2026-02-02
HomeEkintza SindikalaLangileen aldarrikapenak entzun eta blokeoarekin amaitzea exijitu diegu Bizkaiko Foru Aldundiari eta...

Langileen aldarrikapenak entzun eta blokeoarekin amaitzea exijitu diegu Bizkaiko Foru Aldundiari eta GUFEri

Azken urteotan Bizkaiko Foru Aldundia eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) langileok gure lan baldintzen negoziazioan pairatzen ari garen blokeoa eta murrizketak salatzeko, LABek mobilizazioak egin ditu azken egunotan. Horrela, urtarrilaren 24an Ogasunean mobilizatu ginen, 26an Gizarte Ekintzan eta gaur, Foru Jauregian, Bilbon Aldundiak dituen lan-zentrorik handienetan. Mobilizazio hauek Aldundiari eta GUFEri langileen haserrea erakusteko helburua izan dute.

Hau da une honetan negoziazio mahaian gertatzen ari den dinamikaren emaitza:

  • Inflazioaren ondoriozko soldata-galera, KPItik urrun dauden igoerekin eta, are gehiago, sektore pribatuko eremuetan izandako igoeren azpitik.
  • Aurrerapenik ez kontziliazio eta erantzukidetasun neurrietan, baita neurriak hartzen dituzten pertsonak zikoizkeriaz eta mesfidantzaz tratatzea ere.
  • Telelanaren proposamen urria eta behe kategoria batzuekiko diskriminatzailea, langileekiko mesfidantzatik egina.
  • Egonkortze prozesuetan prozesu hauen berezko helburua, hau da, kontsolidazioa bera zailtzen duten erabakiak hartzea.
  • Erretiro-adina atzeratzeko eta erretiro aurreratua zigortzeko politika atzerakoienekin lerrokatzea (izan ere, alde bakarrez bertan behera utzi baitute erretiroa aurreratzea posible egiten zuen Giza Baliabideen Plana).
  • Gizarte-zerbitzuetan politika neoliberalak areagotzea, egoitzetako plaza publikoak suntsituz.
  • Euskeraren normalizazio planeko neurriak aplikatzeko interesik eza, eta hautaketa-prozesuetako destinoak aukeratzean hizkuntza-eskakizuna dutenekiko jarrera zigortzeailea.
  • Atzerapenak eta hartutako konpromisoak ez betetzea: berdintasun plana, lekualdatze-lehiaketak, …
  • Behe kategorien suntsiketaren eta prestigioa kentzearen bidea Administrazio guztiz teknifikatuaren norabidean.
  • Lan osasunean atzerapausu nabarmenak (esate baterako osasun arrazoiak izanda ere telelana ukatzeko erabakiak).
  • Interinoekiko bidegabeko diskriminazioa.

Azpimarratu nahi dugu blokeo egoera hau EAJk Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko proposatu duen hautagaiaren garaian gertatzen ari dela nagusiki; Elixabete Etxanobe da gure negoziazio eta lan harremanen arduradun politiko zuzen eta nagusia, eta bera ardura honetan dagoenetik sindikatuok, murrizketak eta blokeoaz gain, planteatutako gaiei buruz jaramonik ere ez egitea pairatu behar izan dugu. Zintzoki ez dugu uste hori denik bizkaitarron arazoez ardura nagusia hartu nahi duen pertsonak erakutsi beharko lukeen jarrera, halako jarrerarekin, ahaldun nagusi ateraz gero bizkaitarrok gureak eginda gaude.

Hala, Funtzio Publikoko gaien Ahaldun bezala eskakizun bat helarazi nahi diogu, negoziatzeko borondatea erakus dezan.

LABen ustez, une honetan badira agendan etorkizuneko Bizkaiko zerbitzu publikoak definitu dezaketen gai oso garrantzitsuak, hala nola nolako tokia eman nahi zaion Aldundian eta GUFEn euskarari, digitalizazio eta telelanaren aukerak baliatuz lan egiteko eta gure zerbitzuak emateko era eraginkorrago eta inguruarekiko errespetuzkoagoa eraikiko dugun ala ez, lan egonkotasunaren alde egiten den ala ez, adinekoen zaintzarako zerbitzuak pribatizatzen jarraituko duten ala plaza publikoak sortuko dituzten, langile interinoen eskubideak berdintzeko ahaleginak egiten diren ala ez, adineko langileen erretiroa aurreratuz zerbitzu publikoetan langile gazteei aukerak ematen zaizkien ala ez, kontziliazioa errazten den ala mehatxutzat jotzen den…

Gai hauek guztiek garrantzia handia izan dezakete Bizkaiko instituzio nagusian lan egiten dugun pertsonentzat, baina baita zerbitzu publikoen jasotzaile diren bizkaitar guztientzat, eta hauei heltzeko jarrerarik onena blokeoa gainditzea eta benetan entzuketa aktiboa praktikatzea dela irizten diogu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...