2024-03-29
HomeEkintza PolitikoaEuskal HerriaLAB: “Euskal langileen inplikazioa, bultzada eta sostengua ezinbestekoa da nazio gisa ditugun...

LAB: “Euskal langileen inplikazioa, bultzada eta sostengua ezinbestekoa da nazio gisa ditugun erronkei aurre egiteko”

LABek bat egiten du Independentistak Sareak Iruñean antolatutako manifestazio eta ekimenekin eta dei egiten die euskal langileei bertan parte har dezaten.

Euskal Herriaren etorkizunarentzat erabakigarriak diren eztabaidak irekita diren honetan ospatuko dugu 2014ko Aberri Eguna. Erabakitzeko eskubidea eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean dago Nazioartean: Irlanda, Groenlandia, Flandria, Eskozia, Catalunya… Estaturik gabeko Herrien nazio askapen prozesuak indarrean dira. Finantza egiturak, elite kapitalistak, multinazionalak…. Boterea pilatzen jarraitzen duten bitartean, herrien burujabetza politiko, ekonomiko eta soziala gero eta beharrezkoagoa izaten ari da.

Euskal Herrian langileon egoera geroz larriagoa da. Aurten, iaz baino okerragoa. Langabezia tasa bataz-beste %15az gaindikoa da; lana duten 10 langiletik 2 pobrezia egoeran daude, eta 10 langiletik 4 (lana izan ala ez) txiroak dira. Sistema publikoa gero eta ahulago dago, babes soziala gero eta mugatuagoa, joera sozialak finkatzen ari dira eta datozen urteetan pobrezian murgilduta egongo den jendartearen sektorea herritarren %15-20koa izango da.

Espainia zein Frantziatik inposaketak bata bestearen atzetik datoz krisiaren aitzakipean. Langileon eskubideetan sekulako atzerakada eman da Madril zein Parisen diseinaturiko erreformen ondorioz.

Emergentzia egoeran gaude. Ziklo berria irekitzea da gaur erronka, eta helburu horri ekiteko bada gako bat: langileok erabaki behar dugu, Euskal Herriak erabaki dezan. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen eta burujabetzaren inguruko eztabaida pil-pilean dago. Eztabaida politikoa irekita dago hiru esparru administratiboetan: Nafarroan, non Madrilen inposaketaren aurrean erabakitze eskubidearen aldarria nagusitzen ari den; EAEn, Estatus Politikoaren eztabaida abian delarik, eta erabakitzeko eskubidearen inguruan iruzur berri baten arriskuaren aurrean gauden; eta Ipar Euskal Herrian, Parisen itxikeriaren aurrean, instituzionalizazioaren inguruko eztabaida indarrean da.

Ziklo oso baten amaieran gaude, eremu ekonomiko, politiko eta sozialean. Etorkizuneko Euskal Herria dago jokoan, etorkizuneko eredua. Aldaketak etengabe ari dira gertatzen, trantsizio baten erdian gaude eta emaitza erabakigarria izango da Euskal Herriarentzat. Aldaketa horiek edo langileok erabakiko ditugu, edo botere ekonomikoak erabakiko ditu. Trantsizioa burutzea Euskal Herriari dagokio. Egoera irauliko badugu gure etorkizunaren jabe izan behar dugu, gaurdanik, alternatiba oso bat eraikitzeko bidean.

Atzean utzi behar ditugu ukazioa, zatiketa, menpekotasuna eta inposaketa. Gatazka armatuaren ondorioak gainditzea beharrezkoa da; presoen afera abordatu behar da ziklo berria irekitzeko.

Burujabetza ekonomiko, politiko eta soziala aldarrikatzen dugu. Erabakitzeko eskubidea ez da etorkizuneko aldarrikapena, ziklo hau itxi eta berria irekitzeko tresna baizik. Gaurko egoera larriari buelta ematea ekarriko duen hautu politiko posible bakarra da. Erabakitzeko eskubidea da prozesuaren giltza, eta langileariaren protagonismoa eta parte-hartzea prozesuaren bermea. Euskal langileriaren, euskal jendartearen inplikazioa, bultzada eta sostengua ezinbestekoa da nazio gisa ditugun erronkei aurre egiteko. Herria da motore aldaketak behartzeko eta gauzatzeko.

Irtenbide propioa behar dugu, besteak beste, espainiar zein frantziar Estatuetatik eta inposatzen dizkiguten politiketatik askatzeko, langile moduan eta herri gisa ditugun oinarrizko beharrak bermatzeko.

Erabakitzeko eskubidea Euskal Herrian agenda politiko eta sozialean dago, gero eta gehiago, badagoelako gehiengo sozial bat norabide horretan urratsak eman nahi dituena. Hor dugu Gure Esku Dago ekimena, herriz herri saretu dena, jendartearen bultzada eta protagonismoa oinarri izanik. Hori da bidea. Eta bide horretan aktiboki parte hartuko du LABeko militantziak.

Euskal herritarrok gure bidea egin behar dugu. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, proiektu politiko guztiak, independetziarena barne, posible izan daitezen. Independentzia dugu une honetan, gure herriak dituen erronkei aurre egiteko bidea zuzentzen duen ipar-orratza. Independentzia dugu alternatiba, gure proiektu politikoak eskatzen duen estatusa, Estatu sozialista bat eraikiko badugu. Soilik independentziak bermatuko dizkigu eredu sozial justu bat eraikitzeko beharrezkoak ditugun baliabide politiko, instituzional eta juridiko guztiak. Independentzia dugu ipar-orratz, eta burujabetza prozesua ziklo berriaren palanka.

Testuinguru honetan, Aberri Eguneko mobilizazioetan parte hartzera deitzen du LABek. Independentistak Sareak Iruñean antolatu manifestazioarekin bat egiten dugu, eta Aberri Egunaz baliatuz, Independetziaren aldarria indartzera eta zabaltzeko deia luzatzen diogu euskal langileriari eta jendarteari orohar.

Aberri Eguna bat eta bakarra da, baina ez dugu aurtengoan ere modu bateratuan ospatzerik izango. Eremu politiko zein sindikalean, abertzaleon batasuna erabakigarria izango da herri honek dituen erronkei aurre egiteko. Euskal Herriak bere bidea egin dezan eredu berria eraikitzeko konpromisoak hartzeko prest dago LAB. Borroka horretan aliantzak eraikitzeko prestutasuna dugu. Abertzaleen arteko akordioak sortuko dira, aliantzak lortuko eta indarrak metatuko, jendarteak horrela eskatu eta behartzen duen heinean, masiboki, mobilizazioaren bidez. Dei egiten dugu, beraz, bide horretan indar egitera eta parte hartzera.

Euskal Herrian, 2014ko apirilaren 16an

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

0-3 urtekoen zikloko sindikatuak berriz mobilizatu dira, Hezkuntza Departamentuari eskatzeko behingoz har dezan alor honetako ardura

Nafarroako 0-3 hezkuntza zikloko sindikatu guztiek (LAB, ELA, STEILAS, AFAPNA, UGT eta CCOO) elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren egoitza nagusiaren parean, Gobernuak ziklo honi dagokionez erakusten duen jarrera axolagabea salatzeko. Ildo berean, apirilaren 11n manifestazioa eginen dutela iragarri dute, Departamentuaren egoitzatik 17:30ean abiatuko dena.

Grebak Arabako aisialdi hezitzailea eta animazio soziokulturalean apirilaren 2a eta 4an, hitzarmenaren negoziazioan akordiorik ez dagoelako

Agerraldia egin dute gaur Gasteizen sektoreko langileek bi greba egunak iragartzeko. Hitzarmen duinik ez badago, zerbitzurik ez dela egongo adierazi dute.

Iruñeko eremu urdinean jarduera ia geldirik egon da grebaren hiru egunetan

Enpresa Batzordeak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) astelehenetik egiten ari den grebaren balorazio positiboa egin du, eta ohartarazi du Dornierrek ez badu aurrerapausorik ematen lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren negoziazioan, mobilizazioekin jarraituko dutela.