2026-03-05
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaMartxoak 8. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, sindikalismo feminista!

Martxoak 8. Faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean, sindikalismo feminista!

Mundua irauli nahi dugu. Dena aldatu nahi dugu. Bizi dugun errealitatea eraldatzeko konpromisoa hartu genuen aspaldi, eta horretan ari gara.

Kapitalismoaren aro basatiena bizitzen ari gara une honetan. Aberastasun handiena munduko esku gutxi batzuetan metatzen ari da, eta geroz eta pertsona gehiago gaude pobrezian eta prekaritatean. Faxismoa, ultraeskuina, ideia erreakzionarioak, arrazistak, antifeministak, trans-baztertzaileak eta abar hedatzen ari diren testuinguru honetan, bizitza duinerako aukera geroz eta pertsona gutxiagoren eskura dago, eta, aldiz, gorrotoak, beldurrak eta kontrolak eztabaida eta agenda politikoak baldintzatzen dituzte.

Baina etsipena eta inmobilismoa eragin nahi dituztenen aurrean, feminismotik mundu honi aurre egiteko antolatzen gara. Aspaldi egin genuen hautua, eta sindikalismoa ere horretarako tresna dela sinesten dugu. Antolatu ginen emakumeok* lan munduan gure borroka propioak artikulatzeko lehenengo emakume* ordezkariak lortu genituenean; antolatu ginen Euskal Herriko herri eta hirietako kaleetan abortu eskubidearen aldeko mobilizazio masiboak egiteko; antolatu ginen merkataritzako langileek igandeetan ere lan egiteko mehatxuaren aurrean; antolatu ginen eta antolatzen ari gara etxeko langileen hitzarmen propioaren alde; eta antolatu ginen mugarri historikoa izan zen lehenengo Greba Feminista Orokorra antolatzeko, kapitalaren aurrean bizitza aldarrikatzeko, zaintzak eta guztion bizitzak erdigunean kokatzeko eta gorrotoa eta nekropolitikak salatzeko.

Ez dira gutxi lortutakoak. Eta gaur egun ere martxan gaude. Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta kolonialaren aurrean antolatzeko eta borrokatzeko aldarrikapenarekin aterako gara kalera, eta baita gaur egun sistemak eragiten dituen askotariko zapalkuntzen aurrean antolatzeko deia egitera ere; hala nola, indarkeria matxistaren aurkako estrategia kolektiboak garatzen kaleetan zein lan zentroetan eta, soldata arrakalaren aurkako borrokan urrats bat aurrera egiteko, gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra artikulatuz.

Izan ere, borroka horretan lehen lerroan egon nahi dugu. Guk geuk izan nahi dugu borroka horren protagonista, egoera aldatzeko giltza. Martxoaren 8an eta martxoaren 17an, emakume*, trans eta bollerak kaleak hartzeko prest gaude!

Sindikalismo feminista aldarrikatzeko eguna ere bada Martxoaren 8a, faxismoaren eta kapitalismoaren aurrean aliantza feministak eraikitzen jarraitzekoa. Autoritarismoaren eta faxismoaren eskutik datorkigun kapitalismoaren berrantolaketaren aurrean, kontraboterezko sindikalismo feminista da gure errezeta. Feminismotik posible da beste mundu bat.

Borroka feministak merezi du!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek salatzen du euskara kaltetzeko eta administrazioaren euskalduntzea gelditzeko azpijokoa dagoela Errenteriako Udalaren 25 lanposturen Lan Eskaintza Publikoaren kontrako helegitean

Euskarak berme legalak behar ditu, eta LABek Eusko Legebiltzarra interpelatzen du, bide horretan, erabaki eraginkorrak hartu ditzan. Atzo jakin genuen Errenteriako Udalak 25 lanposturen Lan...

Akordioa lortu dugu OTISen

Atzo arratsaldean, Langileen Asanbladak Langile Batzordeak lorturiko aurreakordioa bozkatu eta aho batez baiezkoa eman zion. Azken asteetako borroka eta negoziaketa luzeen ostean, denen indarrari...
00:02:52

1.300 ordezkari mobilizatu ditu LABek Martxoaren 3an

Langileen memoria eta kontraboterezko sindikalismo soziopolitikoak aldaketak eragiteko duen gaitasuna azpimarratu ditu LABek, eta, duela 50 urteko grebetan bezala, bi aste barrukoan ere euskal langileriak aberastasunaren banaketa eta soldata duinak ozen aldarrikatuko dituela gogoratu du.