MARTXOAK 8 (2024)

Milaka izan ginen 2023ko azaroaren 30ean Greba Feminista Orokorrean kaleetara atera ginenak aldarrikapen argi batekin: zaintza eskubide kolektiboa bermatzeko Zaintza Sistema Publiko Komunitarioa garatu behar dela. Emakumeon* esplotazioaren gain bizirauten duen zaintza sistema hau kolapsatu egin dela gero eta agerikoagoa da: gaur egungo zaintzen antolaketa soziala jasangaitza da.

Egoera horren adierazle da instituzioek, (boterean dauden alderdien aldetik) pribatizazioa sustatzearen ondorioz, negozioa egitea eta zaintza sektorearen prekarizazio basatia. Bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren lan hauei dagokien balioa eman beharrean, kapitala metatzen jarraitzeko baliatzen dituzte instituzioek zein patronalek, inolako lotsarik gabe.

Greba egunean, besteak beste, instituzio guztiei denon bizitzekiko ardura exijitu genien: mahai interinstituzional bana eskatu genien euskal gobernuei. Baina, zaintzak demokra- tizatuko dituen Euskal Zaintza Sistema Publiko Komunitario bat eraikitzeko adostasun sozialaren aurrean, erantzukizunari entzungor egin, eta, eredua aldatzetik urrun, horretan sakontzen jarraitzen dute.

Guk, agenda sozial bateratuaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu; estrategia komunak josi eta zaintzen problematika agendaren erdigunean mantentzeko beharra daukagu. Zaintza lanak ikusarazi, dagokien balio soziala eman eta krisia azaleratzen jarraituko dugu, herriz herri, lantokiz lantoki eta kaleetan, mobilizazioen bidez. Urgentziak mahai gainean jarri eta aktibazio sozialarekin, arduradunak interpelatuz:

1. Zaintza sistema publiko komunitarioa garatu behar da, zeinak bizi eta lan baldintza duinak bermatuko dituen. Pribatizazioarekin amaitu eta publifikazio prozesuak bultzatzeko planak behar dira. Era berean, ratioak hobetzea urgentzia bat da.

2. Zaintza lanen kolektibizazioaren norabidean, lanaldia murriztu eta kontziliazio eta erantzukidetasun neurriak behar ditugu.

3. Zaintzako langileen lan baldintzak duindu, hitzarmenen negoziazioan borrokatzen ari garen norabidean: langileen erosahalmena bermatu, ratioak handitu, lizentziak edota bestelako baimenak hobetu, negoziazio kolektiboa desblokeatu…

4. Zor patriarkalaren aitortza eta errekonozimendu sozial, politiko eta ekonomikoa orain.

Borroka sindikal feministaren bidez, anbizioz jarraitzen dugu hasitako bide honetan. Desaktibazio soziala helburu duten hitzarmen eta itunen aurrean, Mugimendu Feministarekin eta Denon Bizitzak Erdigunean jartzeko Herri Akordioa izenpetzen dugun eragile guztion artean aliantzak eraikitzen jarraituko dugu. Alderdi eta instituzioei dagokien ardura har dezaten eskatzen jarraituko dugu: pribatizazioaren aurrean, zaintza sistema publiko komunitarioa garatzeko. Zaintza lanak aitortu eta banatzeko.

ESKUORRIA EAE (PDF)

ESKUORRIA NAFARROA (PDF)

ESKUORRIA IPAR EUSKAL HERRIA (PDF)