Goizean, Bizkaiko metalgintza hitzarmenaren mahai negoziatzailea zegoen deituta. Bada, arratsaldean, mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok agerraldi bateratua egin dugu, bileraren balorazioa egin eta hemendik aurrerako hurrengo urratsen eta mobilizazioen berri emateko. Hain zuzen ere, borrokan jarraituko dugu FVEM patronalak ez diolako erantzunik eman maiatzak 10eko sindikatuon plataforma amankomuneko eduki et aldarrikapenei. Goizean, Bizkaiko metalgintza hitzarmenaren mahai negoziatzailea zegoen deituta. Bada, arratsaldean, mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok agerraldi bateratua egin dugu, bileraren balorazioa egin eta hemendik aurrerako hurrengo urratsen eta mobilizazioen berri emateko. Hain zuzen ere, borrokan jarraituko dugu FVEM patronalak ez diolako erantzunik eman maiatzak 10eko sindikatuon plataforma amankomuneko eduki eta aldarrikapenei. Besteak beste, bost greba egun egingo ditugu irailaren 30 eta urriaren 4a bitartean.

Hauxe da LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok igorritako oharra, gaurko agerraldia dela eta:

Bizkaiko Metal sektoreko Negoziazio-Mahaian ordezkaritza dugun sindikatuok -ELA, CCOO, LAB eta UGT- prentsaurrekoa deitu dugu balorazioa egiteko lan-hitzarmenaren aldeko borroka zertan den, gaur goizean izan den Negoziazio-Mahaiaren 22. bileraren ostean. Gurekin daude ere, mahai negoziatzailean ez dauden beste sindikatuak.

Lehenik gogoratu behar dugu Bizkaiko Metalean egiten ari garen borrokak helburu bat duela, sektorean dagoen prekaritatea gainditzeko edukiak lortzea. Horregatik, behin eta berriz aldarrikatzen ditugu soldata igoerak (tauletan eta errealetan) lanaldia, subrogazio eskubidea, emakume eta gizonen arteko berdintasuna, aldi baterako enplegua eta ABLEen erabilera arautzea, baita lan osasuna bermatzeko neurriak ere. Edukiok maiatzaren 10ean plazaratu genituen plataforma sindikal bateratuan. Eta esan beharra dago plataforma hori lau sindikatuok iritsitako akordioaren fruitu dela, gure hasierako posizioak aldatu ondoren. Beraez, FVEM gezurretan ari da esaten duenean hasierako plataforma dela; izan ere, sindikatuok mugitu baikara.

Kontutan izan behar da maiatzean eta ekainean bost greba egun izan direla, eta horiek sektoreko enpresetan jarraipen handia lortu zutela; mobilizazioak ere ikusgarriak izan ziren. Nabarmentzekoa da ere negoziazio-mahaian egon ez arren beste sindikatu batzuk ere (ESK, CGT, USO, CNT) bidean eta borrokan lagun ditugula.

Uztailean, patronalak gure eskariak gutxietsi zituenez, uda osterako beste bost greba egunetarako deialdia iragarri eta egin genuen. FVEMek ekainaren 17ko batzarrean hitza eman arren hurrengo bilerarako eguna finkatuko zuela, hilabete luze egin zuela horretarako; uztailaren amaieran irailerako deitu gintuen.

Bada, gaur goizean lau sindikatuok bilera izan dugu FVEMekin Lan Harremanen Kontseiluko egoitzan. Hau da gure balorazioa:

-FVEM ez dio erantzunik eman maiatzak 10eko sindikatuon plataforma amankomuneko edukiei
-Patronalak ez du ezer planteatu subrogazio eskubideari buruz; ezta prekarietatearekin erlazionatuta dagoen behin behinekotasunarekin eta ABLEri (ETT) buruz
-Flexibilitatean eta bajen kontuan elementu atzerakoiak mantentzen dituzte.

Sindikatuok, gaur FVEMek planteatutakoa eskasa dela deritzogu. Argi ikusten dugu aurrean daukagula patronal bat, zeinek ez duen nahi sektorean sortzen ari den aberastasuna banatzea. Gainera, mantendu nahi ditu lan baldintza ahalik eta prekarioenak Bizkaiko Metalean.

Hurrengo Mahaiko bilera irailak 18an izango da, 12:30etik aurrera.

Ondorioz, ELAk, CCOOk, LABek eta UGTk dei egiten diegu langileei sektoreko gatazka indar dezaten. Hauxe da datozen asteetarako gure mobilizazio agenda:

• 5 greba egun Bizkaiko Metaleko enpresa guztietan, irailaren 30ean eta urriaren 1, 2 ,3 eta 4an
• Irailaren 21ean, zapatua, eguerdiko 12etan Bilbon manifestazio bat egingo dugu, Euskadi plazatik (FVEMen egoitza han dago) Areatzako zubiraino.
• Aste honetan, irailaren 12an, bilkura greba eskubidearen alde eta jazarpen sindikala salatzeko:
◦ Bilboko Portu aurrean (Zierbenako sarrera), 13:30etatik 14:30ak arte, HAIZEA WIND enpresaren jarrera salatzearren.

Gainera, Bizkaiko Metaleko borroka areago sozializatzea erabaki dugu, honako neurriokin:
• Hainbat kolektibo sozialekiko bilerak
• Gatazkari buruzko mozioak sartuko ditugu Bizkaiko Foru Aldundian eta lurraldeko Udal ezberdinetan (Bilbo, Barakaldo, Erandio, Basauri, Gernika, Durango, Igorre, Mungia, Zamudio)

Noski, irailean batzarrak deituko ditugu eta lantokietan lan espezifikoa egingo dugu 5 greba egunetan produkzioa berriro geldiarazteko. Ziur gaude patronal honen diru-gosea dela eta gure helburuak iristeko bide bakarra daukagula: borroka, mobilizazioa eta greba. Gure helburua oso argia da: Bizkaiko Metalaren sektorean aberastasunaren banaketa bidezkoa izan dadin, langileek ez dezatela prekaritaterik pairatu.