2026-03-15
HomeEkintza SindikalaLABek Osakidetzan beste bi pribatizazio saiakera gelditu ditu, diru publikoko milioi eta...

LABek Osakidetzan beste bi pribatizazio saiakera gelditu ditu, diru publikoko milioi eta erdi euro esku pribatuetara joatea eragotziz

Azken asteotan, LAB sindikatuak bi pribatizazio saiakera geldiaraztea lortu du Osakidetzan. Azken urteetan ildo honetan egindako lanari esker, guztira 303 milioi euro dira esku pribatuetara ez pasatzea erdietsi ditugunak, publikoa eta denona dena defendatuz.

Zifra horiek Osakidetzak pribatizazio bolumenari buruz egin dituen adierazpenak baino handiagoak dira, eta gainera, txiki uzten dituzte “osasun-itun”aren baitan Confebask-ek gidatutako kanpo-kontratazioetan aitortzen diren kopuruak.

1. IKTen euskarri eta mantentze-zerbitzuak

Lehen pribatizazio saiakera Osakidetzako komunikazio, lankidetza, prestakuntza eta web osagai korporatiboen arloetako IKTen baliabideen euskarri- eta mantentze-zerbitzuen kontratazioari dagokio, 1.128.960 euroko balio estimatuarekin.

Osakidetzak denboran luzatu den kaos informatiko batean jarraitzen du: kontratazio-zerrendak akatsez gainezka daude, eguneraketak ez dira behar bezala egiten, eta bai egonkortze-prozesuetako bai EPE arruntetako zerrendak okerrak dira. Ondorioz, plaza batzuk gaizki esleitzen dira eta lekualdatze-lehiaketek urteetako atzerapenak dituzte. Guzti hori zuzendaritzak “arazo informatikoen” aitzakiarekin justifikatzen du.

LABen ustez, egoera hau guztia kanpoko enpresek Osakidetzan duten inpunitatearen ondorio zuzena da. Mahai sektorialetan behin eta berriz galdetu dugu zer neurri hartu diren akats larriak behin eta berriz egiten dituzten informatika-enpresek zuzentzeko, baina zuzendaritzak ez du erantzunik eman.

Osakidetzak informatika-zerbitzuen zuzendariordetza propioa badu ere, argi dago zuzendaritzak ez duela interesik zerbitzu horiek bere gain hartzeko; kontrakoa egiten du, ardura enpresa pribatuetan eskuordetzen jarraituz. Jarrera horrek interes publikoaren aurkako praktika sistematikoaren erakusle da eta zuzenketa urgentea behar du.

2. Debagoieneko ESIrako instalazio termikoen mantentze lanak

Bigarren pribatizazio saiakera Debagoieneko ESIrako instalazio termikoen mantentze zuzentzaile eta prebentiboen lanen zerbitzuari dagokio, 392.400 euroko balio estimatuarekin.

Osakidetzak enpresa jakin batzuk babesten jarraitzen du, bere eraikinetako instalazio termikoen mantentze-lanak egiteko soilik haiek gai direla esanez. Hala ere, lan horiek zuzenean egin daitezke Osakidetzako langileekin, eta horrela jada egiten dira hainbat kasutan: gure langileek iragazki-aldaketak bezalako zereginak egiten dituzte, nahiz eta enpresek plegoetan sartuta fakturatzen dituzten.

Horregatik, Osakidetzaren jarrera soilik justifika daiteke kanpoko enpresa horiek azpikontratazio bidez mantentzeko interes politiko eta ekonomikoa badago. Izan ere, kontratazio zuzenaren bidez Osakidetzak berak egin ditzake lan horiek, gaitasun teknikoa eta baliabideak baditu. 

LABen ustez, horrek esan nahi du Osakidetzak ez duela betetzen sektore publikoko kontratuen legearen 30.3 artikulua. Kanpo-kontratazio horien atzean ez dago bestelako justifikaziorik, pribatizazioa bulzatzea baizik.

Gauzak horrela, LABek berresten du Osakidetzako pribatizazioa estrategia planifikatu eta iraunkorra dela: osasun publikoaren egitura ahultzea eta interes pribatuentzako ateak irekitzea du helburu. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Tubos Reunidosen, duintasunak, koherentziak eta klase-borrokak irabazi dute xantaiaren, mehatxuaren, beldurraren eta posibilismoaren aurrean

Gaur argi geratu da Tubos Reunidosen EREari buruz ez dela inolako akordiorik egon. Kontsulta-aldia astelehenean akordiorik gabe amaitu zela defendatzen genuenok zein luzapena proposatzen...

SIDENORen EZKUTUKO KALERATZERIK EZ! Lanpostuen defentsan borrokan jarraituko dugu

SIDENOR ACEROS ESPECIALES SLU-ko lan zentroetako LABeko ordezkariak bildu dira gaur agerraldi batean: Basauri, Azkoitia, Gasteiz eta Legutioko lantegietakoak, hain zuzen. Gure helburua bikoitza...

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokor arrakastatsua aurreikusten dute

LGS propio bat lortzeko aukerak zabalik daude, erronda politikoa eginda Hego Euskal Herrian eta Madrilen, eta patronalarekin negoziazioa mahaiak deituta EAEn eta Nafarroan ELA, LAB,...