2026-01-31
HomeEkintza SindikalaGreba IruƱeko udal haur-eskoletan erregimenaren euskarafobia salatzeko

Greba IruƱeko udal haur-eskoletan erregimenaren euskarafobia salatzeko

Erregimenaren Euskarafobia salatzeko LABek eta CCOOk IruƱeko Udal Haur Eskolen Erakunde Autonomoan egindako greba-deialdiaren jarraipena guztiz ona izan da. IruƱeko Udaleko fobia, oraingo honetan, datorren ikasturterako egin duen eskaintzaren proposamenean islatu da. Izan ere, 16 haur eskoletatik euskarazko murgiltze-eredua bakar batera murriztu du, azken 40 urteetan egindako ibilbide pedagogiko arrakastatsua bertan behera utzirik.

LABek eta CCOOek IruƱeko Udalaren Haur Eskolen Erakunde Autonomoan gaurko deitu duten grebaren jarraipena %86koa euskarazko eskoletan, eta %62koa orokorrean. Tamalgarritzat jotzen dugu Afapna sindikatuak azken orduan greba bertan behera utzi izana, ez baitugu oso ondo ulertzen zerk bultzatu dituen erabaki hori hartzera. Salatu nahi dugu, halaber, erakundeko gerentziak agindutako zerbitzu minimoen ondorioz, langileen ia erdiari grebarako eskubidea ukatu zaiela. Gainera, Jose Ramon Rabade gerenteak gutxieneko zerbitzuen inguruan egin duen kudeaketa ezin txarragoa azpimarratu nahi dugu, astearen hasieran langileen batzordearekin adostutako ebazpena atzera bota eta erabateko abusua suposatzen duen beste bat ezarri baitzuen ondoren.

Hala eta guztiz ere, gure poza azpimarratu nahi dugu, grebaren jarraipena masiboa izan baita. ehunka lagunek babestu dituzte langileak Hezkuntza Departamentutik abiatu eta Nafarroako Diputazioan amaitu den manifestazioan, ibilbidean zehar IruƱeko Udalaren proposamena aurrera ateratzeko ardura dutenak seinalatuz; beraien erabakiak zuzen eta bortizki eragiten baitie herritarron euskara-eskubideari zein eskoletako kudeaketari. Familien babesa ere jaso dugu, neurri handi batean ez baitituzte seme-alabak eskolara eraman, bai eta herritarrena eta sindikatu batzuena ere, proposamen honen gehiegikeria eta inposaketa salatzeko.

Azkenik, gaur arratsaldean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera animatzen zaituztegu:

– 16: 30ean elkarretaratzea egingo da Udaletxe Plazan, CCOOk eta LABek deituta.

– 17: 30ean, manifestazio bat, goizekoaren ibilbide berarekin, oraingoan Haur Eskolak Euskaraz plataformak deituta.

Egoeraren larritasunaren eta Nafar Gobernu “aurrerakoiak” erakutsitako utzikeriaren aurrean  -dirudienez, IruƱeko Udalaren proposamen atzerakoia onartzeko arazorik ez du izango-, muturreko egoera honetan, eta euskarari eta eskoletako pedagogia-printzipioei eraso egin ondoren, Erakundeko langileei greba-deia egitea beste aukerarik ez zaigu geratu.

Mila esker grebarekin bat egin duzuen guztioi. Euskaraz bizi, hezi eta lan egin nahi dugu! Euskarafobiari Stop!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EstaƱos Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako EstaƱos Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen ā€œezkutu sozialaā€ bertan behera utzi dutela salatzekoĀ 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...