Konecta BTO enpresak, Iberdrolako bezeroei arreta telefonikoko zerbitzua ematen diena, 70 langile kaleratu ditu arrazoi ezberdinengatik urte eta hiru hilabetetan, 2010eko abenduan Gueñeseko lan-zentrora iritsi zenetik.
Zerbitzua emateko Customer Works eta Konecta artean gertatu zen enpresa-aldaketaren ondoren, zeinetan langileek 17 egunetako greba egin baitzuten subrogazioa lortzeko, estintzioko Enplegu Erregulazio Espedientea atzera bota zuen hasiera batean Lan Ordezkaritzak. Azken honek, langileen antzera, subrogazio prozesu bat zela antzeman zuen. Enpresa ez zen konforme agertu eta helegitea aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Lan Sailean, azken honek, azkenean, kaleratzeak ahalbidetu zituen.

Ordutik hona, aintzinatasuna eta aurreko eskubideak eskatuz langileak aurkeztutako salaketa ezberdinak aurkeztu dituzten epaitegi guztiek arrazoia eman diete langileei, Eusko Jaurlaritzaren erabakia auzitan jarriz.

Eusko Jaurlaritzaren erabakiak zein langileak ez subrogatzeko Iberdrolaren azpijokoak auzitan jarriak izan dira. Erakutsi den moduan, botere ekonomikoek, interesatzen ez zaienean, ez dute legea betetzen eta botere politikoek, aurrekoen zerbitzura, nahi dutena ematen diete.

Egun, lan erreforma berriarekin, patronalaren nahien arabera idatzia eta PPk onartua (honek ez du zalantzarik izan langileen eskubide guztiak paper errea bihurtzeko), merke kaleratzeko modu berri bat aurkitu dute.

Pasa den martxoaren 1ean, 15 egunetako aurreabisurik gabe (honek enpresa “eredugarri” honen dorrearen inaugurazioa zapuztuko luke), langileak egunero bezala joan ziren lanera. Egun horretan 11 langile banan banan deitu zituzten bulegora euren bidezko kaleratzea jakinarazteko. Arrazoia, bi hilabetez lanaldiaren %20 baino gehiago bajan egotea, medikuaren justifikazioarekin. Honek suposatzen du 8 egunez bajan baldin bazaude kaleratua izan zaitezkeela, urteko 20 egunetako kalteordainarekin eta 12 hilabeteko soldataren topearekin. Esan beharra dago, topera heltzeko, 18 urtetako aintzanatasuna izan behar dela. Modu bitxian, langile hauei, kalteordainean, euren aintzinatasun osoa ordaintzen diete, kasu batzutan 8 urte, hau da, Resulta eta Customer-en arteko aldaketaren aurrekoa. Enpresak bere tesia defendatuko balu, 15 hilabetetako aintzinatasuna izango lukete eta hilabeteko soldatara iritsiko ez litzatekeen kalteordaina.

Guzti honi gehitu behar zaio enpresak, kaleratzea izandako data berean, beste 7 langileri lekuz aldatzeko egindako eskaintza. Azken hauek Bartzelonara bidali nahi ditu eta onartuko ez balute, bidezko kaleratzeagatiko kalteordain mota bera izango lukete. Hauxe da erreformak zabaldutako beste gai bat. Zaila da langile bat lekuz aldatzea, berton familia, konpromisoak eta hipotekak utzita eta bizimodu berri bati ekitea 900 eurotako soldatarekin. Izkutuko kaleratzeak direla ulertzen dugu.

Hori dela eta, guk, Irantzu Llamosas eta Leire Sainz-Ezkerrak, LABeko delegatu moduan, momentu honetan hasita mugagabeko gose greba hastea erabaki dugu. Gueñesgo Kultur Etxean burutuko dugu gose greba, botatzen gaituztenera arte. Izan ere, EAJren agintepean dagoen udalak lokala ukatu digu. Botatzen bagaituzte ez dugu greba utziko, beste aukera batzuk lantzen ari garelako. Determinazioa argia da, gure aldarrikapenak honakoak dira:

– 11 kaleratuak berronartzea.
– Aipatu 7 lankideak lekualdatzeko agindua bertan behera uztea.

Badago beste faktore bat neurri batean kaleratze hauek ahalbidetu dituena. Udalak, Iberdrolarekin lan-zentroa herrian ezartzeko egindako akordioan, lurzorua utzi zion 3 urtez soilik enpleguari eusteko konpromisoarekin. Aipatu konpromisoa 2005ean bukatu zen.

Lurzorua uzteko akordioa 75 urterako da eta enpresa elektrikoak urtean 600 eurotako kanona soilik ordaindu behar du, ordaintzen ez duena, erosteko aukerarekin eta kopuru hauek azken kopurutik deskontatuko lirateke.

Hori dela eta instituzioei ere dei egiten diegu kontratu hau bernegoziatzeko eta Gueñesgo lan-zentroaren aldeko apustua egin dezan, Bartzelona eta Txilen beste lan-zentro batzuk nola hazten diren ikusten baitugu, Bizkaian isten dituzten bitartean.