2026-02-01
HomeEkintza SindikalaGutxieneko soldataren igoerak ez dio erantzuten Hego Euskal Herriko egoera sozial eta...

Gutxieneko soldataren igoerak ez dio erantzuten Hego Euskal Herriko egoera sozial eta ekonomikoari

Madrilen iragarri berri dute estatu mailako Lanbidearteko Gutxieneko Soldata %5 igotzea erabaki dutela. Igoera positiboa bada ere, gutxieneko soldata horrek ez du egungo errealitatean bizitza duina bermatzen, erabat eznahikoa baita. Zer esanik ez Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari erreparatuz gero; izan ere, urrun geratzen da gure egunerokotik gaur Madrildik inposatu nahi diguten gutxieneko soldata. Ezinbestean, Espainiako Estatuaren errealitate anitzak ere bere isla izan beharko luke gutxieneko soldatari dagokion esparruan ere.

Eta norabide horretan jarraituko dugu lanean LAB sindikatutik. Hain zuzen, Hego Euskal Herriko egoera sozial eta ekonomikoari erantzungo dion gutxieneko soldata propio eta erreal bat erdiestea dugu ortzimugan. Bertako agente sindikal eta patronal nagusien arteko sektorearteko akordio marko baten bidez, zuzenean lan harreman orori aplikagarria izango zaion gutxieneko soldata propioa lortzea dugu helburu.

Gogora ekarri nahi dugu, bide horretan, Eusko Legebiltzarrak 2023ko martxoan harturiko erabakia, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diona aktiboki sustatu dezala EAE mailako gutxieneko soldataren akordioa langai izango duen negoziazioa. Ondorioz, dei egiten diogu Eusko Jaurlaritzari, eta, bereziki, Bigarren Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu den Idoia Mendiari, paper aktiboa har dezala EAE mailako gutxieneko soldata sustatuz.

Aldi berean, Confebask zein CEN patronalak ere interpelatu beharrean aurkitzen gara, EAE eta Nafarroako gutxieneko soldatak erdiesteko bidean pausoak eman daitezen eta negoziatzera eser daitezen. Izan ere, sozialki ezinbestekoa da, bertako egoerari erantzungo dion akordioak lortuz, herritarron bizi baldintza duinak bermatuko dituen bertako gutxieneko soldata adostea. LABetik bide horretan jarraituko dugu sutsuki lanean.

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparru propioa xede, pausoak eman ditzagun gutxieneko soldata propioa erdiesteko bidean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...