2025-12-05
HomeEkintza SindikalaNilsa enpresa publikoko langileek enpresa barneko soldata diskriminazioa salatu dute

Nilsa enpresa publikoko langileek enpresa barneko soldata diskriminazioa salatu dute

Ur eta hondakin azpiegiturak eraiki eta tratatzen dituen Nilsa enpresa publikoko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, aspalditik enpresan dagoen soldata eta lan diskriminazio egoera larriagatik protesta egiteko. Profil tekniko eta esperientzia handiko profesional horiei Nilsan sartu zirenetik blokeatu egin diete soldata-progresioa, bai aldi baterako kontratuen bidez, bai praktiketako kontratuen bidez, bai mugagabe bihurtu ondoren.

Nilsako Enpresa Batzordeak (LABeko hiru delegatuk eta UGTko bik) eta Nilsako langile talde handi batek Nilsaren egoitzaren ondoan salatu dute aipaturiko praktika horrek diskriminazio argia eta iraunkorra dakarrela gainontzeko langileekiko ordainsarietan, nahiz eta balio berdineko funtzioak bete. Egoera hau urgentziaz zuzendu ezean, langileek ohartarazi dute Nilsako plantilla osatzen duten pertsona guztien eskubideak defendatzeko beharrezko ekintza kolektiboak gauzatzen jarraituko dutela.

2021eko maiatzetik, enpresak unilateralki ezarri zuen soldata-eskalen sistema bat, sarbide-kontratu mota eta antzinatasuna zigortzen dituena, eta, horrela, balio bereko lanagatik soldata berdintasunaren printzipioa urratzen duena, zeina jasota dagoen Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan, Langileen Estatutuaren 17. artikuluan eta Nafarroako Bulego eta Langelen Hitzarmenaren 5. artikuluan. Soldata-eskala hauek langileen ordezkariekin negoziatu eta adostu gabe eta Administrazio Kontseiluaren onespenik gabe ezarri ziren, enpresa barnean soldata-eskala bikoitza edo hirukoitza sortuz, edozein ikuspegi legal, etiko edo sozialetik justifikatu ezin daitekeena.

Enpresak unilateralki sortutako bere soldata-taulak egiteaz gainera, ez ditu bete, antzinatasunari lotutako igoera progresiboak langileei jakinarazi dituen arren. Praktikan ez ditu aplikatu, ezta eskatutako urteak bete dituztenei ere. Enpresa Batzordeak eta egoera honetan dauden langileek askotan eskatu diote enpresari egoera honen zergatia eta azalpena emateko eta batez ere, beren egoera erregularizatzearen beharra, baina enpresaren partetik jaso dituzten gauza bakarrak aitzakiak eta bete gabeko hitzemateak izan dira. Langile-politika honek, praktikan, bi langile-mota sortzen ditu enpresa publiko beraren barruan, eta soldata-arrakala oso handia sortzen du, legez kanpokoa ez ezik, erabat ez-morala dena baita ere.

Ordainsarien eta gardentasunik ezaren politika hori sektore publikoko lan-baldintzak prekarizatzeko eta pribatizatzeko estrategia baten ondorio da. Nafarrroako Gobernuaren estrategia hau, Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren (NEKP) bidez aplikatutakoa, Nilsaren kooperazioarekin erakunde publikoei eskatu behar zaizkien oinarrizko balio guztien aurka egiten du: osotasuna, objektibotasuna, zintzotasuna, berdintasuna eta gardentasuna.

Ez da kasu bakarra, Nafarroako Gobernuak enpresa publikoetan zein sektore publikoan oro har ezarri nahi duen estrategia koordinatu bat baizik. Horren erakusgarri dira sektore publikoan zein beste enpresa publiko batzuetan egiten ari diren mobilizazioak. Hartara, Nilsako langileek beren elkartasun osoa helarazi nahi diete guztiei, eta bereziki Intiako langileei. Gainera, beste enpresa publikoei dei egiten diete beren egoera publikoki salatzeko urratsa egin dezaten.

Beraz, Nilsako Enpresa Batzordeak irmotasunez salatzen du diskriminazio hau, eta honako hau eskatzen du:

  • – Diskriminazio egoera honetan dauden langile guztientzako berehalako soldata-parekatzea, lan-harremana hasi zenetik duten benetako antzinatasuna aitortuz eta sartzeko kontratu motaren araberako bereizketa oro ezabatuz.
  • – Nilsaren soldata-politikak premiaz berrikustea, eta sozietate publiko honetan berdintasun- eta gardentasun-printzipioa betetzen dela bermatzea.
  • – Nafarroako Gobernuak eta NEKP-ek benetako konpromisoa hartzea beren enpresa publikoetan desberdintasun hauek modu eraginkorrean desagerrarazteko, indarrean dagoen legeriak eta balio demokratikoek eskatzen duten bezala.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...