2024-07-27
HomeEkintza SindikalaMaiatzak 28, MOBILIZAZIO NAZIONALA BILBON

Maiatzak 28, MOBILIZAZIO NAZIONALA BILBON



Egungo eredu ekonomiaren aurrean aldaketaren beharra
nabarmena da, eta horretarako ekintza sindikala eraberritu eta mobilizazio soziala suspertzeko bideari ekin dio sindikatuak, lantokietan zein kalean eraginez. Ez gaude prest botere ekonomiko eta politikoek prekarietatera kondenatuz inposatu diguten eredua onartzeko eta hala adieraziko dugu datorren Maiatzaren 28an Bilboko kaleetan egingo dugun mobilizazio nazionalean. Prekarietateak milaka aurpegi ditu eta Bilboko mobilizazioa guzti horien erakuslehio eta prekarietatea garaitzeko borrokaren inflexio puntu bilakatuko dugu. Ez hutsik egin, 17:30ean • Udaletxea • Sagrado corazón • Abando • Zubiarte •

Espainiar zein frantziar Estatuetatik eta bertoko Gobernuetatik datozen eraso eta murrizketen aurrean konfrontazioaren bidea aukeratu dugu, euskal esparru sozioekonomikoaren aldeko borrokan gabiltza eta lanaren eta aberastasunaren banaketan oinarrituko den eredu berri baten alde ari gara. Bide hau langileen indar eta mobilizazioari esker ari gara jorratzen.

Udaberriari indartsu ekin diogu. Jauzi berri bat ematen ari gara prekarietatearen aurka. Apirilaren 28an eta Maiatzaren 1an kalean izan gine eta maiatzaren 28an ere "LANGILEOK BATUZ, Euskal Herria contra la precariedad" lelopean Bilbon izango gara mobilizazio nazionalean.

M28 Mobilizazio nazionala Bilbon – Udaberriko Jauzia

Arratsaldeko 17.30etatik aurrera, lau aldarrikapen nagusirekin zeharkatuko dugu Bilboko erdigunea eta gaurko egoera grisari kolorea ezarriko diogu.

Olatu morea plaza Zirkularretik irtengo da aukera berdintasuna aldarrikatuz. Oraindik ere asko dira emakumeok gure bizitzaren esparru ezberdinetan pairatzen ditugun diskriminazioak. Prekarietatera eta pobreziara kondenatu nahi gaituzte, gure burujabetza ekonomikorako eskubidea ukatzen digute. Egungo sistemak ezartzen duen sexuen araberako lan banaketa gaindituko duen Lan Harreman Eredu berri bat aldarrikatuko dugu.

Beste zutabe bat, gorria, Jesusen Bihotzatik aterako da. Laneko heriotz eta gaixotasun gehiago gerta ez daitezen erabakiak eta neurriak exijituz. Gehiegi dira oraindik ere lanean hil edo gaixotzen diren langileak. Egoera honen atzean prekarietate asko eta prebentzio neurri gutxi aurkitzen ditugu. Eta arazoa handitzen ari da atzean dauden arrazoietan sakondu delako. Politikak aldatu eta neurriak hartu behar dira. Gobernuek behingoz begirale izateari utzi eta sakoneko neurriak hartu behar dituzte. Horrez gain, enpresen gaineko kontrola handitzea behar-beharrezkoa da lan-istripuekin zein gaixotasun profesionalekin amaitzeko.

Enplegu eta prestazio duinen beharra aldarrikatuz Udaletxetik irtengo da hirugarren zutabea. Bizi dugun errealitate gordinari aurre egin behar diogu. Hazkunde ekonomikoan sartu arren, gero eta pobreagoak gara, gero eta gehiago dira enplegua izanik ere Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Gizarteratzeko Errentarekin osatu behar izaten dutenak. Aldi berean, babes soziala suntsitzen ari dira eta honek pobrezia betikotzea dakar. Egoera hau errotik aldatzeko Premiazko Plan bat abiatzea proposatzen du LABek. Horrek, 1.080 euroko pentsioak ziurtatu eta gizarte prestazioak hobetuko lituzke. Etxebizitza eta elikadurarako eskubidea ere bermatuko luke.

Laugarren zutabeak Abandon emango ditu lehen urratsak, Burujabetzaren beharra aldarrikatuz. Berdea izango da bere kolorea. Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko aldarrikapenak inoiz baino indar eta zentzu handiagoa du eta hori da bertan aldarrikatuko duguna. Azken urteetan negoziazio kolektiboa indargabetu eta gure hitzarmenak edukiz hustu dituzte. Egoera ez da konpontzen lan erreformaren artikuluren bat edo beste indargabetuz edota aldatuz. Lan Harreman Eredu berri bat behar dugu eta eztabaida hau, hemen, Euskal Herrian, egin behar den eztabaida da eta hemen erabaki behar dugu.

Lau aldarrikapenak plaza Eliptikoan elkartuko dira eta bat eginda Euskadi plazara zuzenduko gara, lanaren eta aberastasunaren banaketa ardatz hartuta, 1.200 euroko soldata eta 35 orduak aldarrikatuko dituen pankarta nagusiaren atzetik. Laneko prekarietatearekin eta pobreziarekin amaitzeko politikak aldatzea exijituko dugu.

Egoeraren salaketa egitetik harago, proposamen zehatzak ere mahai gainean jarriz, Euskal Herriarentzako aldaketa erreala egingarri dela erakutsiko dugu.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera uzteko eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, beste behin eta behingoz

Politika publikoen bultzadak balio behar du eskualderako etorkizun ekosozial justua bermatzeko, eta bertan bizi eta lan egiten duten langileentzat lan baldintza, bizi baldintza eta zerbitzu publiko duinak bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzak onartutako langile publikoentzako soldataren igoerak erosahalmenaren galera eta Madrilekiko menpekotasuna dakar, beste behin ere

LABek Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak langile publikoentzat (*) onartu berri duen %2ko soldata igoera salatzen du. Ikasturte honetan hiru greba eta hainbat mobilizazio egin ditugu soldata eta enplegua hemen erabakitzeko, bertan negoziatu eta adosteko. Hauek dira Jaurlaritzak agindutako azken neurriaren aurka azaltzen ditugun argudioak:

Prekaritateak dakarren lan segurtasun ezak hil egiten du

Gipuzkoako Kale Garbiketa sektoreko alderdi sindikal guztiak, ELA sindikatua izan ezik, pasa den uztailarean 10ean, Iruñean, gaueko txandan bere lana egiten zuen bitartean, lan istripuan hildako FCC-ko (Iruñerriko Mankomunitateko azpikontrata) langilearen familia, lagun eta lankideei elkartasuna eta babesa helarazteko, gaur uztailak 24, elkarretaratzea egin dugu Gipuzkoako FCC-ko egoitza nagusiaren parean, Hernaniko Zubiondo poligonoan.