2026-09-21
HomeEkintza SozialaLABek salatu du Nafarroako Rural Kutxak langileen hipoteka gastuen dirua bahituta mantentzen...

LABek salatu du Nafarroako Rural Kutxak langileen hipoteka gastuen dirua bahituta mantentzen duela

LAB sindikatuaren etxebizitza asanbladako afiliatu ordezkaritza batek erreklamazio kolektibo bat aurkeztu du gaur Iruñean, Nafarroako Rural Kutxak Iruñeko Foruen Plazan duen sukurtsalean, banketxe hori modu ilegalean ari baita hipoteka gastuen auzian jokatzen, justizia auzitegiek abusuzkotzat jotako klausulen bidez kobratutako hipoteka gastuak itzultzeari uko eginez.

Kutxaren egoitza nagusiaren atarian, LABeko afiliatuek salatu dute Nafarroako Rural Kutxak sistematikoki modu negatiboan erantzuten diela egindako erreklamazioei. Kutxa horrek ez du itzuli nahi izaten lege-babesik gabe kobratutako dirua, nahiz eta jakin badakien legez behartuta dagoela notariotza, gestoria, tasazio eta jabetza-erregistroko gastuengatik kobratutako hipoteka-gastuak itzultzera.

LABek salatu nahi du kutxa eta banketxe gehienak nagusikeriaz jokatzen ari direla hipoteka gastuen auzi honetan eta, erreklamazioei batzuei batez ere baiezkoarekin erantzuten dieten arren, beste asko ezezkoan kateatuta daudela. Azken horien artean nabarmentzen da Nafarroako Rural Kutxa, legez kanpo kobratutakoa itzuli beharrean, bere bezero guztiei itzulketa eskariei ezezko erantzuna ematen ari zaielako, ongi baino hobeki dakienean bere hipotekadunei gehiegizko kontzeptuengatik diru kopuru bat kobratu ziela.

LABek Rural Kutxari exijitzen dio iruzur egin zaien langileen eskaerei baiezkoarekin erantzun diezaiela eta dirua itzul diezaiela. Era berean, etxebizitzarekin negozioa egiteari uzteko eskatzen dio. Izan ere, LABek gogorarazi nahi du higiezinen sektorean Rural Kutxa Nafarroako bigarren patronal pribatua dela eta, beraz, herrialde honetan azken urteetan izan den prezio-igoera mugagabearen arduradun zuzena dela. Beraz, Nafarroako Rural Kutxa ere langile klasearen interesen aurka etxebizitzarekin espekulatzearen arduraduna da.

Badira hilabete batzuk-batzuk LAB etxebizitzaren eremuan antolatzen hasi zela, bizi dugun krisi larriari erantzun eraginkorrak eskaintzeko asmoz. Iruñerriko asanbladak hainbat borroka prozesu martxan izan ditu eta tartean hipotekatutako afiliatuen erreklamazioak modu kolektiboan erreklamatu izan ditu. Etxebizitzaren negozioa eteteko eta kapitalak etxebizitzaren prezioaren bidez langileen soldatatik egiten duen espoliazioa ezabatzeko borrokan jarraituko duela adierazi du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.