2024-04-26
HomeGreba orokorraGreba egunaLanuzte ikaragarria Hego Euskal Herrian lan errefoma eta eskubide murrizketen aurka

Lanuzte ikaragarria Hego Euskal Herrian lan errefoma eta eskubide murrizketen aurka

Industriako enpresen %87a itxita eta ehun mila langile inguruk hartu du parte eguerdiko manifestazioetan

Grebaren deitzaileek (ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, CGT sindikatuek eta makina eragile sozialek) arrakastatsutzat jo dute greba deialdiaren emaitza babes handia izan duelako. Gaurkorako deituta zegoen grebak ia erabateko erantzuna izan du Hego Euskal Herriko sektore eta enpresetan. Enpresa eta sektoretako datu zehatzek baieztatzen dutenez EAE mailan greba orokorra itzela izan da, eta Nafarroan emaitza oso zabala izan du.

Izan den lanuzte mailari buruzko informazioa zehatza hauxe da; EAEko 50etik gora langile duten enpresen zerrenda bat jaso dugu, grebaren alde lantoki bakoitzean hartutako erabakia zenbatekoa izan den adieraziz.

Enpresa guztien artean, %30etik gorako lanuztea %95,57ean izan da.

Gure datuen arabera, erabateko lanuztea -%70etik gorakoa- 470 enpresatan izan da, hots, enpresen %86,88an.

Greba %30etik gora egin den enpresa industrialak 47dira, %8,69a.
Lanuztea oso txikia izan da edo eguneroko jarduera bete dute 14 enpresatan (%2,59).
Informazio hau egiteko unean 10 enpresaren berririk ez daukagu (%1,85).

Nafarroari dagokionez, lanuztea bereziki garrantzizkoa izan da Iruñerria aldean hainbat eta hainbat erreferentziazko enpresak itxi dutelarik. Sakana eta Nafarroako Iparraldean lanuztea erabatekoa izan da. Era berean, Tafalla ingurutan eta Erribera osoan grebari emandako atxikimenduak oihartzun oso zabala izan du.

Beste alditan ez bezala, kooperatiben sektoreko enpresa askok bat egin du greba deialdiarekin.

Bestalde, ehundaka enpresa txiki eta ertainetan ere lanuztea erabatekoa izan da; horrek deitutako grebari langileek eman dioten erantzun orokorra nabarmendu du.

Beraz, industria-sektoreko datuak ikusirik, grebak oihartzun handia izan du, eta jarraipena ia erabatekoa izan da.

Bidaiarien Garraioetako sektorean lanuztea ia erabatekoa izan da, gutxieneko zerbitzuak bakarruik aritu direlarik. Trenbideetako bidaiarien garraioan, EuskoTrenen, Bilbo eta GasteizkoTranbietan eta Bilboko Metroan, nahiz Bilbo, Donostia eta Gasteizko hiri garraioetan lanuztearen jarraipena erabatekoa izan da,errepidezko bidaiaren garraioan bezalaxe. Salgaien garraioan greba oso zabala izan da.

Gasolindegietako sektorean, lanuztea oso handia izan da eta oinarrizko zerbitzuak bakarrik bete dira.

Bilboko eta Pasaiako portuetan lanuztea erabatekoa izan da eta oinarrizko zerbitzuak besterik ez dira eman.

Eraikuntzan, grebak obra handietan eragin du, batik bat Gipuzkoan; grebaren eragina desberdina izan da, baina oso zabala, Bizkaia, Araba eta Nafarroan. Gainera, porlanaren industria eta hormigoi ekoizle eta banatzaileetan greba erabatekoa izan da (Lemona Industrial, Añorga eta Arrigorriagako Financiera y Minera,Portland Valderrivas).

Komunikabideetan,
prentsa idatzian grebarekin bat egin dute Gara, Berria eta Diario de Noticias de Navarra eta ez dira argitaratu. Bestalde, Diario de Noticias de Alava eta de Gipuzkoan langile askok greba egin arren egunkariak atera dira, Diario Vascon gertatu bezala.

Ikus-entzunezko hedabideetan EITBko taldean grebak jarraipen osoa izan du Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitorian , gutxieneko zerbitzuak bakarrik funtzionatu dutelarik.

ZERBITZU PUBLIKOAK: LANUZTEA ERABAT OROKORRA

Zerbitzu publikoetan grebak jarraipen oso zabala izan du sektore ezberdinetan.

EAEko sektore ezberdinetan eragina:

Herri eta Foru Administrazioan grebaren erantzuna ia erabatekoa izan da eta itxi ez diren administrazioetan %80tik gorako jarraipena izan du. Benetan deigarria hiriburuetan izandako jarraipena, hiruretan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, jarraipena %90tik gorakoa izan da eta.

Erabatekoa izan da Zarautz, Tolosa, Ordizia, Zizurkil, Urnieta, Legazpi, Lezo, Oñati, Eibar, Mendaro, Andoain, Usurbil, Beasain, Hondarribia, Orio, Azpeitia, Azkoitia, Zumaia, Arrasate, Soraluze, Durango, Bermeo, Gernika, Zornotza, Lekeitio, Iurreta, Berriz, Muxika, Ispaster, Mundaka, Zaldibar, Aretxabaleta, Zumarraga, Lasarte, Elgoibar, Lazkao, Irura, Getaria, Bergara, Zaratamo, Zeanuri, Igorre, Agurain, Plentzia, Sopela, Sondika, Gorliz, Leioa, Erandio, Errenteria, Antzuola, Hernani, Urretxu, Ibarra, Ondarru, Arrigorriaga, Laudio, Lemoa, Muskiz, Zierbana, Murgia eta beste hainbat herri txikiagotan.

%80tik goragoko erantzuna eman dute Irun, Portugalete, Barakaldo, Sestao, Santurtzi Getxo eta Mungiako udaletako langileek.

Bestalde, Foru Aldundietan ere jarraipena oso zabala izan da eta orokorrean %90tik gora koka dezakegu. Diputazioen menpe dauden zerbitzu sozialen kasuan gutxieneko zerbitzuek bakarrik lan egin dute.

Administrazio Autonomoan jarraipena %80tik gorakoa izan da, eta Justizian jarraipena oso zabala izan da eta kasu askotan zerbitzu minimoek bakarrik lan egin dute.

Irakaskuntzari dagokionez inoizko grebarik handiena izan da, lanuzteak erabateko jarraipena izan duelarik. Ikastetxe askotan zerbitzu minimoak besterik ez dira bete eta orokorrean %90tik gora langilek egin dute lanuztea.

Osakidetzan, azken urteotako mobilizaziorik handiena izan da eta zentru gehienetan zerbitzu minimoek bakarrik lan egin dute. Eragina izan du esparru ezberdinetan, lehen arretan nahiz ospitaleetan, nahiz eta zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan. Aipatzekoa da zerbitzu minimoei dagokionez administrazioak langileak presionatzeko erabili dituen amarruak, horrela mobilizazio masiboa izan dena ezkutatu nahian.

Gizarte-Ongizate Zerbitzuetan grebak jarraipen oso zabala izan du eta kasu ia guztietan zerbitzu minimoek bakarrik egin dute lan. Besteak beste aipatzekoa da Bilboko Caser eta Arbidea zaharren egoitzetan, Eibarreko Egoainen, Erandioko Loramendi, Derioko Gurena, Miranda Fundazioan, Aspaldikon, Zornotzako Nafarroa eguneko zentruan eta Donostiako Txara I,II eta Villa Sacramenton grebak izandako jarraipen zabala.

Erakunde eta Enpresa Publikoetan lanuzteak oso garrantzizkoak izan dira. Neiker, Itsasmendikoi, edo Kalitatea Fundazioan bezalako enpresetan gutxiengo zerbitzuak bakarrik bete dira.

Estatuko Administrazioan, grebak oso jarraipen zabala izan du, Posta zerbitzuan %70tik gorako jarraipenarekin; Administrazio Orokorrean Gipuzkoan %70eko jarraipena izan du, Bizkaian %60koa eta Arabako kasuan grebak jarraipen apalagoa izan du.

Nafarroako sektore publikoko emaitzak hauexek dira:

  • IRAKASKUNTZA eta OSASUNBIDEA: Grebaren jarraipena azken urteotako handiena izan da eta leku askotan zerbitzu minimoak bakarrik aritu dira
  • UDALAK: Burlata, Villava-Atarrabia, Altsasu, Lesaka, Baztan, Bera, Egüés, Antsoain, Agoitz, Berriozar eta beste abarretan lanuztea erabatekoa izan da. Iruña, Tudela, Zangotza, Tafalla, Lizarra eta Ezkabarte bezalakoetan jarraipenak oso erantzun zabala izan du.
  • ESTADUKO ADMINISTRAZIOA: Lanuztea erabatekoa izan da.
  • BESTE EREMUTAN: Nukleo, Emergentziak, Menpekotasunaren Agentzia, Justizia, Enpleguko Zerbitzua eta Lan Osasuneko Institutua bezalako erakundeetan lanuzteak garrantzia handia izan du.

ZERBITZU PRIBATUAK: ERANTZUNA OSO ZABALA
Grebak zerbitzu-sektorean ere eragin oso handia izan du, ia erabatekoa izan delarik makina sektoretan.

Hain zuzen merkataritzari dagokionez, merkatal eraikin handietan, hara nola Eroski( bere eraikin gehienak itxita egon dira), Carrefour, Alcampo, Ikea Norte eta Lery Merlin eta janari banatzaileetan (Ercoreca, BM, Sabeco, Dia, Lidl) langileen gehiengo nabarmenak egin du greba eta eraikin ia denak itxirik egon dira. Oihalgintza sektoreko saltoki ezagunenetan greba oso zabala izan da. Halaxe izan da Inditex taldeko Pull&Bear, Zara, Stradivarius, Bershka, eta bestetan HyM eta Cortefiel bezalaxe.

Horniduraazoka handietan, MercaBugati Gipuzkoan ia erabat itxita izan da eta MercaBilbaok Bizkaian erantzun garrantzizkoa eman dio grebaren deialdiari.

Denda txikietan eta ostalaritzan grebaren jarraipenak hedapen oso zabala izan du. Nabarmentzekoa da lanuztea ia erabatekoa izan dela Gipuzkoan eta zerbait txikiagoa Bizkaia eta Araban.

Kaleetako eta eraikin zein lokalen garbitasun zerbitzuetan lanuztea ia erabatekoa izan da, kirol-zerbitzu eta hainbat hiritako TAOan bezalaxe.

Jangelen kudeaketaren sektorean lanuztea orokorra izan da, bai sukalde zentraletan eta baita eskola publiko nahiz pribatuen jangeletan.

Finantza-sektorean, berriz, grebak eragin partziala izan du; ez da lanegun normala izan, eta banketxe eta kutxetako bulego asko itxita egon da.

Aipagarria da ere politikako eta gizarteko sektore eta talde ugarik deialdi honi eman dioten babesa.

Azkenik, esan beharra dago ehun mila langile inguruk hartu duela parte eguerdian Gasteiz, Iruñea, Donostia eta Bilbon izan diren manifestazioetan jendetsuetan.

Bilbo, 2012.eko Martxoaren 29an 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.