2026-03-18
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaKalitatezko segurtasun publikoa aldarrikatu dugu Gasteizen

Kalitatezko segurtasun publikoa aldarrikatu dugu Gasteizen

EAJ, PSE eta PPren aldeko bozkekin gaur onartutako Euskadiko Poliziaren V. Lege moldaketaren aurka dago LAB sindikatua. 1992an onarturiko Euskadiko Polizia Legearen norabidean erreaktiboa, urruna, zurruna eta maskulinizatua den polizia ereduarekin jarraitzen duelako. Hori dela eta, mobilizazioa egin dugu Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, “Kalitatezko segurtasun publikoaren alde polizia lege honi ez” leloarekin.

Hain zuzen ere, lege moldaketa honek hiru helburu nagusi betetzen dituela hausnartu du LABek:

1. Zenbait sindikatu eta elkarte pozteko neurriak ezartzea (garapen profesionala, buruzagitzen maila eta izendapenak, armen ezarpena, behin behineko udaltzainen desagertzea, …).
2. Udaltzaingoak “Ertzaintzatu” nahi ditu; jendartearen egungo arazoei erantzunik ematen ez dien eredu agortuan itsu-itsuan jarraitzea da. Segurtasun Sailak bere Ertzaintzarekin dituen arazoak udaltzainak kontrolatuz eta zuzenduz konpondu nahi ditu Erandiotik.
3. Udal autonomia murrizten jarraitzeko beste pausu bat da honakoa. Aurrez deialdi bateratuarekin, Segurtasun Publikoaren Legearekin, Udaltzaingoen Koordinazioarekin… egin bezala. Udalek dagozkien ardurak hartu behar dituzte, udaltzainak udal langileak baikara.

Bada garaia, euskal jendarteak eskatu eta behar duen kalitateko segurtasun publikoaren bidean, Euskal Polizia proaktiboa, jendartean integratua, jendartearen beharrei erantzungo diena eta berdintasun baloreetan oinarriturikoa abian jartzeko. LAB sindikatua lan horretan ari da; egungo Udaltzaingoa indartuz, bultzatuz eta irauliz. Egungo jendartearen arazoetan esku hartu eta gainontzeko eragileekin lanerako prest gaude. Bada garaia Segurtasuna=Polizia moduko ekuazioak zuzenak ez direla jabetzeko.

Azkenik, Lege moldaketa honek behin-behineko udaltzainekin sortuko duen babesgabetasuna salatu behar dugu, egungo Udaltzaingoen bizi-iraupena bermatu duten aldi baterako lankideena, alegia. LAB sindikatuak behin behinekotasunaren eta prekarietatearen aurka borrokan dihardu. Segurtasun Sailak eta Udalek sorturiko egoera da hau, behin-behinekotasun eta prekarietatearena, baina horrela ez dira gauzak konpontzen. Zubiak eraiki behar dira egungo egoeratik, non Udaltzaingoetan behin-behinekotasun tasa izugarria den, lanpostuak finkatu eta zerbitzuak bermatzeraino.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.