Iraunaldia amaitzear dagoenean, beharrezkoa izango da langileen konpromisoa hitzarmena berritzeko
Urte honen amaieran Arabako Metaleko hitzarmenaren iraunaldia amaitzen da. Hori dela eta LAB-etik hilabeteak daramatzagu etorriko den negoziazioa prestatzen. Horretarako, uda aurretik metaleko delegatuen asanbladak burutzen hasi ginen, inkestak banatu ditugu sail sindikalen artean eta pixkanaka sektorea negoziazio “txip”-ean jartzeko estrategia fintzen aritu gara.
2022an sinatu zen hitzarmenak aldaketa esanguratsua ekarri zuen Arabako Metalean. Hasteko, eta 19 urteren ostean, lehen aldiz eragin osoko hitzarmena sinatu zen. LAB-ek sinatzeko, edukiak egokiak izatea beharrezkoa zen. Eta hauek bermatuak izan ziren. Adibide bezala, %14ko igoera suposatzea gaiz KPI-aren erreferentzia berreskuratu zen; bi hamarkada ostean jardunaldia jaitsi zen; lan kontingentzietan hobekuntzak, innaplikazio klausula, eta abar. Atzera pausurik gabe. Hitzarmen hau sinatzeak bidea ireki du hainbat enpresetan, paktua zein hitzarmena negoziatzen ari zirenak, sektorekoan oinarrituta beren akordioak hobetzekoe ta berritzeko bidea erraztuz.
Honetaz gaiz, hitzarmenaren bitartean jasotzen ziren konpromiso ezberdinak betetzen joan gara. Berdintasun batzordean, LAB-ek lan eta inplikazio handia erakutsita emaitzak ere hor daude. Gainera, oraindik irekita dagoen kategorien batzordea sortuta, Estatutik datorren eredua baztertu eta Arabako egoerara egokitzen den kategoriak adosteko aukera dago.
Orain, erronka handia dugu berriro ere esku tartean. Arabako Metalean, 25.000 langileek egiten duten lan, eta erdiak gutxi gora behera hitzarmen propioa duten. Badira ere lantegi oso txikiak, 10 pertsonatik beherako tailerrak, zeintzuk ez duten beren hitzarmen edo paktu propioa negoziatzeko aukerarik eta zuzenean sektoreko hitzarmena aplikatzen zaien. Azken hauek milaka langile dira. Sindikatuok kapazak izan behar gara tailer hauetako langile hauei guztiei ere eskaintza sindikala egiteko, eta beren eskubideak eta lan baldintzak hobetzeko markoak emateko. Enpresaz enpresako negoziazioetara mugatzeak bazterrean dauden langile guzti hauek botata uzten ditu, prekarietatera bultzatuz eta euren egoera betikotuz. Horregatik LAB-entzat sektoreko hitzarmena da erreferentzia, eta hortik gora, berau hobetzeko tresnak eskaintzen ditugu enpresa batzordeetan edota delegatuei.
Horrela, eta datorkigunaren aurrean tentuz eta erantzukizunez jokatzeko beharra izango dugu denok. Bai sektorean ordezkaritza dugun sindikatu guztiok, eta baita langile norbanakoek ere. LAB-etik, argi dugu sektorearen indarra langileon batasunean dagoela. Eta argi dugu ere, sektoreko langile guztiei hitzarmen sektorialak beraien lan baldintzak hobeagoak izan ditzaten eskaintzen duen aukeraren aurrean, norberari dagokion erantzukizuna ez hartzeak ez dela aukera bat.
Inork uste badu azken hitzarmena oparia izan zela, oker dabil. SEA-ri eta enpresei erauztea lortu genituen eskubideak dira, lan-uzte, greba eta mobilizazio ziklo oso bati esker. Sektorea aktibatzeko garaia da, datorrenaren aurrean indar korrelazioa egokia izan dadin. Eta LAB horretara doa.

