2026-01-31
HomeEkintza SindikalaLoiuko FCC Aqualiako langileek greba mugagabea hasi dute lan baldintzak parekatzea eskatzeko

Loiuko FCC Aqualiako langileek greba mugagabea hasi dute lan baldintzak parekatzea eskatzeko

Bilbao Bizkaiko Ur Partzuergoaren (BBUP) azpikontrata da Loiun kokatuta dagoen FCC Aqualia enpresa, eta 150.000 biztanleri ur-hornidura zerbitzua emateaz arduratzen da Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdean. Langileak euren lan-baldintzak hobetzeko ari dira borrokan, eta greban egon dira ekainaren 4tik. Orain arte, ez dute enpresarekin adostasunik lortu eta gatazkak konpondu gabe jarraitzen duenez, greba mugagabeari ekin diote gaur. Horrela, mobilizazioa egin dute Bilbon, BBUPren egoitzaren aurrean.

LABen antolatuta dauden langile hauek Bakion, Erandion, Gorlizen, Larrabetzun, Leioan, Mungian, Plentzian, Sondikan, Sopelan eta Urdulizen eskaintzen dute ur-hornidura zerbitzua.

BBUPak Bizkaiko lurraldea hiru lotetan banatuta dauka, herrialde osoari zerbitzua bermatzeko, eta horietako batez arduratzen dira Loiuko FCC Aqualiako langileak. Gainontzeko loteetako langileek Bizkaiko eraikuntzako hitzarmena duten bitartean, Loiuko FCC Aqualiakoek ur zikloaren Espainiako estatuko hitzarmena dute. Ondorioz, bertako langileen lan baldintzak askoz ere okerragoak dira. Soldata taulak konparatuz gero %50eko aldea dago, gutxi gorabehera. Berdina gertatzen da aintzinatasunarekin, aldi baterako ezintasunekin, lizentziekin, jardunaldiarekin, plusekin, eta abar. Horrela, grebalariek beste azpikontratetan lan egiten duten langileek dituzten lan-baldintza berdinak izatea eskatzen dute.

Langileek enpresari lan-baldintzak parekatzea eskatzen diote, lan berdinari baldintza berdinak egokitzea bidezkoa dela iritzita. Aldi berean, BBUPri dei egiten diote gatazka honetan ardura politikoa har dezan eta bitartekari lanetan aritu dadin, 2026an indarrean jarriko den pleguan lan-baldintzak parekatzeko.

Bestalde, langileek salatu dute enpresak ez dituela bete greba egunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak eta, gainera, greba-eskubidea urratu duela. Hori dela eta, salaketa formala aurkeztu dute Lan Ikuskaritzan eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...