2025-12-06
HomeEkintza SindikalaKPI igoeraren araberako soldata igoerak lortu ditugu Nafarroako bi enpresa txikitan

KPI igoeraren araberako soldata igoerak lortu ditugu Nafarroako bi enpresa txikitan

Autobusetako bidaia laguntzaileen Azafatas de Navarra eta desataskatzeak egiten dituen Iraola Arteta enpresa txikietan -biak ala biak Nafarroa Garaikoak- akordio onak lortu ditu LAB sindikatuak langileen lan baldintzak duintze aldera. Lehenbizikoan KPI Kontsumo Prezioen Indizearen igoeraren gaineko soldata igoerak lortu dira, eta bigarrenean KPIren araberakoak eta bertze hobekuntza batzuk.

Azafatas de Navarra enpresak autobusetako bidaia laguntzaileen zerbitzua eskaintzen du. Enpresa txikia da, 10 langilekoa, eta delegatu bakarra du, LABekoa. Eskola ikasturteen arabera funtzionatzen du eta soldata igoerak ere halaxe aplikatuko dituzte: 24-25 ikasturtean %3,1eko igoera; 25-26 ikasturtean KPI + 0,5; 26-27 ikasturtean KPI + 1; eta 27-28 ikasturtean KPI + 1,5. Horretaz landara, akordioan lortu da ohiko kontingentzietan soldataren %100 ordaintzea lehenbiziko hiru egunetan eta %90 laugarren egunetik hemezortzi hilabete egin arte.

Iraola Arteta enpresak, berriz, ataskatu diren hodiak garbitzen ditu eta 34 langile ditu. Duela gutxi arte ELAko bi delegatu zituen eta LABeko bat. Baina azken hauteskundeetan LABek eraman zituen jokoan ziren hiru delegatuak. Enpresa horren kasuan, lorturiko akordioak bi urteri eragiten die. Hala, soldata igoerei dagokienez, 2024an %5.5eko igoera izanen dute langileek, gehi 300 euroko sari bat, eta 2025an KPIren igoera bermatuko zaie. Horretaz aparte, urtean egin beharreko orduak pixka bat jaitsiko dizkiete, eta larunbateko lanaren, aparteko orduen eta lokalizatutako lanaldiaren sariak hobetuko dituzte.

LAB sindikatutik bi enpresa horietako langileak zoriondu nahi ditugu eginiko lanagatik eta erdietsitako emaitzengatik eta, era berean, nabarmendu nahi dugu enpresa handi zein txikietan hagitz garrantzitsua dela sindikatuaren inguruan antolatuta egotea, hain zuzen ere, ekintza sindikalak emaitza onak eman ditzan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...