2026-02-03
HomeEkintza SindikalaLABentzat ezinbestekoa da Gipuzkoako eraikuntzan lan baldintzak hobetzea eta langileen lan osasuna...

LABentzat ezinbestekoa da Gipuzkoako eraikuntzan lan baldintzak hobetzea eta langileen lan osasuna bermatzea

Gaur, urtarrilaren 27an, Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmena berritzeko mahaia osatu da. Mahai honetara sektoreko langileekin lanketa bat egin eta helburu argiekin etorri da LAB. Langileen lan baldintzak hobetzea eta langileen lan osasuna bermatzea ezinbestekoa da.

Bide horretan LABek proposamen zehatzak egingo ditu:

  • 2 urteko indarraldia.
  • KPI+%1,5eko soldata igoera urte bakoitzerako.
  • Lanaldi murrizketa.

Ez da berria Gipuzkoako Eraikuntzako hitzarmena sektorean lan egiten duten langile askori ez zaiela aplikatzen eta enpresa handiek azpikontratazioaren bidez gastuak murriztu eta lan baldintza oso prekarioetara eraman dutela sektorea urteetan zehar. Hau horrela, beharrezkoa da azpikontratazioaren kontrol bat ezarri eta lan hitzarmenaren aplikazioaren inguruko bermeak ezartzea.

2024a urte beltza izan zen sektorearentzat, datu ofizialen arabera 161 istripu izan ziren eta 9 langile hil ziren Hego Euskal Herrian. Ezin ditugu ahaztu, hala ere, enpresek ezkutatutako beste ehundaka istripu. Heriotza gehienak altueratik gertatutako erorketen ondorioz izan ziren eta noski, hau prebentzio neurririk ez hartzeagatik gertatu da. Gainera, aurreko urteekin alderaturik, heriotza eta istripu tasak bikoiztu egin ziren 2024ean.

Onartezina da istripu eta heriotza tasa ikusirik hitzarmenak lan osasuna bermatzeko inongo neurririk ez jasotzea. Bide horretan proposamen zehatzak egingo ditugu:

  • Langileen osasuna bermatzeko eta prebentzio neurriak hartzeko lan osasuneko batzordeak osatzea.
  • Hitzarmena langile guztiei aplikatzen zaiela bermatzea.
  • Azpikontratazioari mugak jartzea.

Hurrengo bilera otsailaren 10ean izango da, bertan plataformak aurkeztuko ditugu negoziaketari ekiteko.

LABek hitzarmen duina aldarrikatzen du Gipuzkoako eraikuntzan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

[IRITZIA]: Erantzuna Amaia Antxustegiri: ratioak betetzen dira… baina hori ez da zaintzea

Jarraian duzue Itsasne Nuñez Bilboko idazkaria eta Juankar Vizan Soziokomunitario sektoreko Bizkaiko arduradunaren iritzi-artikulua. Amaia Antxustegik Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dituen azken adierazpenek, etxebizitza komunitarioetan...

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...