2026-10-25
HomeEkintza PolitikoaLangabezia gorantz doan bitartean, langileria arriskuan dago lan erreforma onartuz gero

Langabezia gorantz doan bitartean, langileria arriskuan dago lan erreforma onartuz gero

Urtarrilean langabeziak gorantz egin du. Egun, 14.8761 langile daude langabezian Hego Euskal Herrian, Abenduan baino 1.890 langile gehiago.

Aurreko hilabeteetan behin eta berriz salatu dugu sortzen ari zen enplegua prekarioa zela, zaurgarria, merkatuaren beharren arabera sortu eta desagertzen den enplegua. Eta gaur, esandakoa berretsi besterik ezin dugu. Izan ere, datuak oso argiak dira. Nork galdu du enplegua azken hilabetean? Gazteek eta emakumeek. Eta zein sektoretan? Zerbitzuetan, prekaritatea nagusitzen den sektorean.

Espainiako Estatuko gobernutik helarazten ari diren mezu triunfalisten atzean errealitate iluna besterik ez dago. Hego Euskal Herriko kontratu berri guztien %88 behin-behinekoa izan da. Eta gainerako %12a ere erabili eta botatzeko enplegua izan daiteke, bihar onartzeko asmoa duten lan erreformak ez baitu kaleratze merkea desagertuko. Langileriak estatistikak hobetzeko plan batez harago, lan baldintzak eta lan harremanen eredua benetan aldatuko dituen erreformak behar ditu.

Merkatuaren beharren arabera sortzen da enplegua, eta ez langileon eta jendartearen beharren arabera, eta merkatuaren arabera desagertzen da berriz. Sortzen ari den enplegua prekarioa da, gero eta prekarioagoa. Eta bihar onartu ahal duten lan erreformak sortzen den enplegua prekarioa izaten laguntzen jarraituko du, behin-behinekoa. Izan ere, nahiz eta behin-behinekotasunaren aurkako neurriak hartu praktika behin-behinekoa izango da, kaleratzeak oso merke egin ahal izatea mantentzen baita.

Bihar onartuko den lan erreformak Raxoiren Gobernuaren lan erreforma betikotuko du. Bukatu dira lan erreformaren aurkako borrokak Estatuan, ezkerraren izenean lan erreforma baliozkotuko baitute onura txiki batzuen truke. Gogoan izan behar dugu orain dela 40 urte izan zela lehen lan erreforma sakona eta ordutik hona lan erreformaz lan erreforma ibili garela, eta denetan urrats berriak eman dituztela prekaritatean sakontzeko.

Azken lan erreformak, 2013koak, lan harremanen izugarrizko eraldaketa suposatu zuen, eta behin eta berriz aipatu izan ditugun ondorioak ekarri zituen: pobrezia areagotu zuen, langileen arteko arrakala, langileen arteko atomizazioa azkartu, kaleratzeak erraztu, kaleratze kolektiboetan kontrol administratiboa gutxitu… hau da, desarautze izugarria ekarri zuen. Bihar onartuko den lan erreformak ez dio egiturari berari inolaz ere eragiten, patronalak berak esan izan duen moduan.

Gaur euskal gehiengo sindikalarekin batera lantegietan eta kalean mobilizatzen ari gara lan erreformaren aurkakotasuna adierazteko, lan erreforma honek langileon arazoak ez dituela konponduko salatzeko eta bertako lan harremanetarako esparrua aldarrikatzeko, alternatibak bertatik etorriko baitira, argi geratzen ari den bezala, eta ez Madriletik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.

Vicinayn proposatutako kaleratzeak eta ABEE berria arbuiatzen ditugu, eta operazioaren atzean dauden interesei buruzko zalantza adierazi dugu

Plantillak hainbat urte daramatza Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak pairatzen eta sakrifizioak egiten, eta orain enpresaren jarduerarekin loturiko arazoak ere langileek ordaindu behar izatea onartezina da sindikatuarentzat. Damaso Quintanak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak babestutako operazioaren lehentasuna, enplegua eta Vicinayren industria-etorkizuna bermatzea baino, enpresaren lursailak ez ote ziren planteatu du LABek.

Amarratzaileen aurkako jazarpen sindikal larriaz ohartarazi du LABek, eta langileen antolaketarekiko konpromisoan berresten da

Sindikatuak agerraldia egin du Bilboko Portuan, sektorean askatasun sindikalaren aurkako erasoak etengabeak direla salatzeko eta arduradunei argi uzteko LABek ez duela bazter utziko langile klasearen eskubideen alde borrokatzeko bere betebeharra. Enpresak LABeko hiru ordezkari kaleratu ditu eta hainbat zigor ezarri ditu, mehatxuak eta xantaia baliatzeaz gainera.