2025-12-05
HomeEkintza SindikalaLABek gogor salatu du Tuterako Udalak sindikatuaren historiari buruzko erakusketa itxi izana

LABek gogor salatu du Tuterako Udalak sindikatuaren historiari buruzko erakusketa itxi izana

LAB sindikatuaren historia laburbiltzen duen 1974tik etorkizunera LAB zabaltzen izeneko erakusketak Tuterako La Rua gizarte etxean egon behar zuen ikusgai urriaren 1etik 9ra, biak barne, baina Alejandro Toquero UPNko alkateak erakusketa ixtea agindu zuen iragan larunbatean. LABek gogor salatu nahi du adierazpen askatasunaren aurkako eraso obsesibo hori eta Toquerori ohartarazi dio sindikatuak beharrezko bideak bilatuko dituela tuterarrek erakusketa hau ikusi ahal izan dezaten.

1974tik etorkizunera LAB zabaltzen izeneko erakusketa Nafarroako Parlamentuan egon zen ikusgai, aurtengo otsailean. Sindikatuaren 50. urteurrena ospatzeko hondarreko ekitaldia izan zen eta bere inaugurazioan Unai Hualde Parlamentuko lehendakariaz gain zenbait talde parlamentariotako kideak ere egon ziren. Erakusketa hark sindikatuaren historia orokorrari buruzko zertzelada batzuk ematen dituzten hamar panel handi jasotzen zituen, baita Maiatzaren Leheneko LABen kartel gehienak ere. Gainera, lau aldeko zutabe batzuetan, sindikatuaren Nafarroako istorio, datu eta irudi andana biltzen zituen.

Parlamentuko erakusketaren harira, UPNk eta CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteak zarata handia sortu zuten; lehenbizikoari ez baitzitzaion gustatu presoen sakabanaketaren aurkako LABen 2018ko mobilizazio bat iragartzeko kartela; eta bigarrena mindu omen baitzen LABen kartel zahar batean garai bateko CENeko lehendakaria sudurra luzatuta ageri zelako. Dena dela, eskuindarren kasketa gorabehera, erakusketak bukaera arte jarraitu zuen Parlamentuan, batere arazorik gabe, eta ehunka herritarrek ikusi zuten.

Tuterako erakusketa

1985. urte aldera hasi zen LAB Nafarroako Erriberan bere lan sindikala hedatzen. Duela 40 urte. Eta, hori gogoratzeko eta nabarmentzeko, Parlamentuko erakusketa Tuterara eramatea erabaki zuen, La Rua gizarte etxera hain zuzen ere. Horretarako, Tuterako Udalari beharrezko baimen eskaera egin zion uda aurretik, eta baimena sinatuta jasota, erakusketa irailaren 30ean muntatu zuen eta urriaren 1ean inauguratu zuen. Tuteran, Parlamentuan erakutsitako panel guztiak zeuden, baita LABek Erriberan eginiko lana erakusten zuten dozenaka argazki biltzen zituen zutabe bat ere.

Lerrook idazteko unean, Tuterako Udalak oraindik ez dio LABi erakusketaren itxiera komunikatu. Beraz, Udalak argitaratu duen oharraren bidez jakin du sindikatuak zer dela-eta itxi duten. LABen ustez, fantasia hutsa da ohar hori. Horren erakusgarri nabarmenena da Udalak asmatzen duela LABen erakusketak Jon askatu! izena duela. Ez da hala, noski. Erakusketa osoan ikus daitezkeen hamarka kartelen erreprodukzio txikien artean bada bat Jon Idigoras LABeko idazkari nagusia izandakoaren askatzea eskatzen duena ‒azkenean absolbitu zuten kausa baten ingurukoa, portzierto‒; baina kartel txiki horrek ez dio erakusketari izena ematen.

Tuterako Udalak Toqueroren aginduz idatzitako oharrak bere izenburuan baieztatzen du LABen erakusketak “ETAko presoak goratzen dituela”. Testu barnean, baina, baldintza erabili eta adierazi dute “ETAko presoei buruzko panelek terrorismoa goratzea iradoki lezaketela”. Aitzitik, zentsura eta debekua baldintzarik gabe aplikatu ditu Toquerok, eta tartean inolako salaketarik egon gabe, zigorra ezarri dio LAB sindikatuari.

LABek ulertzen du Alejandro Toquerok sindikatu hau atsegin ez izatea. LABek ere Toqueroren politika ekonomikoak eta enplegu politikoak gustuko ez dituen eta salatzen dituen moduan. Era berean, LABek ulertzen du Toqueroren alderdiak begi txarrez ikustea sindikatu honek Erriberan gero eta handiagoa duen presentzia. Baina areriotasun horrek ez du justifikatzen adierazpen askatasunaren aurkako eraso hau, balio demokratikoen guztiz kontrakoa baita.

Alejandro Toquero bezalakoen jauntxokeriek argi eta garbi erakusten duten zein garrantzitsua den UPNren eskuak Nafarroako erakundeetako lemetatik urruti egotea, batere aukerarik izan ez dezaten Nafarroako langileen bizitzen gaineko ezein erabaki hartzeko. LABek 50 urte baino gehiago daramatza halakoei aurre egiten, eta halaxe egiten jarraituko du, eta Toquerori ohartarazten dio beharrezkoak diren bideak bilatuko dituela tuterarrek beren hirian ikusi ahal izan dezaten hau guztia kontatzen duen erakusketa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...