LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatzen duten lan osasuneko intersindikalak agerraldia egin du Bilbon, 2024ko ezbeharren txostena aurkezteko. Adierazi dute 2024an 2023an baino lan-istripu gehiago egon dela, bai sindikatuen datuen arabera, baita datu ofizialen datuen arabera ere.
Nabarmendu dute azken 10 urteotan gutxienez 612 langile hil direla istripuz Euskal Herrian, horietatik 64 2024an. Gaineratu dute istripu kopuruaren igoerak ez duela etenik, nahiz eta gero eta langile gehiago ari den zerbitzu sektorean (%73), hau da, istripu traumatiko gehien eragiten dituzten sektoreetatik kanpo.
Aurkeztutako txostenak bi atal nagusi ditu. Lehenik eta behin, sindikatuek lortutako datuei dagokiena, batez ere heriotzen ingurukoak jasotzen dituena. Honetan, 2024ko lan heriotzan zerrenda osoa erantsi dute. Eta bigarrenik, datu ofizialen inguruko hausnarketa.
Sindikatuen datuak
- 2024an izandako lan-heriotzei dagokienez, adierazi dute 19 langile hil direla istripu ez traumatikoetan, 18 kolpe edo harrapaketen ondorioz (horietatik 7 kasutan makinekin zerikusia zuten), 15 errepidean (in itinere edo in mision istripuak) eta 11 altueratik erorita.
Honekin lotuta, sektore kritikoak ere identifikatu dituzte, hala nola basogintza (hildako 3 langilerekin), arrantza (2 hildakorekin), nekazaritza (3 hildakorekin, bi pistetan hildakoak kotxe istripuetan eta bat traktorea iraulita), industria (19 hildakorekin, horietatik 7 makinekin lotutako istripuetan), eraikuntza (11 hildakorekin), garraioa (14 hildakorekin, horietatik 4 ez traumatikoak). Hildako 10 langile azpikontratatuta ari ziren.
Datuek berriro berresten dute sektore jakin batzuetan istripuz hiltzeko probabilitate gehiago dagoela, hala nola basogintzan, industrian, garraioan, eraikuntzan, nekazaritzan edo arrantzan.
Eremu azpikontratatuetan izaniko heriotza kopuru altua ere aipagai izan dute. Azpikontratetan osasun araudia neurri txikiagoan betetzen da, prekaritatearen ondorioz.
Bestalde, ohiko istripuetatik haratago, heriotza ez traumatikoek (arazo kardiobaskularrek sortuak) presentzia oso garrantzitsua dute, istripu hilgarrien %30 hain zuzen ere. Estresak, lan erritmoek eta ratioek eragin zuzena dute honetan.
Sektore bakoitzean aritzen den langile kopurua aintzat hartuta, basogintza intentsiboak utzi ditu aurten ere datu latzenak.
Garraiolarien egoerak ere aipamen berezia eskatzen du, gero eta okerragoa baita. Sektoreko langileen baldintzak urtetik urtera gogortzen ari dira eta eragin zuzena dute euren osasunean. 14 heriotza izan ziren 2024an sektore honetan.
Industria sektorean 19 hildako izan dira 2024an, aurreko urteko kopurua berdinduz. Azken urteetan salatzen ari garen moduan, istripu horietako asko makinen araudia betetzen ez delako izaten dira, eta aurten 7 hildako izan dira azken arrazoi honengatik.
Eraikuntzak 11 hildako utzi ditu Euskal Herrian 2024an, 2023ko datuen bikoitza. Hala, 2023ko datuek erakusten zuten beheranzko joera eteten dute 2024koek. Hauen artean altueretako erorketek pisu handia dute.
Nekazaritza eta arrantza 5 hildako izan dira. Sektore hauetan, bat egiten dute prekaritateak eta bideragarritasun ekonomiko eskasak.
Errepideetan (in itinere edo in mision istripuetan) hildako langile kopuruak gora egin du 2024 urtean, eta 15 heriotza izan dira. Nafarroan gertatu dira istripu horietako asko, eta joan zen apirilaren 28an Iruñeko Gazteluko Plazan ekintza batekin salatu genuen hau.
Datu ofizialak
2024an enpresek zein mutualitateek 102.000 lan istripu aitortu dituzte, eta erdiek baja eragin dute. Hala ere, pentsatzekoa da hauetako asko aitortu gabe geratu direla.
Gobernuek lan-heriotzen inguruko datuak ere izkutatzen dituzte. Hauen artean laneko heriotza bezala hartzen ez diren garraiolarienak edo in itinere zein in mision istripuak daude. 2024ko kasuen artean, laneko heriotza moduan aitortu ez den kasu bat aipa daiteke. Joan zen irailaren 16ean Irunberrin eraikuntza lanetan ari zen 42 urteko langilea aldamiotik erori eta zauri larrien ondorioz hil zen. Hasiera batean ofizialki lan istripu bezala kudeatu zen arren, mutualitateak Osasunbideak eginiko autopsiaren datuak eskuratu zituen eta hauek baliatuz eragin laborala ukatu zuen, istripu arrunt bezala kalifikatuaz. Sindikatuek adierazi dute istripu eta heriotza hauetako asko euren afiliatu sarearen bidez ezagutzen dituztela. Sindikatuen datuen arabera, 64 izan ziren 2024an lanean hildakoak, eta datu ofizialen arabera, 47.
Azken urtean mutualitateen ariketa zital berri bat azaleratzen ari da indar handiz: enpresek aitortutako eta komunikatutako istripu traumatikoak ez onartzea. Adibide larriak daude enplegu zentru berezietan (adibidez GUREAK-en): istripu traumatiko nabarmenenak ere ez dira lan istriputzat onartzen. Horretarako, mutualitateek langileek aniztasun funtzionala dutela baliatzen dute eta enpresaren arduratik aldentzen dute lesioa. Iruzur horrek, baja arrunta tarteko, langilearen soldatan du eragina eta askotan borondatezko altak eskatzera beharturik ikusten dira langileak ekonomikoki itota geratzen direlako. Hala ere, 102.000 izan dira mutualitateek aitortutako lan istripuak.
Sektore batzuetan lan eginda probabilitate gehiago dago hiltzeko (basogintzan, eraikuntzan, industrian edo garraioan, besteak beste) eta beste batzuetan aukera gehiago dago da gaixotasun profesionalak garatzeko, eta honetan gero eta nabarmenagoak dira afekzio psikosozialak. Honetan sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortzitzena. Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz ez dute bizitzen uzten.
Adibide horiek eta beste hainbatek erakusten dute absentismoa ke-laino bat dela eta arazo nagusia laneko arriskuak direla, patronalak legedia urratuz eragiten dituenak, emaitza latzekin: 64 hildako eta 102.000 istripu traumatiko 2024an.
Laneko gaixotasunak
Laneko gaixotasunei dagokienez, elkarte enpresarialak diren mutualitateetako sendagileek erabakitzen dute lehen instantzian langileak pairatzen dituzten gaitzen jatorria lanekoa den ala gaitz arruntak diren. Mutualitateen amarruek eragiten dute, beraz, gaixotasun profesionalen azpierregistro lotsagarria.
Horren erakusgarri, Osasunerako Munduko Erakundea (OME) bezalako erakundeek aitortzen dutela, lan munduan, gaixotasunek heriotza gehiago eragiten dituztela istripuek baino. Aldiz, erregistro ofizialek laneko gaixotasunen gehiengo zabala ezkutatzen dute. Horrela, minbizi kasu guztien %30 eta 40aren artean izan daiteke lanetik eratorria (EAEn 43 izan ziren aitortuak 2023an). Bestalde, heriotza guztien %20a soilik izango zen istripu traumatikoek eragina eta beste %80a istripu ez traumatiko eta laneko gaitzek eragindakoa izango zen, hau beti ere OMEren aburuz.
30 langile hil ditu amiantoak 2024ean Asviamie eta Adavan-en arabera. Heriotza horiek ez dira datu ofizialetan jasotzen.
Datu ofizialak, beraz, testimonialak dira, ezin dira seriotasunez hartu. Ia 30 urte indarrean daramatzan lan osasuneko araudia ez da betetzen, patronalaren inpunitate osoz.
Erakundeek eta amaraun instituzionalak inpunitate hori babesten dute. Gobernuek ez dute patronala isuntzen eta honek ederki daki hori. Gobernuen mezua argia da, “zuek jarraitu horrela, ez baita ezer gertatuko”.
Iruzur honetan mutualitateak gakoa dira, patronalaren inpunitatea eta gobernuen antzutasuna baliatzen dituzten tresna. Absentismoaren mamua tresna berri bat da guzti honetan.Honela, Osalan eta NOPLOIek egiten dituzten plan garestien islada ez da inon ageri.
Egoera latz honen aurrean, intersindikala osatzen duten LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek urratsak ematen jarraituko dute:
– Ekimen berriak eta ikusgarriak burutuko dituzte.
– Istripu hilgarrien ondoren kontzentrazioak egiten jarraituko dute eta baldintzak ematen direnean enpresen jarduera geldiarazten.
– Istripu asko dauden boladetan mobilizazio bereziak egingo dituzte Patronala eta Gobernuak interpelatuz.
– Mutualitateen publifikazioa lortzeko borroka ezberdinak piztuko dituzte.
Bestalde, Gobernuei exijitzen diete patronalari araudia betearazteko bitarteko errealak ipini ditzatela:
– Osalaneko eta NOPLOIko teknikariek isuntze gaitasuna eman.
– Ikuskari kopurua biderkatu.
– Ikuskariek ofizioz enpresak zelatatzeko eskumena izan dezatela, ardura guztia delegatuen gain utzi gabe.
– Patronalaren inpunitatea apurtzeko erabakia hartu eta kanpaina koertzitibo gogor bat abian ipini dezatela.
– OSALAN eta NOPLOI fiskaltzarekin koordina daitezela kausa penalak dinamizatzeko.
– Laneko Osasun eta Segurtasunaren Institutu Nazionalak laneko gaixotasun oro horrela katalogatu dezala, bereziki sektore feminizatuetan eragin handia duten gaixotasun psikosozialak.