2026-09-28
HomeZerbitzu PublikoakJustiziaJustiziako langileak pribatizazioaren kontra atera ziren atzo Bilbon

Justiziako langileak pribatizazioaren kontra atera ziren atzo Bilbon

EAEko Justiziako langile eta sindikatuek (CCOO, ELA, LAB, CSIF, UGT eta CGT), Justizia Ministerioak hartu dituen neurrien aurka daudela adierazi eta neurri hauek justizia zerbitzu publikoari eta herritar guztientzat berdintasunezko baldintzetan auzietara jotzeko eskubideari eraso zuzena egiten diela salatu zuten atzo Bilboko kaleetan.

CCOO, ELA, LAB, CSIF, UGT eta CGT sindikatuen irakurketa

DENONTZAKO JUSTIZIA KALITATEZKO ETA LUZAPENIK GABEKO ZERBITZU ERAGINKORRAREN ALDE

«EAEko Justiziako langileok eta arlo honetako sindikatu guztiek (CCOO, ELA, LAB, CSIF, UGT eta CGT), Justizia Ministerioak hartu dituen neurrien aurka gaudela adierazi nahi dugu, eraso zuzena egiten dielako: justizia zerbitzu publikoari; herritar guztientzat berdintasunezko baldintzetan auzietara jotzeko eskubideari; babes judizial eragingarria delako kontzeptuan gauzatzen den denontzako justiziari; horrezaz gain, inposizioan oinarrituriko eragozpena direlako gure erakundeek euren erabakiak har ditzaten.

Ildo horretan:

1. 10/2012 Legearen (Tasen Legea) aurka gaude tasa judizialak ordaintzeko ahalmena duen gizarte zatiarentzat bakarrik eratzen duelako, gizartearen parte handiena – langabetuak, langileak, pentsiodunak…- euren interesak defendatzeko auzietara jotzeko aukerarik gabe uzten duela, tasak ordaindu ezinean.

2. Justizia Administrazioak bankuak babesten dituela salatzen dugu; hain zuzen, haien demanden bitartez milaka herritar etxebizitzaren eskubide oinarrizkoaz gabetzen dituzten bankuak.

3. Justizia Ministerioak Justizia Administrazioa erreformatzeko lege-proiektuak eratzerakoan eta izapidetzerakoan erabiltzen dituen obskurantismoa eta despotismoa ere salatzen ditugu, Justizia Administrazio zerbitzu publikoari egunez egun eusten dioten langileen ordezkariekiko eta profesionalen kidegoekiko negoziazioa erdeinatuz.

4. Justizia Ministerioak proposaturiko Erregistro Zibilaren pribatizazioari aurre egiten diogu, egun ezinbesteko zerbitzu publikoa izanik, Justizia Administrazioko enplegatuek dohainik eskaintzen dituzten zerbitzuak ordaintzera behartuko lituzkelako herritarrak; eta, gauzatzekotan, erregistratzaileei eta notarioei irabazi ederrak ekarriko lizkiekelako.

Horregatik, langile eta herritar orori dei egiten diogu, Bilbon, datorren urtarrilaren 31n, arratsaldeko 16:30-etan manifestazioan parte hartzeko (Moyua Plazatik irtengo da). Ekitaldi horretan Gobernu-azpiordezkaritzan utziko ditugu auzitegi guztietan jasotako sinadurak aipatutako neurrien aurka.

Mobilizazio honekin nahi dugu:

Justizia Ministerioaren murrizketa guztiak atzera egitea, Erregistro zibilen pribatizazioarekin hasita, Justizia Zerbitzu Publikoaren zati bat negozio bihurtu nahi baitute eta Tasen legearekin amaituta, Justizia Administrazioa zerbitzu publiko gisa bermatzeko, hau da, herritar guztientzako doako eta kalitatezko zerbitzua izateko.» 

 

LAB SAREAN
{module[111]}

    

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzan bidea borroka dela aldarrikatzen dugu

Osakidetzako mobilizazio dinamikaren hasierak negoziazioa ireki du, baina Osakidetzako lan baldintzak arautzen dituen akordioa negoziatzeko lehenengo zirriborroak eta giza baliabideak antolatzeko plan berriaren proposamena behar bezain garatuta ez daudela uste du LABek. Horregatik, egoera bideratzeko, greba eta mobilizazioak giltzarri izango direla uste du sindikatuak.

Ez dugu sinatu Gipuzkoako enpresa transitarioen sektoreko hitzarmena

LAB Sindikatuak ez du Gipuzkoako Enpresa Transitarioen sektoreko hitzarmena sinatu ATEIAk, sektoreko patronalak, egin duen azken eskaintzak ez dielako sektoreko langileek dauzkaten behar errealei erantzuten. Pasa den hitzarmenaren iraunaldia amaitu baino lehen, gure komunitatearekin batera saretze lana egin eta lanketa berezia burutu genuen sektoreak zeuzkan egiazko beharrak identifikatu eta aldarrikapen plataforma integrala egiteko. Hala, hitzarmen berria negoziatzeari ekitean, 16 puntuz osatutako plataforma aurkeztu genion ATEIAri. Ordea, patronalak entzungor egin die aldarrikapen guzti horiei eta iraunaldian, soldata-taulen gaineko soldata igoeretan eta lanaldi murrizketan baino ez du fokua jarri. Itxura batez akordio ona dirudienak, baina, mamia falta du. Izan ere, langileen ehuneko handi batek soldata taulen gaindiko soldatak dauzka aspaldi eta akordioak aurreikusten dituen soldata igoerek ez dute langileen ehuneko handi horrengan eraginik, izan ere, hitzarmenak ez du soldata errealen gaineko soldata igoerarik aurreikusten. Gainera, hitzarmenak hainbeste lan-kategoria edukita, horietako bakoitzaren funtzioen definizioen arteko aldea oso txikia da, ondorioz, maiz egin behar izaten ditu langileak haren lan-kategoriari ez dagozkion funtzioak. Hori konpontzeko, barne promozio automatikoak arautu izan ditugu iraganean, oraingoan, ordea, patronalak ez dio arazo horri konponbiderik eman nahi izan. Hori gutxi ez eta, gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta zaharragoa da bertan lan egiten duen langilearen profila. Horri konponbidea eman eta sektorea gaztetzeko, errelebo kontratuak derrigor egitea arautu nahi genuen, baina, beste behin, ATEIAK ez du ezer konpondu nahi izan. Horregatik guztiagatik, sektoreko LABen komunitateko langileekin edukia aztertu balantzan jarri ondotik, hitzarmena ez sinatzea erabaki dugu. Aurrerantzean, sektoreko hitzarmenaren testuinguruan erdietsi gabeko edukiak lortzeko, enpresaz enpresa lan eta borroka egingo dugu tokian tokiko hobekuntza paktuak eginez. Era berean, akordio hori aski ez dela uste duten langileei deia luzatzen diegu LABekin batera bidea egin eta lan-baldintzak behar bezala hobetzeko.

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.