2026-10-18
HomeEkintza SindikalaGasteizko Mercedesen Aldi Baterako Laneko Enpresen presentzia handiak prekarizazioa dakarrela salatu dugu

Gasteizko Mercedesen Aldi Baterako Laneko Enpresen presentzia handiak prekarizazioa dakarrela salatu dugu

Mercedeseko LAB, ELA eta ESK-k, lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu Mercedes-Benz Gasteizko lantegian egiten ari den inbertsioak eta apustua bere plantillaren eta inguruko industriaren profesionaltasunaren eta lan onaren emaitza direla.

Hortik aurrera, guztiok lan egin behar dugu gure lurraldean inbertsioak egon daitezen, enplegua sor dezaten, baina ez ditugu alde batera utzi behar enplegu horren baldintzak.

Ezagunak dira Mercedes-Benz Gasteizen egiten ari diren inbertsioak. Herritarrek badakite udalak, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko Gobernuak berak alfonbra gorria jartzen dutela, enpresei diru-laguntzak eta bestelakoak emateko. Baina, norbaitek galdetzen al du ea zer gertatzen den enpleguarekin? Badirudi ezetz.

Duela urtebete baino gutxiago, Mercedes Gasteizen dagoenetik lehen aldiz, ABLE (Aldi Baterako Laneko Enpresak) bidezko kontratazioak egiten hasi ziren. Eta, gaur egun, 1.400 pertsona baino gehiago ari dira Mercedesen lanean halako enpresen bitartez.

Jakin badakigu argudiatu eta justifikatzen dutela baldintzak berdinak direla, eta hala esaten segiko dutela. Hilabete hauetan, barruan gaudenok eta pertsona hauetako askok nahiz beren ingurukoek ikusi dugu hori ez dela horrela.

Askotan, ez dute kobratzen behar luketena, ez zaie arropa egokirik ematen, ezta Norbera Babesteko Ekipamendurik ere, ez dute ordezkaritza sindikalik, egun batetik bestera kontratatzen dituzte, prestakuntzarik gabe, eta gauetik goizera ezeztatzen dituzte beren kontratuak, berriro ez deitzeko mehatxua egiten diete, 9 orduko txandetan lan egiten dugunean ere aparteko orduak eginarazten dizkiete, iruzur kontratuak… ziur aski baldintzak beste enpresetan baino hobeak izango diren arren, kontua da Mercedesen ABLEak sartu izanak atzerapauso handia ekarri duela, lan baldintzen prekarizazio argia.

Inbertsioetarako dirua eta laguntzak mahai gainean jartzeko arazorik ez duten administrazioek, udalak, aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ikusi beharko lukete herritarrak prekarizatzera ere bideratzen direla inbertsioak.

Lan Ikuskaritzak, ABLEen bidez lan egiten duten pertsonen egoera ezagutzen duenez, araudia betetzen dela aktiboki zaindu beharko luke. Baina, hori egin beharrean, salatzen denean, Mercedesi mesede egiteko edozein aitzakia bilatzen du, baita beste enpresa batzuetan egindako beste jarduera batzuen kontrako jokaerekin ere. Edo berandu jarduten du, baliabide nahikorik ez daukalako aitzakiapean.

Badakigu Mercedesen garrantzia handia dela, baina horrek ez du esan nahi diru eta laguntza publikoen inbertsioak berme edo baldintzarik gabe eman behar direnik, izar sonatua erakuste hutsagatik. Erakundeek zaindu egin beharko lukete inbertsio horiek ez ditzaten izan ondorio gisa eskubideen galera edota lan-baldintzen prekarizazioa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Testak kaltetutako familiek iragarri dute euren etxebizitzetan geratuko direla kontratuak amaitzerakoan

LABek eta Testako maizterrek deitutako manifestazioak 2.000 lagun baino gehiago elkartu ditu, alokairu kontratuen amaieragatik mehatxatuta dauden 500 familia baino gehiagorentzat konponbidea eskatzeko. LABek...

Lanuzteak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko eta GUFEko langileek urriaren 21ean, benetako negoziazioa eskatzeko

Urriaren 7ko asanbladan, 400 langile baino gehiagoren babesarekin eta aho batez, plantilla osoak mobilizazioetan beste urrats bat ematea erabaki zuen. Horregatik, urriaren 21ean hiru...