2026-02-01
HomeEkintza SindikalaMutualitateekin hitzarmenik ez sinatzeko eskatu diogu EAEko Osasun Sailari

Mutualitateekin hitzarmenik ez sinatzeko eskatu diogu EAEko Osasun Sailari

Uztailaren 31an, CEOE, CCOO eta UGTk mutualitateei kontingentzia arrunten kontrolerako ahalmen gehiago ematea adostu zuten. Orain Jaurlaritzaren eta Nafar Gobernuaren esku dago osasun sistemaren pribatizazioan urrats berri bat izango litzatekeen akordio horren garapena eragoztea eta mutualitateekin hitzarmenik ez sinatzea.

Ez da edozein momentutan datorren akordioa. Batetik, patronalak absentismoaren gaineko diskurtso faltsu eta manipulatuarekin, eskubide murrizketa berriei atea ireki nahi die, eta mutualitateak ditu horretarako bidelagun. Bestetik, EAEn, Osasungintzaren inguruko eztabaida irekita dago.

Mutualitateen esku-hartzea baztertu eta osasungintza publikoa lehenesteko beharra azpimarratu nahi du LABek. Jauzi honek suposatzen duen Osasunaren pribatizazioak, enpresen etekinak bermatzea du helburu, inoiz ez langileen osasuna.

Hau honela, kezkaz jaso dugu pasa den ostiralean EAEko parlamentuan Alberto Martinez Ruiz Osasun Sailburuak EH Bilduri erantzundako galderetan, mutualitateekin hitzarmenenaz esanikoa, ā€œgaia aztertzekoā€ borondatea azaldu baitzuen. LABetik gogorarazi nahi diogu, gurean, gehiengo sindikalaren iritzia kontrakoa dela.

EAEren kasuan, Osasun Sistema eraberritzeko eztabaida irekita dago eta LABetik salatu dugun moduan, aurkeztu diguten diagnostikoaren laburpen dokumentuak gabezia handiak ditu, besteak beste, ez baitira jasotzen pribatizazioari buruzko datu guztiak, ez arrazoiak, ezta kostua ere. Ez da politika horien baloraziorik egiten eta LABentzat, pribatizazio politika horiek, sistema publikoa ahuldu eta gainbeheran jarri dute, pribatua indartu duten aldi berean. Orain, pribatizazio politika horiek zuzendu ez eta gainera, mutualitateei eskumen berriak ematea, Osakidetzak eskatzen duen eraldaketaren kontrako norabidean emaniko urratsa izango litzateke.

Estatu mailako akordio honek, bere 7. puntuan, behin-behineko ezintasunen kudeaketa eta langileen sendatzeari lotutako neurriak jasotzen ditu. Hala, planteatzen dena da ā€œmutualitateen baliabideak erabiltzea, prozesu traumatikoetan diagnostiko eta tratamenduak denboran azkartzekoā€. Gauzak horrela, hitzarmena garatuz gero, mutualitateak behin-behineko ezintasun egoera arruntean (hau da, laneko arrazoiengatikoa ez den bajan) dauden langileak tratatuko lituzke (zerrendaturik dauden traumatismoak gertatu diren kasuetan), Gizarte Segurantzaren Institutuak aurreikusitako sendatze denborak pasatakoan eta langilearen onespenarekin. Azken horri lotuta, Arartekoak berak ohartarazi du langileek presiopean eman dezaketela onarpena, eta, beraz, LABek ere onartezintzat jo du. Beraz, diagnosia eta tratamendua mutualitateak egingo luke, baina alta eta bajen erabakiak Osakidetzako familia medikuaren esku jarraituko luke, baldintzaturik.

Akordioan jasotakoak, LABen aburuz, sistema publikoaren ezintasuna islatzen du, esplizituki halakorik aitortzen ez bada ere. Patronalak eta mutualitateek aldarrikatu izan duten eskaera bati men egiten dio, zeinaren bidez enpresa-entitate horiek kontingentzia arrunten kudeaketaren zati handi bat eskuratuko baitute. LABek ohartarazi du, gainera, oraingoa mutualitateek eta gobernuek adostutako neurrietako bat baino ez dela, eta aurrerago gehiago etorriko direla, guztiak ere pribatizazioaren norabidean.

Akordioak osasun zerbitzu duala planteatzen du gizartearentzako. Bata, langile aktiboentzako, lehenbailehen produktibo izateari emango diena garrantzia, baliabide sanitario gehiago jarrita eta sendatzea baino, baja laburtzea helburua dutenak. Bestea berriz, produktiboa ez den gizartearen zatiarentzako, zeinari osasun sistema publikoa dagokion eta baliabide gutxiago bideratzen baitzaizkion, sendatzeak eta errekuperazioak presarik ez dutela eta.

Akordioak ez du argitzen tratamenduen irizpide eta erabakiak mutualitateen edo Osakidetzako sendagilearen esku geratuko liratekeen. Honek ekarriko duena zera da: traumatismo batzuetan alta azkarra bilatzeko asmoz, ikuspegi sanitariotik egokiak ez diren tratamenduak ezar daitezkeela, ondo sendatzea baino, kaltea arindu eta lehenbailehen lanera itzultzea helburu izanik. LABek gogorarazi du mutualitateek irizpide ekonomizista osasun irizpidearen aurretik ipintzen dutela beti. Erkidego bakoitzak mutualitateekin garatuko luketen balizko hitzarmenetan, eskumen hori mutualitateetako medikuen esku uzteko aukera egongo litzateke, eta LABen ustez, hori oso larria litzateke. Beraz, neurriak enpresa-medikuaren irizpidepean ipintzen du langilea, bermerik gabe eta gainera, familia medikuaren gaitasun eta erabakitzeko ahalmena murrizten du, osasun irizpidea ahulduz.

Arrazoiak soberan daude beraz, Madrilen adosturiko akordioaren inplementazioari ezezkoa emateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EstaƱos Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako EstaƱos Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen ā€œezkutu sozialaā€ bertan behera utzi dutela salatzekoĀ 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...