2026-03-25
HomeEkintza SindikalaNafarroako Gurutze Gorriko langileek aurrerapausoak eskatzen dituzte 449 egun hitzarmenik gabe igaro...

Nafarroako Gurutze Gorriko langileek aurrerapausoak eskatzen dituzte 449 egun hitzarmenik gabe igaro ondoren

Nafarroako Gurutze Gorriko Batzordeak (LAB, CCOO, UGT) salatu du 449 egun igaro direla hitzarmen berririk sinatu gabe, aurrekoa 2024ko abenduaren 31n iraungi zenetik. Ordutik, negoziazio-prozesuak aurrerapen esanguratsurik izan ez dituela diote Batzordetik.

Sindikatuetako ordezkarien arabera, 2025eko hasieran negoziazio-mahaia osatu zenetik sindikatuek elkarrizketarako borondatea erakutsi dute, bilerak arintzeko beharra azpimarratuz. Hala ere, enpresak hileko bilera-dinamika bat mantendu duela kritikatu dute “argi eta garbi nahikoa ez dena”, eta horrek benetako aurrerapenak eragotzi dituela diote.

Negoziazio hauen testuinguruan, eta Nafarroako Gizarte Ekintza eta Esku-hartzearen Sektoreko II. Hitzarmen Kolektiboa sinatu ondoren, erakundeak hitzarmen sektorial horri osorik atxikitzeko proposamena egin die langileei. Adierazi dutenez, trantsizio hori Azken Xedapenetako Lehenengoan ezarritakoaren arabera egingo litzateke, soldata-masan oinarrituz.

Gaur egun, Nafarroako Gurutze Gorriko hitzarmen propioak sektoreko hitzarmena baino oinarrizko soldata handiagoa jasotzen du. Hala ere, azken horrek hainbat osagarri biltzen ditu, hala nola antzinatasuna edo KPIaren araberako igoerak, jasota ez daudenak orain arte indarrean egon den hitzarmenan.

Enpresak aurkeztutako proposamenak oinarrizko soldata murriztea ekarriko luke. Murrizketa hori konpentsatuko litzateke osagarri berri horiek sartuz eta “ad personam” osagarri bat sortuz erosahalmenaren galera saihesteko. Hala ere, plantillaren arabera neurri horrek “ez luke ekarriko benetako hobekuntzarik, orain arteko zenbateko bera jasotzen jarraituko baikenuke”.

“Argi daukagu, ez ditugu galdu nahi orain arte izan ditugun eskubideak”, adierazi dute Gurutze Gorriko langileek, eta azpimarratu dute negoziatzen jarraitu nahi dutela “ezein langileren eskubideak murriztu gabe”.

Alde horretatik, negoziazio-mahaian jarrera eraikitzaileago bat izatera deitu dute enpresa: “eseri, hitz egin eta langile guztien baldintzen hobekuntza bermatuko duen enpresa-itun baterantz aurrera egiteko prest egon dadila eskatzen dugu”. Era berean, 2025etik aurrerako atzeraeginak aplikatzeko beharra planteatu dute, eros-ahalmenaren edozein galera saihestuz.

“Ez dugu eskatzen gurea ez den ezer, ezta enpresa honek eman ezin dezakeen ezer ere”, amaitu dute, eta aldarrikapen garbi bat luzatu dute: “Hitzarmen duina nahi dugu eta nahi dugu orain”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan istripuek ez dute etenik Euskal Herrian

Atzo ilunabarrean, Legutioko Olatek enpresan (Egoin taldekoa), zamatze lanetan ari zen 41 urteko garraiolaria istripu traumatiko baten ondorioz hil zen. Honekin, aurten jada 14...

UGT, CCOO eta patronala aliatu Nafarroarentzako gutxieneko soldata baten aurka

LABek eta ELAk martxoaren 17ko grebaren ostean asteazken honetan egitekoa zen beste bilera bat deitu zuten, baina UGTk, CCOOk eta CENek berriz ere uko...

LABek Tubos Reunidosen EEEa gauzatu izana salatu du, eta enpleguaren eta industria-etorkizunaren aldeko konpromisoa berretsi du

LABek publikoki salatu nahi du Tubos Reunidos enpresak EEEa gauzatzeko hartu duen erabakia. Erabaki horrek, beste behin ere, berretsi egiten du enpleguaren suntsiketan, altzairugintzaren...