2026-10-03
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaMobilizazioa beste biderik ez dago lan heriotzen sarraskia gelditzeko

Mobilizazioa beste biderik ez dago lan heriotzen sarraskia gelditzeko

Gaur, irailak 18, Tubacex-en izandako lan istripu hilgarri baten berri izan dugu. Hain zuzen ere, EUSETEK GAS SL azpikontratako M.G.R. langileak bizia galdu du. LABetik gure babesa eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu hildako langilearen familiari, herrikideei eta lagunei, baita langile klase osoari ere. Aurten, gutxienez, 33 langile hil dira dagoeneko lanean: 4 Araban, 11 Bizkaian, 9 Gipuzkoan eta 9 Nafarroan. Azken lan heriotz hau salatzeko, mobilizaziora deitu dute gaurko Laudioko plazan, 19:00etarako.

Momentuz, ez dira ezagutzen lan istripuaren arrazoiak, bero kolpe bat edo istripu ez traumatiko bat izan den. Ikerketak argituko du hau, baina argi dagoena da lan baldintzek eragin zuzena dutela lan istripuetan. Enpresa hau, Eusetek Gas SL, Tubacex-en azpikontrata bat da Amurrioko Aceralava lantokian, eta Aceralavaren labearen mantenuaz arduratzen da. Hortaz, tenperatura oso altuetan edo muturrekoetan egiten dute bertan lan, eta ezin dugu ahaztu atzo bero handia egin zuela Amurrion eta eskualdean.

Hauxe da Tubacex-en azken hiru hilabeteetan hil den bigarren langilea, eta datu honek agerian uzten ditu Tubacex-en hartzen dituzten prebentzio eta lan osasunerako neurriak.

Prekarietateak, lan erritmo altuak, baldintza termohigrometrikak, behin behinekotasuna, azpikontratazioa, ezaugarri hauek guztiek eragiten dute langileen osasunean, baina, era berean, ezin dugu ahaztu iaz, Gometegi enpresan prozesu konkurtsal aski traumatiko bat izan ostean, M.G.R.-ek, beste lankiderekin batera, kalean ikusi zuela bere burua, enpresak zor zion guztia jaso gabe eta langabezira joanez, lan merkaturako adin zailarekin; 50 urte baino gehiagorekin. Honi gehitu behar zaio urte asko zeramala enpresa horretan lan egiten, bere bizitza proiektua baldintzatuz. Prozesu hauek guztiek ere eragina dute langileen osasunean.

Honen guztiagatik, argi dugu bizi eta lan baldintzek eta prekarizazioak eragin zuzena izan dutela lan heriotz honetan. Eta horrela salatu nahi dugu, baita Tubacex enpresak beroari aurre egiteko neurri eraginkorrak ez dituela nabarmendu ere. Izan ere, bero kolpe bat izanda, eragin zuzena izango luke; eta lan istripu ez traumatiko bat izanda, tenperatura baldintzek ere dute eragin zuzena halako istripuetan.

LAB sindikatutik, argi dugu mobilizazioa dela bide bakarra lan heriotzen sarraskia gelditzeko. Hala, datozen orduetan saiatuko gara merezi duen erantzuna ematen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAJk maizterren aurka eta errentismoaren alde egin du, birbanaketa politikei uko eginez eta eskuin muturrari atera irekiz

Espainiako Kongresuan etxebizitzari buruzko bi lege dekretuen bozketan errentisten interesekin lerratu dira EAJ eta UPN, eta LABetik mobilizazioak areagotzeko deia egiten dugu.

Migranteen egoera prekarioa azaleratzen dute langabeziaren datuek

Joan den hilabeteko argazki sozioekonomikoaren zantzuak ikusten jarraitzen dugu, langabeziak gora egin baitu azken hilabetearekin alderatuta, aurreko urteetan beti jaitsi izan denean. Beraz, 3.238 langabetu gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta Erregimen Orokorrari dagokionez, 1.103.547 afiliatu iraileko azken egunean.

Basquevolt salatzen dugu lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobiko eta islamofobikoagatik

Apirilean, bere laborategietako batean leherketa bat gertatu eta egun batzuetara, Basquevolt enpresak bi langile kaleratu eta zigortu zituen arbitrarioki. LAB sindikatuarentzat, ekintza hori funtsik...