2026-04-09
HomeEkintza SindikalaLABek Algeposako 16 langileren kaleratzea salatu du, Papresak kontratua eten ostean, eta...

LABek Algeposako 16 langileren kaleratzea salatu du, Papresak kontratua eten ostean, eta mobilizazioak iragarri ditu

LAB sindikatutik, Papresan (Errenteria) lan egiten duen Algeposako langileen ordezkari garen aldetik, jakinarazi nahi dugu Papresak Algeposarekin zuen kontratua bertan behera utzi izanak sortu duen egoera larria.

Joan den otsailaren 18an, Papresak Algeposari jakinarazi zion indarrean zuten kontratua bertan behera geratu zela. Hurrengo egunean, otsailaren 19an, Papresako instalazioetan azken lan eguna izango zutela jakinarazi zitzaien langileei. Erabakia bat-batean hartu zen, langileak erabateko ziurgabetasun egoeran utziz.

Erabaki horren ondorio zuzen gisa, Algeposak jakinarazi du Papresan lan egiten zuen plantilla osoari eragiten dion Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) bat aplikatu duela, 16 langileen kaleratzea emanez.

LABetik salatzen dugu egoera hau ez dela gertaera isolatu bat, baizik eta Papresak bizi duen egoera larriaren eta bere zuzendaritzak egiten ari den kudeaketaren lehen ondorio zuzena. Kudeaketa oso kaxkarra dela deritzogu eta enpleguan eta langileen bizi baldintzetan eragin zuzena izaten ari da, azpikontratazioek industria sarean sortzen duten prekarietate eta ezegonkortasunaren isla ere badena.

Ez dugu onartzen langileek enpresa-erabakien eta kudeaketa txarraren ondorioak ordaintzea. Erantzukizunak eskatzen dizkiogu Papresari eta Algeposari, bi enpresak baitira 16 langileei sortzen ari zaizkien egoeraren erantzule.

Egoera horren aurrean, langileek mobilizazioekin hastea erabaki dute, euren lanpostuen defentsan eta gertatutakoa publikoki salatzeko.

Lehenengo mobilizazioa datorren otsailaren 23an izango da, eta ez dugu baztertzen ekintzak areagotzea enplegua bermatuko duten benetako irtenbideak eskaintzen ez badira.

LABetik lan eskubideen defentsarekin dugun konpromisoa berresten dugu, eta ohartarazi nahi dugu ez dugula onartuko plantillak gatazka enpresarialetan trukerako txanpon gisa erabiltzea. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek eta ELAk greba dinamika abiatuko dute EAEko udal langileen sektorean

EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzea hemen eta orain negoziatuz. Apirilaren 23an...

Zumaiako Estaños Matienako langileek greba egingo dute euren osasuna eta segurtasuna berma daitezen exijitzeko

Hainbat lan istripu izan dira enpresa horretan, eta iragan urtarrilaren 31n langile bat hil zen lanean. Hala ere, enpresak ez du berehalako neurririk hartu...

LABek politika publiko propioak exijitzen ditu, Nafarroako erregularizazioa enplegu arloko eskubideak gauzatzeko eta beste askotan aurrera egiteko abiapuntua izan dadin

Nafarroako Gobernuko presidenteak deituta, gaur bilera egin dute enpleguari eta migratzaileen erregularizazioari buruz hitz egiteko. LAB sindikatuak enpleguaren erregularizazioan eta kontrolean hobekuntza bat exijitzen...