2025-12-05
HomeEkintza SindikalaNafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu desorekatuagoan banatzen da, lurralde barneko ezberdintasunak areagotuz. Horixe egiaztatu du Ikusmiran 22, Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzen inguruko azterketak.

Txostena Ipar Hegoa Fundazioak egin du Nafarroako Egunaren testuinguruan eta herrialdearen egoeraren inguruko eztabaidaren harira, eta gaur aurkeztu dute Iruñean fundazioko kide Gorka Vidalek eta LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak. Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) propio bat ezinbestekotzat jo dute, bizitza duinerako baldintzak eskuratzeko.

Errealitatearen ahalik eta argazki osatuena egitea izan da lan horren ahalegina, herri gisa dugun ikusmira galdu gabe. Zein den benetako egoera objektiboki zehaztu du LAB sindikatuak, baina ez balorazio hutsean gelditzeko, baizik eta bere ekinbide soziosindikala eraginkortzeko, beti ere langileen alde.

Azterketaren zertzelada nagusiak: 2022ko eta 2024ko txostenen joerak berresten dira.

BAT. Nafarroako biztanleen erdiak prekarietate ekonomikoko egoera batean bizi dela esan daiteke, horrek daukan larritasun guztiarekin.

25 eta 64 urte arteko biztanleen %48k bizitza duina mantentzeko diru sarrera nahikorik gabe bizi da, enplegua edukita ere. Suntsitu den enpleguaren lan baldintzak ez dira lehengoratzen ari eta sortzen ari den enpleguak baldintza gero eta ezegonkor zein prekarioagoak ditu. Pentsionisten %38 ere egungo Lanbidearteko Gutxieneko Soldatatik beherako pentsio jasotzen du, muga hori duintasunez bizitzeko gutxienaren oso azpitik badago ere. Bi datu hauek bakarrik, modu argian irudikatzen dute prekarietatearen hedapenaren sakona.

BI. Prekarietatearen hedapen horrek herritarren gehiengoarengan du inpaktua. Are gehiago, desberdintasun sozial eta ekonomikoak handitzen ari dira. Nafarroan, desberdintasun sozialak neurtzen dituzten indize guztiak azken urteetako balio altuenetan daude.

Nafarroako biztanleen %17,9 pobrezia arriskuan dago. 115,728 nafarrez ari gara. Politika publikoek ez dute lortu joera hau gelditzea eta iraultzea. Kontrara, pobrezia arriskua eta desberdintasun soziala hazten ari dira.

HIRU. Etxebizitza eskubidea, eskubide izatetik gero eta urrunago. Izan ere, lan baldintzen kaskartze prozesuarekin eta ezegonkortasun egoerarekin batera, etxebizitza da langileon prekarietatean eragin handiena duen aldagaia, herritar guztion eskubidea beharko lukeena, gutxi batzuen mozkin bilakatuta.

Nafarroan, egun, CENeko enpresariak dira Gobernuaren politika publikoen agenda markatzen dutenak, arlo publikoari uko egiten dioten berdinak. Aurten Gobernuak CEN, UGT eta CCOO eragileekin sinatutako Enplegu Plana horren adibide argia da. Enpresariek ezarri dituzte beraien lehentasunak. Eta, egin beharreko bidearen nondik norakoak enpresariek zehazten dituztenean, Gobernuak modu alderdikoian eta korporatiboan eragile batzuen alde egiten duenean, gehiengo sozialak galtzen du. Hori da hain zuzen ere, gertatzen ari dena.

Asteartean langile bat hil zen Belateko tunelak bikoizteko obretan, 25 langile hil dira dagoeneko Nafarroan lanean. Hauek guztiak prekarietatearen biktimak dira, iaz baino 8 heriotza gehiago. Hala ere, enpresen prebentzio-arauak ez betetzearen egoera orokortu eta objektibo batean, enpresariek Gobernua arrastatu dute eztabaida absentismoan zentratzeko, haiek direnean 25 langile beraien lanpostuetatik betiko alde egitearen erantzule zuzenak.

Fiskalitateari dagokionez, enpresariek ez dute nahikoa ordaintzen. Pribilegiatuak dira. Hala ere, eskuinak eta patronalak erakargarritasun fiskalik eza argudiatzen dute. Baina ez da egia, erakargarritasuna egon badago, industriako eta lan-merkatuko langileak inoiz baino gehiago direlako. Baina batzuk aberastasuna handitzen ari dira langileen bizkarretik. Kontua da ezin zaiela enpresariei horrela aberasten utzi, patronalak enpresak aberastasun handiagoa egiteko errazagoa zaion tokietara eramaten baititu. LABek, ekintza sindikalaren eta borrokaren bidez, aberastasun hori langileen bizi-baldintzak hobetzeko erabiltzen du, eta Gobernuak, zergen bidez, aberastasun hori banatu behar du modu justu batean. Nafarroan, industrian batez ere, Enplegu Erregularizazioan dauden nafarren kopuruak gora egin du eta izan diren itxierak, patronala aberastasuna handitzeko helburua izan du atzean.

Hala ere, gobernua beste behin ere, gehiengo sindikalari bizkarra eman dio enpresariei begira jartzeko. «Gehien behar dutenen poltsikoan geratzen den euro bakoitza aukera-berdintasunaren aldeko apustua da». Esaldi hau ez da batere ona: guztiok egin behar ditugu ekarpenak, eta berdintasuna lortzeko ekarpenen progresibitatea indartzea da aukerarik onena, Nafarroako zerbitzu publikoak guztion ekarpenen bitartez eraikitzen dira eta horiek ezinbestekoak dira aukera berdintasuna bermatzeko. 2010 urtetik aurrera Sozietateen gaineko Zergaren bitartez BPG-arekiko biltzen den dirua Europar Batasunaren batez bestekoaren oso azpitik dago.

Beraz, ondorioak argiak dira eta talka egiten dute Nafarroako Gobernuak marrazten duen herrialdearen inguruko egoeraren analisiarekin. Bakoitzak nahi dituen erreferentziekin konparatzen du bere burua. Nafarroako Gobernuak beti Espainiari begira jartzen du Nafarroa, bizi-kalitate handiena duen autonomia-erkidegoa esanez. Errealitatea gainetik pasatzen zaio: bi nafarretik bat prekarietate egoeran bizi da eta enpleguaren oinarriak gero eta ezegonkorragoak dira. Hazkunde ekonomikoa milaka nafar atzen uzten ari da atzean.

Batez besteko soldatak igo arren, sortzen den aberastasuna gero eta modu desorekatuagoan banatzen da, lan eta kapital arteko arrakala handituz. Soldata arrakalak egiturazko arazoa izaten jarraitzen dute. Batez besteko soldataren igoerak ez du arrakalen amaiera ekarri, ezta arrakalen txikitzea ere. Soldata altuenek goranzko joera nabarmenari heltzen dioten bitartean, gazteen eta emakumeen soldata ez da proportzio berean igotzen. Sexu-genero arrakalak soldata guztiak zeharkatzen baditu ere, adinaren, jatorriaren edota kontratu motaren araberako soldata arrakalak egiturazkoak dira. Sistemikoak diren zapalkuntzak betikotzeko joera dago.

Nafarroako Gobernuak, urduri, CEN, UGT eta CCOO eragileek hala aginduta eta beraien interesak soilik zainduz, bizkarra eman dio Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioaren aldarrikapenari. Ezezkoen aurrean, iniziatiba eta borroka sindikalarekin erantzungo du LABek, mobilizazio dinamika indartuz eta langile guztiak barnebilduko dituen erantzun orokorrak bultzatuz. Nafar langileen aldeko politika publikoak eta aldaketak eraginez. Herrialdearen barneko oreka hausten eta desberdintasuna areagotzen ari den tendentziari amaiera eragiteko asmoz. Nafarroako langileok hemen lan egiteko, hemen lan baldintzak erabakitzeko, hemen bizitza duina izateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Enplegu Zentro Berezietako langileek enpresek eta administrazioek aniztasun funtzionala duten langileekin egiten duten negozioa salatu dute Jaurlaritzaren aurrean

ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek mobilizazioa egin dute Bilbon. Administrazio publikoa interpelatu dute, eta sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko exijitu dute. Pasa...