2024-06-25

[IRITZIA] Inposizioaren kode etikoa

Gipuzkoako Foru Aldundiko LABeko delegatu Amaia Arrutik eta Nadet Arrizabalagak “Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodea” izenekoari buruz idatzi dute.

“Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodea” Gipuzkoako Foru Aldundia zuzentzen duten PNV eta PSEko arduradunek langile mugimenduaren eskubide sindikalak gutxitzeko eta sektore publikoa desarautzen jarraitzeko azken asmakizuna da. Nola ez, beren negozioen eta enpresarien mesedetan egindako ekarpen berria da.

Sektore publikoaren pribatizazioa eta lan prekaritatea bultzatzen duen klase politikoak Enplegu Publikoaren Etikaz eta Kudeaketa Onaz Kode Etikoa idaztea eta proposamenak inorekin adostu gabe onartzea, langile mugimenduaz eta sindikalgintzaz trufatzea da. Gainera, ez dugu inolako zalantzarik PNV eta PSEk GFAn hasita bide horrek bere jarraipena izango duela gainerako EAEko instituzio publikoetan.

Gipuzkoako Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodea kode etiko bat baino askoz ere gehiago da. Prozedura eta egitura berriak ezartzen ditu. Bi hitzetan esanda, langile mugimenduaren lana eta sindikalismorako aukerak mugatzen dituzten egitura eta prozedura berriak sortzen ditu, Aldundiaren barruko gaurko egitura eta lan prozedurak aldatuz ala zapuztuz.

Izan ere, dagoeneko Foru Administrazioak baditu antolakuntzaren egituran batzordeak (Segurtasun eta Osasun Batzordea, Negoziazioko Batzordea eta Langile Batzordea), baditu bere lan taldeak eta prozedurak balio publikoak indartzeko eta balioesteko. Indarrean dauden egitura hauetan zalantzak, dilemak edo jokabide arauei buruzko arazoak adierazi eta bideratu daitezke. Zertara dator orduan Kode Etikoa? Indarrean dauden egitura horiek indartu eta hobetu beharko lirateke eta ez lan mundua desarautzen duen Kode Etiko batez ordezkatu.

Onartu den Kode Etikoaren prozeduraren arabera, gaur egun indarrean dauden batzordeen zenbait eskumen Batzorde Etikoak bereganatzeko aukera du, gaur arte dinamika horietan izan den langileen ordezkari kopurua eta erabakitzeko eskubidea murriztuz. Horretan datza Kode Etikoaren benetako helburuetako bat.

Kode Etikoaren barruan printzipio bezala azaltzen dena, batzuetan ez da printzipio etiko bat, langileen garapen profesionala baizik, eta horretarako baditu GFAk lan prozedurak eta egiturak. Garapen profesionalaren eredu konkretu bat bultzatu nahi dute Kode Etikoan azaltzen diren ustezko printzipio etikoekin, garapen eredu horren inguruko eztabaidak ekidin nahian eta funtzionamendu berrian langileen ordezkarien presentzia eta negoziazioa gehiago mugatuz.

Nahikoa ez balitz, egitura paralelo hau garatzeak inbertsio ekonomikoa dakar berarekin. Ez gaude ados inbertsio ekonomiko hori horretan bideratzearekin, ez baitu zerbitzu publikoen benetako garapena eta kalitatea indartzeko balioko eta ezta langile publikoen lan baldintzak hobetzeko ere. Helburu bakarra, GFA barne lan harremana klase politikoaren interesen arabera desarautzea da.

Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren proiektua ordezkari sindikalekin alderatzeko erabilitako prozedura ere ez da egokia izan, ez baita benetako parte hartzeko eta negoziatzekorako prozedurarik erabili. Ez da gaia lantzeko eta alternatibak proposatu eta adosteko biderik egin ordezkari sindikalekin. Ezin izan da ezer negoziatu dokumentua helarazi zaigunean bukatua zegoen, eta kitto!. Lan Hitzarmena bezala, Kode Etikoa ere langileoi inposatu digute GFA zuzentzen duten PNV eta PSEk. Horrelakoa da beraien demokrazia eredua.

Euskal jendartearen aurrean Administrazioak oro har duen irudi txarra, instituzio horietan nagusi diren indar politikoen kudeaketa okerraren eta pribatizatzailearen ondorio zuzena da. Onartezina dena da, Administrazioaren irudi txar hori orain langileei bizkar jarri nahi izatea, Foru Enplegu Publikoaren Etikaren eta Kudeaketa Onaren Kodeak egiten duen moduan. Agintean dagoen klase politikoaren ardura da Administrazioaren egungo egoera tamalgarria, beraiek baitira EAEko eta Madrilgo aurrekontuak eta normak finkatzen dituztenak, beraiena baita aplikatzen den pertsonal politika, beraiek baitira etengabe desregularizazioa eta pribatizazioa zein prekaritatea inposatzen dutenak, ez Administrazioko langileak eta sindikatuak.

Administrazioaren irudi txarra zuritzeko eta beraien administrazio eredua inposatzeko Kode Etikoa sortu dute. Kode Etikoaren garapenean ez da kontuan hartzen langileen lan egoerak nolako eragina duen herritarren arretan. Ez da kontuan hartzen, lan egoera hobetzen bada hobekuntza hori zerbitzu publikoan ere igarriko dela. Kode Etikoak kontrako norabidean doa, jarduera profesionalaren atalean jarritako arauak ondo betez gero, langileen lan-zama handituko baita zerbitzuaren kaltean. Lan-zama horri aurre egiteko ez da Kode Etikoan aurreikusten lanpostu berriak sortzeko inolako proposamenik eta ezta gaur egun dagoen interinitate tasa izugarriarekin (heren bateko media EAEko Administrazio Publikoan) bukatzeko asmorik ere. Horrelako proposamenik ez Kode Etikoan, hori ez omen da etikoa… Etikoa da Kode Etikoa inposatzeaz gain, GFAk aldebakarrez Hitzarmenaren negoziazio mahaia inongo akordiorik gabe itxitzat ematea.

Bide batez, PNVk PPrekiko duen morrontza politikoa salatu nahi dugu, PNVek PPrekin Madrilen izenpetzen dituen akordioak baitira zerbitzu eta enplegu publikoaren defentsa ezinezkoa bihurtzen dutenak eta ez GFAtik kanpo omen dagoen sindikatu batzuen aldetik bideraturiko konspirazioak. GFAn ditugun lan baldintzak langileek urteetan egindako borroken ondoren lortutakoak dira eta ez GFAko gobernuak borondate onez emandakoak. Onartezina dena da sindikatuok aurkezturiko puntu bakarra onartu gabe, beraien hitzarmena sindikatu eta langile guztiei inposatzea, Kode Etikoarekin egin duten moduan.

LABen aldetik beti esan izan dugu zerbitzu publikoen balioak bermatu eta indartu behar direla… Baina hori ez da marketin komertzialean sustraituriko Kode Etikoa sortuz egiten, baizik eta laneko arriskuen prebentzioa indartuz, kalitateko enplegua egonkortuz, prekaritatea desagerraraziz eta zerbitzu zerbitzu publikoak zabalduz eta indartuz. Hori da bultzatzen ari garen ildoa. Bitartean, inposizioaren Kode Etikoari EZ, ez GFAn eta ez inon!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Espainiar Estatuko langile publikoentzako soldata igoera inposatua da eta erosahalmenaren galeran sakontzen du Hego Euskal Herriko langileentzat

LABen ez dugu ontzat ematen bihar Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak Estatu osoko langile publikoentzako (*) onartuko duen %2ko igoera gehi %0.5eko baldintzatutako gehigarria.

Zumarragako posta zerbitzuaren egoera onartezina da

Plantillari dagokionez, lanpostu huts ugari daude; adibide gisa, goizeko txandako langileen egoera; izan ere, egun batzuetan 5 pertsona baino ez daude bete beharreko 13 lanpostutarako, hau da, % 62 ez da betetzen. Zoritxarrez, egoera hori oso ohikoa da lantoki honetan. Plantillak hainbat elkarretaratze egin ditu langile-falta salatzeko, baina arazoa ez da hobetzen hauteskunde-aldiaren ondoren, eta enpresak ez du inolako asmorik kontrataziorik egiteko. Uztailaren 7an oporraldian sartuko gara eta oporretara joango diren langileak inork ez dituela ordezkatuko aurreikusten da.

Nafarroako Zurgintzako hitzarmena sinatu dugu, eskubideetan aurrerapenak baititu eta erosteko ahalmenari eusten baitio

Gaur goizean LAB sindikatuak Zurgintza sektoreko Nafarroako hitzarmena sinatu du, 2023 eta 2025 urte bitarteko indarraldia izanen duena. Hitzarmen honek eskubideak handituko ditue eta langileen erosteko ahalmenari eutsiko dio; nahiz eta negoziazioak iraun bitartean patronala behin eta berriz saiatu den lan baldintzak okerragotzen praktiketako kontratuen soldatak txarragotzeko edo soldata igoera KPItik aldentzeko bezalako neurriekin.