2025-12-17
HomeEkintza SindikalaJokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exijitzen diogu jangelen aldeko benetako apustua egitea

Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exijitzen diogu jangelen aldeko benetako apustua egitea

Azken urtoetan, jendaurrean salatu dugu jangela publikoak arautzen dituen 2000ko martxoaren 22ko Agindua eta hauen funtzionamenduari buruz Hezkuntza eta Zerbitzuen sailburuordearen zirkularra aldatzeko premia ere adierazi dugu. Hala ere, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Xabier Aizpurua sailburuordeak bi araudi horiek negoziatzeari uko egin diote, eskola jangeletakoak azpikontratatutako langileak direla eta zerbitzua kudeatzen duten enpresekin negoziatu behar dugula justifikatuz.

Zerbitzuaren enpresa emakidadunekin hitzarmen kolektiboa negoziatuko dugu, baina ez jangelen funtzionamendu-araudiak, Hezkuntza Sailaren eskumen esklusiboa baitira.

Zergatik exijitzen diogu Hezkuntza Sailari sindikatuen langileen ordezkariekin negoziatzera esertzeko? Araudi desberdinetan eskola jangeletako langileen lan-baldintzei zuzenean eragiten dieten alderdiak jasotzen direlako, hala nola ratioak, funtzioak, lanaldiak, jangelako ordutegia…

• 2 urteko ikasleak dituen jangelako begirale baten ratioa 9 umekoa da.
• Haur-hezkuntzako ikasleekin (2-5 urte) jangelako begirale batek duen ratioa 15 umekoa da.
• Lehen hezkuntzako ikasleak (6-11 urte) dituen jangelako begirale baten ratioa 37 umekoa da.
• Bigarren hezkuntzako ikasleak (12-15 urte) dituen jangelako begirale baten ratioa 45 umekoa da.

Langileek ahal duten guztia egiten dute kalitatezko zerbitzu segurua eman ahal izateko, baina gero eta zailagoa da, lan-baldintzak okertzen ari baitira.

Egunetik egunera, ez dagozkien gero eta funtzio gehiago beren gain hartu behar dituzte. LAB sindikatuak askotan salatu du Hezkuntza Sailaren aurrean, eta honek entzungor egin du.

Jangela funtsezkoa da ikasleek beren etapa akademikoan jasotzen duten hezkuntza integralean, 0 urtetik hasi eta derrigorrezko hezkuntza amaitu arte; beraz, ikastetxeko beste gune bat bezala hartu behar da, non ikasten eta hezten jarraitzen den, eta ez da zerbitzu osagarri huts gisa baloratu behar, Hezkuntza Sailak egiten duen bezala.

Argi dago Hezkuntza Sailari ez zaiola axola jangela-zerbitzuarekin zerikusia duen guztia, eta horren erakusgarri da Hezkuntza Lege berrian berriro ahaztutakoak garela.

Jangela seguru eta kalitatezkoak nahi ditugu, bai langileentzat, bai ikasleentzat, eta horretarako ezinbestekoa da Hezkuntza Sailak baliabide gehiago ematea. LAB sindikatuak hainbat proposamen aurkeztu dizkio Hezkuntza Sailari hainbat formularekin egoera horri irtenbidea emateko, baina denak baztertu ditu.

Hau esanda, LAB sindikatuak Jokin Bildarratzen Hezkuntza Sailari exijitzen dio jangelen aldeko benetako apustua egin dezala eta lehenbailehen dei ditzala langileen ordezkariak elkarrizketa-mahai batera, 2000ko martxoaren 22ko agindua eta jangelen zirkularra negoziatzeko; bestela, LAB sindikatuak, langileekin batera, ekintza sindikala areagotu beharko du.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko lege bermeak exijitu ditu LABek Gasteizen

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, LABek gaztelerak dituen eskubide...

Iruñeko lorezaintzako lehen hitzarmenaren kontrako blokeoa salatu dute sindikatuek

LAB, UGT, CCOO, ELA eta Solidari sindikatuek, GORA LOREZAINAK batzarraren babesarekin —Iruñeko Udalak azpikontratatutako OHLA Ingesan, Eulen eta Tasubinsa enpresetako lorezaintzako langileek osatzen dute...

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.