta dendak irekitzean, txanda hauek bukaera data gabe mantentzea erabaki zuten. Gainera, kontziliazio arazoak leuntzeko, erraztasunak eman nahi zizkiguten txandak kendu gabe, eta ondorioa, une batzuetan lanerako jende gutxiegi egotea izan da, horrek dakarren estresarekin.

Norberaren zein dendetako ordutegiekin izugarrizko arazoak ekarri zituen erabaki honek. Sektore feminizatua da gurea, langileon zati handi batek lanaldi murrizketak ditugu, eskolak itxita dauden artean zaintzarako zailtasunak ditugu ia denok… Langile nahikotxok %100eko lanaldi murrizketara jo behar izan du eta beste askok semealabak guraso adinduekin edo etxean bakarrik utzi, lana eta bizitza uztartzeko ezintasuna agerian utziz.

Erabaki hau estatu mailan hartu zuen Inditex enpresa-taldeak, eta langileen ordezkaritza ez gaituzte aintzat hartu. Estatu mailan ere iskanbila piztu da, are gehiago UGT eta CCOOek Inditexekin txandak mantentzeko akordioa hitzartu dutenean eta hainbat lurraldetan mobilizazioak aurreikusten dira, CIGek Galizan deitutakoak esaterako. Hemen ez da gutxiagorako izan. Bizkaiko Bershkako enpresa-batzordea (LAB 4, CCOO 3 eta ELA 2) lehen unetik hasi ginen enpresarekin honen harira bilerak egiten. Txandak ordezkatzeko proposamen desberdinak egin ditugu, ordutegiak moldatzeko hamaika saiakera, baina enpresa ez da momentu batean ere txandok kentzeko prest egon.

Alarma egoerak ez ditu lan eskubideak ezabatzen. Lan-ordutegia gure eskubidea da eta enpresak ezin du gure adostasunik gabe aldatu. Are gehiago, lanorduen hain aldaketa handia lan baldintzen funtsezko aldaketa baten bidez garatu beharko litzateke, gurekin negoziatuta, ez enpresaren aldebakarreko erabakiz. Bershka, langileoi testak egiteko prest egon ez denez, ezin du inola ere bermatu txanda egonkor horiek osatzen ditugun langileok osasuntsu gaudela, ezta behin mugikortasuna erlaxatzen hasita, nondik nora mugitzen garen ere ez. Beraz, neurri honek dakartzan kalteak prebentzio neurri gisa duen eraginkortasuna baino askoz handiagoak dira. Beraz, mobilizazioetara jotzea beste biderik ez genuen ikusten eta halaxe jakinarazi genion enpresari, baita lan baldintzen funtsezko aldaketa dela eta gatazka kolektiboa aurkezteko aukera aztertu ere.

Astetako borroka eta lanari esker, gaur harro esan dezakegu atzo, maiatzaren 27an, enpresak jakinarazi zigula Bershkak txanda egonkorrak bertan behera uztea eta dendaz denda gure une honetako beharrizanak aintzat hartuko dituzten ordutegiak adostea onartu duela.
Xumea dirudien garaipen honek ondorio handiak edukiko ditugu Bershkako langileon lan eta bizi baldintzetan, eta beste behin ere, borroka eta lan irankorra direla bidea erakusten du.

Euskal Herritik elkartasuna Italiako USB sindikatuak gaurko deituriko borroka egunaren harira

Euskal Herriko klase sindikatua den heinean, LAB sindikatuak, gaur maiatzaren 29an, osasun sistema publiko baten alde deituriko borroka egun nazionalaren harira, Italiako langile klaseari eta bereziki Unione Sindacale di Base sindikari bere elkartasuna helarazten dio.

Italiako gobernuak onartutako “hobekuntza dekretuak”, pandemia egoera honetan Italiako osasungintza arloan politika neoliberalak aplikatzen jarraitu egin dela agerian utzi du.

Koronabirusaren pandemiak pribatizazio prozesuen ondorio lazgarriak eta urte hauetan guztietan herrialde askotan osasungintza publikoa nola suntsitu duten agerian utzi du. Baina, aldi berean, testuinguru honetan langile klasean eta klase herritarretan osasungintza publikoaren beharraren aldeko kontzientzia bat piztu du, eta gero eta sektore zabalagoak enplegua, egonkortasun laborala, soldata duinak, ohe eskaintza handiagoa… bermatuko dituen osasungintza publiko bat behar beharrezkoa dela uste du.

Gaur Italian deituriko borroka egun nazionala murrizketen eta langileen eskubideen kontrako erasoen aurka mundu guztian borrokan dihardugun langile guztien borroka da. Garai zail hauetan politika neoliberal hauen aurka langileak antolatuko dituen Unione Sindacale di Base bezalako klase sindikatu indartsuak behar ditugu. Soilik ongi antolaturiko langile klaseak lortuko ditu bere helburuak eta soilik borrokaren bitartez lortuko dugu gure helburuetan aurrera egitea.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik mobilizazioak deitu ditugu ekainaren 19rako

Konfinamendu eta pandemiaren aurkako aste hauetan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak aktibo jarraitu du, batez ere ‘Gizarte Aldaketa bultzatzeko dekalogoarekin’ edo ‘Ez dugu ahaztuko’ kanpainarekin. Ezin da errepikatu aurreko krisien ondoren gertatutakoa, eta konfinamenduaren gogorrena igaro ondoren, kalea berreskuratuko dugu.

“Luzeak egin zaizkigu egunak. Ikusezina den zerbaitek gure egunerokotasuna goitik behera zeharkatu du eta normalitatea hautsi. Dagoeneko gauzak aldatu dira eta ez gara lehengora bueltatuko. Berdin zaigu, ordea, guk ez dugulako nahi aurreko normalitatea, guk aurrera egin nahi dugulako.

Atzean utzi nahi dugu osasun krisi bati erantzuteko gai ez den jendarte antolaketa. Pertsonak, komunitateak eta planeta babestea lehenetsi behar da, ez merkatua, etekin ekonomikoa eta jabetza pribatua. Langile eta herri sektoreen interesak erdigunean jartzeko unea da. Lehenik bizitza!”

Horrela hasten da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileok ekainaren 19rako deitu ditugun mobilizazioak babesteko osatutako Manifestua, Euskal Herriko dozenaka lagunek sinatuko dutena. Hala, “Etxean geratu naiz. Ekainaren 19an kalera aterako gara” goiburupean iragarriko ditugu mobilizazioak, #E19KaleraAtera traolarekin lagunduta.

Tubos Reunidosek zazpigarren ABEEE ezarri du 2009tik hona enpresa-batzordearen adostasunik gabe

Tubos Reunidos Industrialeko zuzendaritzak zazpigarren ABEEE inposatzen digu enpresako langileoi, eta hori apirilean arrazoi produktiboengatik planteatutakoa kontutan izan gabe, enpresak bertan behera utzi zuena. LABen atal sindikalak eta alde sozialak hainbat proposamen egin dituzte ABEEE hauen ondorioak murrizteko eta enpresak tresna honen gehiegizko erabilera kontrolatzeko. Hala ere, zuzendaritzak, beste behin ere, ez du borondaterik izan langileentzat langabeziak dituen ondorioak murrizteko akordioren bat lortzeko eta ez du konpromisorik hartu nahi izan inolako enpleguaren bermeren inguruan.

LABen atal sindikalaren iritziz, enpresaren zuzendaritzak uneoro gutxietsi du alde soziala eta berriro ere erakutsi du ABEEE hauen helburua gure hitzarmenak ahalbidetzen ez dion malgutasuna ezartzea dela.

Egoera hau larritu egiten da iraungita dagoen hitzarmen kolektiboaren negoziazioan jasaten ari garen hiru urte eta erdiko blokeoa kontutan izanda, honek dakarren erosahalmenaren galera, lan-baldintzen okertzea edo errelebo kontratua ezartzeari emandako ezezkoarekin. Bien bitartean, goi-mailako zuzendaritzak bikoiztu egin du soldata azken bi urteotan.

Azken lau urteotan hiru lehendakari ezberdin izan dira kontseiluan. Eta neurri bakarrak kaleratzeak eta taldeko enpresa bat ixtea izan dira, langileei begirako erabaki eraginkorrik hartu gabe.

Enpresaren bideragarritasun plan baten faltak, lantegi ezberdinetako inbertsio falta eta neurrien inprobisazioarekin batera, epe laburrean TRIko langileontzat ziurgabetasunez betetako etorkizuna aurreikustera garamatza.

Segurtasun planik adostu gabe bueltatuko gara geletara Nafarroan

Nafarroan ikasgeletara itzultzeko egun gutxi falta direnean, LABek kezka agertu du Segurtasun eta Osasun Batzordean dauden delegatu sindikalekin adosturiko segurtasun-planik ez dugulako, Laneko Arriskuen Legean zehazten den bezala. Horrez gain, ikastetxeetako zuzendaritzen bizkar gainean utzi dutelako kasu bakoitzean zer egin erabakitzeko ardura.

Hezkuntza Departamentuak Nafarroan irakaskuntza presentziala emateko baimena eman du ekainaren 1etik aurrera, Batxilergoko 2. mailako ikasleak, euren borondatez, ikasgeletara joan daitezen unibertsitaterako sarrera froga prestatzera. 48/2020 Foru Aginduak hizkuntza-eskola ofizialetako eta Zubiarte Euskaltegiko azterketak presentzialak izatea ere ahalbidetzen du.

Foru agindu horren arabera, ikastetxeetako zuzendaritzek erabakiko dute zein langile itzuliko diren ikastetxeetara eta haiek arduratuko dira osasun-babes neurri guztiak hartzeaz.

Gelak irekitzeko egun gutxi falta direnean, oraindik langileekin adostutako prebentzio eta segurtasun planik ez dagoela salatu nahi du LABek. Badakigu Ministerioko prebentzio eta higiene neurri sanitarioak bidali zaizkiela zentroei. Neurri horiek, ordea, orokorrak dira eta ez dute zehazten egoera zehatzetan zer egin, esate baterako klaustro deialdia baldin badago. Horrekin batera, Foru Agindu honek zuzendaritza-taldeen gain jarritako erantzukizuna salatu nahi dugu, haiek osasun-teknikari kualifikatuak ez baitira. Gainera oinarrizko neurri batzuk ez dira hartuko, adibidez testak eta tenperatura neurketak egitea eta hori guztia arinkeriaz jokatzea dela deritzogu.

Halaber, nabarmendu beharra dago Foru Agindu honetan ez direla irakasle ez diren langileei buruzko neurriak aipatu ere egiten, ez langile horiek berriz laneratzeari buruz, ez haien funtzioei buruz ez eta horiek gauzatzeko behar diren prebentzio-neurriei buruz ere. Badakigu kasuren batean zaintzaileak lanean ari direla, materialak garbitzen, baina irakasleekin koordinaziorik izan gabe. Hori dela eta, LABek azpimarratu nahi du ikastetxeetara dei egiten zaien langileak langileek, irakasleak zein irakasle ez direnak direnek, beren lanpostuekin zerikusia duten lanak egin behar dituztela, eta ez beste zeregin batzuk, hala nola garbiketa edota desinfekzio lanak. Ikastetxeetara langileak ez dagozkien eginkizunak betetzera bidaltzea salatzen dugu, ez baitago hori arautzen duen foru-agindurik ez eta bidezko neurririk ere.

Nazioarteko 100 sindikalistaren atxikimendua jaso du “Covid-19a giza eskubideen afera bat da kartzeletan” manifestuak

Pasa den astean egin zen publiko “Covid-19a giza eskubideen afera bat da kartzeletan” manifestua, Piedad Cordoba, Adolfo Pérez Esquivel, Brian Currin, Nora Cortiñas eta beste hamarnaka adituren eskutik. Idatzi honetan zehazten zen preso zaurgarrienen askatze humanitarioak bizitzak salbatuko dituela eta etorkizunean bakea eraikitzen lagunduko duela. Bada, aipatu manifestuak nazioarteko100 sindikalistaren atxikimendua jaso du (Ikus zerrenda).

“Badugu aukera” kanpaina abian jarri dugu, berreraikuntza baino, langileen neurrirako eredu aldaketa aldarrikatzeko

Pandemiaren aurreko normaltasun heteropatriarkal eta kapitalistara bueltatzearen aldeko diskurtsoa zabaltzen ari den honetan, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Ekintza Sozialeko kide Edurne Larrañagak bizitza erdigunean izango duen normaltasun berri bat eraikitzeko aukera eta beharra aldarrikatu dute. Hala, “Badugu aukera. Vamos hacia el cambio” leloarekin, kanpaina bat abian jarri dugula jakinarazi dute, trantsizio ekosozialista eta feminista ardatz, helburu hauek lortzeko: lan guztiak aitortzeko eta lan, pentsio eta bizi duinak bermatzeko; zerbitzu publikoak indartzeko; garapen eredu jasangarri bat ahalbidetzeko; zerga politika berri bat ezartzeko, aberastasunaren banaketa bidezkoago bat bermatzeko; eta burujabetza lortzeko.

“Ez dugu indarrean dagoen sistema berreraiki nahi. Sistema hau errotik aldatu nahi dugu, eredu berri bat eraiki nahi dugu”. Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, “Badugu aukera” kanpaina aurkezteko agerraldian esandakoak.

Hain zuzen ere, LABek kanpaina bat abian jarri du, berreraikuntza baino, langileen neurrirako eredu aldaketa bat aldarrikatzeko. “Irekitzen den garai berri hau zaila izango da langileontzat. Gogorra, baina, kanpainaren leloari jarraituz, aukeraz beteriko garaiak datozela uste dugu. Izan ere, pandemia honek ageriago utzi du egungo sistema kapitalista, heteropatriarkal eta ekozida jasangaitza dela”, azaldu du Garbiñe Aranburuk.

LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, “alternatiba sistema hau errotik aldatzea da. Sistema hau sostengatzen jarraitu nahi duten alderdi sistemikoek, EAJ buru, eta patronalak hitzetik hortzera darabilte berreraikuntza ekonomiko eta sozialaren beharra. Horretarako kolaboraziorako deia egiten digute, kolaborazio horretarako joko zelaia jartzen digute eta guk badakigu arbitroa erosia dutela; beraz, langileok baldintza horietan ezin dugula partidarik irabazi. Eta guk oso argi esaten dugu: ez diogu eztabaidari beldurrik, baditugu proposamenak langileon bizi baldintzak hobetzeko, baina gurekin ez kontatu sistema berreraikitzeko, gurekin ez kontatu egungo sistemari eustea helburu duten eztabaida markoetan aritzeko”.

Bost ardatz
Langileak babestu behar dira eta ez kapitala. Gakoa etorkizuna eraikitzeko bideari ematen diogun norabidean dago. Bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baterako trantsizioari ekin behar zaio, trantsizio ekosozialista eta feministari. Horretarako, 5 ardatz nagusi ditu LABen proposamenak:

1. Lan guztiak aitortu eta lan, pentsio eta bizi duinak bermatu:

-Urtarrileko Greba Orokorraren ondotik interpelazio bikoitza egin genuen, instituzioei eta patronalari prekarizazioari aurre egiteko neurri zehatzak eskatuz. LABentzat aldarrikapen horiek indarrean jarraitzen dute.

-Enplegu suntsiketarik ez. ABEEE-etako soldatak osagarritu %100era eta enplegu bermea. 

-Behin behinekotasuna oso altua da, kontratu gehienak iruzurrezkoak dira. Langile horiek, gazteak eta emakumeak nagusiki, erabili eta bota egiten diren langileak bilakatu dira. Lan munduan ematen den bereizketa honekin amaitu behar da.

-Oinarrizkoak diren zerbitzuetako langileen lan baldintzak duindu behar dira. Gehienak emakumeak dira, zerbitzu hauetako hainbat pribatizatuak eta merkantilizatuak izan dira. 1.200 eurotik beherako soldatak dituzte askok eta askok edota lanaldi partzial inposatuak dituzte.

2. Zerbitzu publikoak indartu: 

-Zerbitzu publikoak garatzeko publifikazio plan bat behar da, eraldaketa sakon bat behar da, oinarrian hiritarren arreta jarri eta ikuspegi merkantilista alboratuko duen eredua behar dugu.

-Zerbitzu publikoak indartzeko inbertsio handiagoa egin behar da, eta eredu berri baten bidean ezinbestekoa izango da langile publikoen lan baldintzak hobetzea, langileak egonkortzea, ratioak jaistea eta langile publikoen kontratazioak areagotzea. 

-Zaintza sistema publikoa eraikitzeko garaia da. 

3. Garapen eredu jasangarria: 

-Aberastasunaren kontzentrazio eta pilaketa helburu duen produkzio eta kontsumo eredua aldatu egin behar dira. Bizitza sostengatzeko beharrezkoa den horretara eta natura suntsituko ez duen eredura bideratu behar da ekonomia. Herri batean sortzen den aberastasuna neurtzeko ekoizten denaren balio soziala zein ingurugiroan duen eragina kontuan hartu behar dira, baita lan produktibo eta erreproduktiboa ere, sistema honek emakumeokiko duen zor patriarkala kitatuz.

4. Zerga politika berria, aberastasunaren banaketa bidezkoago bat bermatzeko:

-Ezin da lan eta bizitza duinik lortu aberastasuna banatzen ez bada. Zerga politikak sakoneko aldaketa bat eskatzen du. Zentzu honetan, proposamena bidali dieguforu erakundeei.

5. Burujabetza:

-Pandemia honek erakutsi digu zein garrantzitsua den Estatu bat izatea. Horregatik jarraitzen dugu erabateko burujabetza eta Estatu propio bat aldarrikatzen.

Kapitala beharrean, langileria babesteko neurriak eskatu dizkiogu Nafarroako Gobernuari

0

Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilera egin da, eta LABeko Imanol Karrerak bileran parte hartu du. Langileen interesak defendatuko dituzten neurriak eskatu ditu bertan. Bileraren amaieran, Karrerak nabarmendu du gaur egungo sistema kapitalista gainditzeko aukera dugula, “gure bizitzak erdigunean jarriko dituen beste sistema baterantz urratsak emanez. Horretarako antolatzea eta lantokietan zein kalean mobilizatzea da gure indarra”.

Enplegua, lan-baldintza duinak, lan osasuna eta eskubide sozialak defendatzea aldarrikatu du Karrerak bileran, baita erdigunean pertsonak eta arlo publikoa izango dituen eredu berri bateranzko trantsizioa ere. Bidezko fiskalitatea ere eskatu du.

LABeko ordezkariaren hitzetan, “Nafarroako Gobernua da orain hitzetatik ekintzetara igaro behar duena. Ezin da esan inor atzean utziko ez denik beti aurrera doazenen aldeko neurriak hartzen badituzu, orain arte gobernuak egin duen bezala”.

Ez dugu babestu diru publikoarekin ordaindutako itunpeko ikastetxeetako langileak kaleratzeko akordiorik

LABek ez du sinatu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, itunpeko ikastetxeen sareetako langileen birkokatzea ezinezkoa denean, legezko kalte ordaina bere gain hartzerik. Hezkuntza Sailak, urtarrilean eta otsailean, itunpeko ikastetxeen sareekin eta sindikatuekin bi akordio ezberdin sinatu zituen.

Hezkuntza Sailak, jaitsiera demografikoaren aurrean, langileen birkokapena eta errelebu-kontratuaren finantziazioa laguntzeko akordio bana sinatu zituen patronal eta sindikatu ezberdinekin. LABek, hilabeteetako negoziazioen ondoren, ikastolen patronalekin eta Hezkuntza Sailarekin otsailean sinatu genuen akordioan, “birkokatzea ezinezkoa denean legezko kalte ordaina administrazioak bere gain ez hartzea” ezinbesteko baldintzatzat jarri zuen. Akordio horren baitan, hainbat langileri errelebo-kontratuen bidez erretiroa aurreratzeko bidea ireki zitzaien.

Gizarte ekimeneko patronalek, ELA, CCOO, STEILAS eta UGT sindikatuek eta Hezkuntza Sailak sinaturiko akordioak argi dio langileen birkokapena ezinezkoa den kasuetan (sinatzaileek kudeatuko duten jarraipen batzorde batek ikuskatuta) langileen kaleratzeen kalte-ordaina diru publikoz finantzatuko dela. LABentzat onartezina da hau, gure ikuskeran, langileak birkokatzea helburu duen akordio batek, ezin dituelako kaleratzeak aurreikusi, eta are gutxiago diru publikoarekin finantzatu.

Enplegua mantentzeko, itunpeko ikastetxeen sareetan langileen birkokapen prozesuak ezinbestekoak direla defendatu ditu LABek. Hala, ikastoletako patronalekin 2018-2019 ikasturtean sinaturiko lan hitzarmenean jasotzen zen ikastoletan kaleratzeak ekiditeko birkokapen prozedura, soberakin eta beharrak identifikatu eta zehaztuz gauzatzen dena.

Gizarte ekimenean bide beretik joan gara, eta LABek salatu egin zuen greba bukatzeko akordioak ez zuela jasotzen lanpostuak mantentzeko eta langileak birkokatzeko prozedura zehatza ezta konpromisoa ere, lan-poltsa bat osatzeko akordioa sinatu zuten soilik. Gaur gaurkoz, lan-poltsa oraingoz ez da sortu.

Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk ez dute inolako borondaterik langileak birkokatzeko. Are gutxiago langile bat kaleratzea dohainik aterako zaienean Eusko Jaurlaritza eta sindikatu sinatzaileei esker. Gaur egunera arte bezalaxe, diru publikoarekin nahi dituzten langileak kontratatzen jarraitu nahi dute eta gustuko ez dituztenak diru publikoa baliatuta kaleratu; diru publikoarekin eduki behar den berdintasun printzipioa urratuz.

Orain dela 3 urte, gizarte ekimeneko sindikatu guztiek “Zentroak krisian” akordioa salatu genuen, kaleratzeak diru publikoarekin finantzatzen zituelako. Orain aldiz, kaleratzeak diru-publikoarekin finantzatzea sinatu dute beste sindikatuek.