2025-12-05
HomeEkintza SindikalaLAB sindikatuak Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %18 lortu du lehenbizikoz, ia 1.300 delegaturekin

LAB sindikatuak Nafarroako ordezkaritza sindikalaren %18 lortu du lehenbizikoz, ia 1.300 delegaturekin

Gobernuak hilero ematen dituen datuen arabera, iragan uztailean, LABek Nafarroa Garaiko ordezkaritza sindikalaren %18ra ailegatzea eta gainditzea lortu zuen, 1.297 delegaturekin. LAB sindikatuak Foru Komunitatean inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena da hori, delegatu kopuruan zein ehunekoan.

Hauteskunde sindikalen nolakotasuna dela-eta ‒enpresa bakoitzak bere erritmoak baitaramatza‒, zaila da ordezkaritzaren ehunekoetan berehalako aldaketak gertatzea. Kontrara, aldaketak oso mantso izaten dira. Hala ere, aipatzekoa da azken urteetan LAB izan dela Nafarroan gehien hazi den sindikatua. Izan ere, 2008an 827 delegatu zituen (%12,48) eta 2025eko uztaila 1.297 delegaturekin bukatu zuen (%18,09).

2021 eta 2022 urteetan LABek halako geldialdi bat izan zuen bere hazkundean eta, delegatu kopuruari eutsi bazion ere, ehunekoan behera egin zuen. 2023 eta 2024 urteetan, aldiz, %18tik hurbil bukatu zituen, eta, azkenean, 2025eko uztailean lortu du hori gainditzea. Abuztuko datuek berresten dute LABek ehuneko hori mantentzen duela, eta horrek erakusten du sindikatu abertzalea %18 inguruan finkatu dela.

Azken lau urteetan, lau sindikatu nagusiek lortu dute delegatu kopuru absolutuetan gora egitea; nabarmen gora, eta horregatik Nafarroa osoko delegatu kopurua 7.000 baino gehiagokoa da aspaldi (2025eko uztailean 7.168 izan ziren). Baina LAB izan da ehunekoan gehien igo dena.

LABek badaki Nafarroako lau sindikatu nagusien artean laugarrena dela. Baina, era berean, jakin badaki orokorrean bere indarra oso beharrezkoa dela eta anitzetan nahitaezkoa ere izaten dela enpresetan edo sektoreetan gehiengoak osatzeko eta borrokak aurrera ateratzeko. Nabarmenentzekoa da, adibidez, Foru Administrazioko lehen sindikatua dela 77 delegaturekin, lehen indarra dela baita enpresa publikoetan ere, Nafarroako ikastoletan delegatu guztiak dituela, Esku-hartze Sozialean ordezkaritza osoaren %70 duela, edota Laneratze eta Gizarteratze enpresen sektorean delegatuen %63 duela, eta nekazaritza-abeltzaintza enpresetan lehen indarra izatetik oso hurbil dagoela ‒eta bere babesa nahitaezkoa izan zela azken hitzarmena onartu ahal izateko‒. Adibide gutxi batzuk baino ez dira horiek.

LAB sindikatuak, hauteskundeetan parte hartzen duen heinean, gero eta delegatu gehiago izan nahi ditu, noski. Baina ez sindikatua helburu bezala ikusten duelako, baizik eta sindikatua aldaketarako tresna garrantzitsu gisa ulertzen duelako. Eta tresna horrekin jarraituko du LABek, batetik, lan harremanak eta baldintza sozialak duintzearen aldeko eta prekarizazioaren kontrako borrokan, eta bertzetik, aldaketa sozialaren aldeko borroka bultzatzen.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...