2026-03-07
HomeZerbitzu PribatuakArrantzaEz zen matxinada izan, eskubideen aldarrikapena baizik

Ez zen matxinada izan, eskubideen aldarrikapena baizik

Beti Aingeru itsasontzian gertatutakoa ez zen “matxinada” izan, baizik eta arrantzaleek euren eskubideak aldarrikatzeko egindako ekintza legitimoa, arrantza sektorean lan-esplotazio eta arrazismo kasu berri baten aurrean.

Lehen sektorea Euskal Herrian historikoki garrantzitsua izan da. Hala ere, lur zein itsasoko langileek oraindik ere lan-baldintza prekarioak eta diskriminatzaileak dituzte: lanaldi neurrigabeak, lan egindako denborarekin bat ez datozen soldatak, lan-osasunean eragin handia duten klima eta ingurumen-baldintzetako esposizioa, eta patronalari gehiegizko “malgutasuna” eskaintzen dion aldi baterako kontratazio-eredu bat, askotan xantaiarako eta mehatxurako tresna bihurtzen dena.

Baxurako arrantzaren sektoreak ez du oraindik hitzarmen kolektibo propiorik, eta horrek baldintzak arautu gabe uzten ditu. Azken urteotan, patronalak gero eta gehiago “normalizatu” du itsasoan emandako denboraren luzapena, atseden egunen kaltetan. Gainera, ez dago jarraipen eraginkorrik arrantzaleek dituzten benetako baldintzei buruz. Askotan, armadoreen mehatxupean eta eskubideen urraketa egoeretan aurkitzen dira.

Hau ez da kasualitatea. Sektore prekarizatua eta oso arrazializatua da. Gaur egun, euskal arrantzak neurri handi batean jatorri senegaldarreko arrantzaleei esker eusten dio. Badira patronalari mesede egiten dioten egiturazko baldintzak, langile horiek ustiatzen dituztenak. Enpresei ez zaie interesatzen arrantzaleek beren eskubideak ezagutzea, ezta eskubide horiek defendatzeko sindikatuetan antolatzea ere. Langileen ezjakintasunaz, beldurraz eta denboraldien arteko sakabanaketaz baliatzen dira.

Beti Aingeru Pasaiako ontziko armadorearekin gertatu dena ez da matxinada izan. Guardia Zibilaren txostenean ere ez da horrela jaso. Komunikabide batzuen bidez nahita zabaldu den errelato honek patronalari mesede egiten dio eta langile horien aurkako imajinario arrazista eta estigmatizatua elikatzen du.

Beti Aingeru itsasontzian gertatutakoa langileek beren eskubideak aldarrikatu izana izan da, besterik ez. 37 egun eman zituzten etxera itzuli gabe, eta etxean bi eguneko atseden labur baten ondoren, beste 26 egunez egon ziren itsasoan; hori ez da ohikoa baxurako itsasontzietan. Gainera, armadorearen aldetik mehatxuak, irainak eta eraso fisikoak (hala nola objektuen jaurtitzea) pairatu zituzten.

Guzti hau ez da kasualitatea eta izen bat du: lan-esplotazioa eta arrazismoa. LAB sindikatutik salatu egiten dugu, eta berehala eskatzen dugu arrantzale hauen eskubide guztiak errespetatu daitezela.

Horrelako egoerak jasaten dituzten arrantzaleei publikoki salatzeko gomendatzen diegu. LAB sindikatutik argi daukagu: antolakuntza eta borrokaren bitartez soilik lortuko dugu arrantza sektorean ematen diren eskubideen urraketa eta arrazismoari aurre egitea.

Era berean, administrazio publikoei eskatzen diegu ez daitezela konplize bihurtu, eta itsasoan lan egiten duten pertsonen eskubideen betetzea kontrolatu eta eskubide horiek urratzen dituzten armadoreak zigortu ditzatela.

LAN-ESPLOTAZIO ETA ARRAZISMOARI EZ.

EZ ARRANTZAN ETA EZ INON. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB sindikatuak enpresei soldata igoeren inguruan gezurretan aritzea leporatu die, eta martxoaren 10, 11 eta 12an jangelak hustera deitu du

LAB sindikatuak gezurtatu egin ditu enpresek jangeletako ustezko soldata igoeren inguruan zabaldutako azken informazioak. Igoera horiek ez dira egungo negoziazioaren parte, nahitaez bete beharreko soldata-igoerak...

Dulantziko RTA (Revestimientos de tuberia y accesorios, S.L) enpresako langileek planto egin dute azken lan istripuaren aurrean eta segurtasun neurri errealak exijitu dituzte

RTA enpresako langileek gaur planto egin dute azken asteetan eman diren istripuen harira. 2026An iada 3 istripu eman dira. Datu horrek agerian uzten du...

LABek salatu du ez dagoela arrazoirik altzairutegia ixteko, ezta Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientea aplikatzeko ere, eta ohartarazi du gatazkak kontsultalditik harago jarraituko duela

Tubos Reunidosek planteatutako EEEaren kontsultaldiaren azken bileratik egun gutxira, LABek argi eta garbi berresten du ez dagoela altzairutegia ixtea edo 301 lanpostu suntsitzea justifikatzen...