2026-03-18
HomeEkintza SozialaPolitika sozialaLangabezia, murrizketak eta gastu militarraren aurka kalera ateratzeko deia egin dugu Ezkerraldean

Langabezia, murrizketak eta gastu militarraren aurka kalera ateratzeko deia egin dugu Ezkerraldean

Hainbat eragile sozial eta sindikaletako ordezkariek, LAB sindikatuko zenbait kidek tartean, elkarretaratze bat egin dugu gaur Barakaldon, BEC-en aurrean, bertan egiten ari diren enpleguaren eta azpikontratazioaren azoka dela eta. Larunbatean Santurtzi eta Sestao lotuko dituen martxarako deia egin dugu bertaratutakoek, Ezkerraldean bizi den egoera prekarioa salatu eta gero.

Hauxe da larunbateko martxaren harira eragile sozial eta sindikalok egindako irakurketa:

Hilez hil Ezkerraldea da nagusi langabezia eta pobrezia tasetan: 20.000 langabetu; biztanleria aktiboaren % 19, hain zuzen. % 73k ez dute inolako langabezia-sorospenik. Horretaz gain, lanetiko kaleratzeak eta kontratu prekarioak ditugu eskualdeko enpresa nagusietan.

Egoera are larriagoa da emakumeen errealitateaz hitz eginez gero. Langabezia-tasa %22koa da. Horri prekarietate-tasa handia gehitu behar zaio: zerbitzu-sektoreko (dendak, ostalaritza, garbiketa… ) langileen % 84 emakumeak dira. Horrekin batera lanaldi partzialeko kontratuak: horien % 78 emakumeek beteta; edo behin-behineko kontratuak, emakumeen % 28k beteta. Ezkerraldeko emakumeek soldata-diskriminazio argia jasaten dute: beren soldata % 26 txikiagoa da.

Era berean, gazteen artean langabezia %32koa da. Krisialdi ekonomikoaren azken bost urteotan, mila inguru izan dira Estatu Espainoletik kanpo joan diren Ezkerraldeko gazteak.

Langabezia eta babesgabetasun handi horiek gizartean dauden desberdintasunak areagotzea dakarte: lagunen % 8,6k mantenu-pobrezia jasaten dute; %2’1ek pobrezia metagarria; eta % 5,2ek muturrekoa. %13,6ek ongizate hutsunen bat jasaten dute. Hiru aldiz handiagoa da emakumeek jasaten duten pobrezia. EAEko pobreziaren % 25 Ezkerraldean biltzen da.

Horren ondorioz, gero eta familia gehiagok jotzen dute Caritas-era, Gurutze Gorrira edo Elikagai Bankura. Zehazki, 21.500 familiak bizirik irauten dute erakunde ongigile horien laguntza lanari esker.

Kontuan hartu behar da Ezkerraldean astean behin 9 familia etxegabetzen dituztela.

Hori ikusita, egungo krisi ekonomikoaren ondorioak jasatzen ditugunok – gainera, haren erantzuleak ez gara- kalera irtengo gara, alde batetik, eskualdeko enpresetako langabezia egoerak, kaleratzeak eta EEEak (ERE) salatzeko; etxe-kaleratzeak eta gizarte babesean izandako murrizketak salatzeko… Eta bestetik, dagozkigun Eskubide Sozialen eta duintasunaren alde egiteko, enpresari, bankari eta politikari ustelen aurrean.

Arrazoi horiek guztiak direla eta, dei egiten diegu Ezkerraldeko bizialgun guztiei parte hartzeko datorren larunbatean, ekainaren 10ean, “Santurtzitik Sestaorako Ezkerraldearen aldeko Martxa” mobilizazio jendetsua izan dadin; Santurtziko parketik abiatuko da eguerdiko 12etan. Aurten, gainera, hogeigarren urteurrena beteko du.

Laburbiltzeko, ekimen hau gure eskualdeak jasaten duen gizarte haustura larria salatzeko sortu da, hain zuzen ere, langabezia-indize kezkagarriak, lan prekarietate handia, pobrezia egoerak eta etxe-kaleratzeak ugariagoak direla-eta dugun gizarte haustura; gizarte arloan murrizketak salatzeko: udal gizarte-zerbitzuetan, gizarte-prestazioetan eta zaharrentzako laguntzetan.

Baina egoera hauek ez dira berez sortzen. Administrazioek neurriak sustatu dituzte, langileek, eta herritar guztiek, dituzten lan eskubideak eta eskubide sozialak murrizteari begira. Eskualdeko udalak izan dira lehenengoak murrizketa politika eta zerbitzu publikoen pribatizazioa bultzatzen. Horrek larriagotu egin du egungo krisialdi ekonomikoak jota dauden milaka familiaren egoera.

Gizarte eta lan arloan murrizketak egiten diren bitartean, ikusten dugu zer-nolako diru-xahutzea dakarren gastu militarrak: 33.762 milioi euro, 2017.urte honetarako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei esleitu dizkietenak; horietatik, kupoaren bidez, 500 milioi ateratzen dira EAEtik.

Era berean, gerra-gatazkei ihes egiten dieten milioika lagun errefuxiatuei elkartasuna adierazteko izango da mobilizazio hau. Errefuxiatuoi ez zaie inolako eskubiderik aitortzen; eta, gainera, haien aurka NATOren gerraontziak bidaltzen dituzte, Europara ez iristeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.