2026-02-01
HomeEkintza Politikoa Parisetik Bilbora Nafarroatik bultza, prest gaude

[IRITZIA] Parisetik Bilbora Nafarroatik bultza, prest gaude

Nafarroako LAB, ELA, HIRU, ESK, EHNE, STEILAS eta CGT sindikatuok iritzi artikulu bat idatzi dugu Sarek presoen eskubideen alde Bilbon deitutako manifestazioari buruz. Manifestazioa larunbatean izango da, 17:30ean, Casillatik abiatuta.

Abenduaren 9an manifestazio alai eta erreibindikatiboa egin zuten hamaika mila pertsonak Pariseko karriketan “Orain presoak” lelopean. Manifestazio hori, berriz, ez da mobilizazio bat gehiago izan, dinamika orokor baten zutabe garrantzitsua baizik. Denbora luzez landu duten dinamika horren bitartez Frantziako Gobernuak euskal presoekiko duen jarrera aldatzea lortu nahi da. Horretarako, lehenik eta behin, Ipar Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen batasuna eraiki dute eta guzti horien sostengua izan du aipatu manifestazioak.

Pariseko manifestazioan parte hartu dutenek, presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien amaiera exigitu dute. Horrela, presoen hurbilketa Euskal Herrira eta elkarretaratzea, gaixorik dauden presoak askatzea eta baldintzapeko askatasunak eskuratu ahal izatea aldarrikatu zuten.

Dinamika horren testuinguruan, bestalde, Frantziako Gobernuaren keinu pare bat ezagutu berri dugu. Batetik, 7 presori DPS izendapena kendu zaie –espainiar estatuan lehen graduaren pareko kalifikazioa da–. Bestetik, manifestazioa eta gero Frantziako Gobernuaren bozeramaile batek esan du “printzipioz ez dutela baztertuko trasladoen eskaera banan-banan eginez gero”. Atea ireki daitekeen seinalea da hori, kolpe batez eta parez pare irekiko ez dela dakigun arren.

Nafarroan ere egoera aldatzen hasia ote den zantzuak daude. Horietariko esanguratsuenak dira azken hilabete hauetan izandako bi deklarazio. Bata, Nafarroako Parlamentuan preso gaixoak askatzearen aldeko adierazpena onartu zen Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, I-E eta PSNren babesarekin. Bestea, adierazpen hori bere eginez sindikatu guztiek aho batez onartu genuen deklarazioa (CCOO, UGT, ELA, LAB, CGT, EHNE, STEILAS, ESK, Hiru, Solidari). Bi gertakizun horiek ere lan iraunkor baten fruituak dira, kasu honetan Foro Sozialaren bultzadapean egin diren hainbat lan saioren emaitzak. Irudikatzen dutena argia da: Nafarroako gehiengo instituzional, politiko eta sindikala kartzela politika aldatzearen alde dagoela. Beraz, eszenatoki berri batean sartzeko aukerak daude, eta salbuespenezko neurriekin bukatzeko aroa ireki daiteke herritarrok ardura hartzen badugu.

Hartara, konpromiso hori adierazteko aukera izango dugu urtarrilaren 13an Bilboko kaleetan. Nafarroako indar sindikalek dei egiten die Nafarroako herritarrei “Prest gaude” lelopean egingo den mobilizazioan parte hartzeko. Ezhoiko mobilizazioa izatea nahi genuke, aro berri baterako urratsa, bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna eraiki dezagun guztion artean. Horretan, urgenteena eszepziozko neurri eta legediarekin bukatzea da, gaixo dauden presoak kaleratzea, urruntze politika bertan behera uztea, eta guztion artean presoen gaiari irtenbide osoa emateko akordioa eraikitzen hastea. Izan ere gizarteari dagokiolako gatazkaren ondorio guztiak konpontzeko protagonista izatea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EstaƱos Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako EstaƱos Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen ā€œezkutu sozialaā€ bertan behera utzi dutela salatzekoĀ 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...