2025-12-05
HomeIndustriaMetalgintzaEz dugu onartzen Aernnovan kaleratzerik egiterik

Ez dugu onartzen Aernnovan kaleratzerik egiterik

Ez da kasualitatea azken egunotan jakin izana komunikabideen eskutik ITP, Tubacex, Siemens-Gamesa, eta orain Aernnova enpresek enplegua suntsitzeko hartu duten erabakia, eta aldi berean Tapia kontseilariak adierazpenak egitea soldatak jaistea proposatuz. Arantxa Tapiak berriro ere Confebask-en txotxongilo papera hartu du, eta ukitu instituzionala ematen dio patronalaren intentzioei: osasun krisi hau langileon kontura gainditzea. Badirudi honek denak erantzuten diola beldurra eta ezjakintasuna zabaltzea helburu duen estrategiari, non murrizketa eta eskubideen galera justifikatuak egongo diren.

Salatu nahi dugu ere kasu honetan zein beste kasuetan, langile batzordea prentsaren bitartez izan dela egoeraren jakitun, eta oporren bezperan. Ezin da onartu jendea bere kaleratzeaz enteratzea prentsa bidez eta hainbeste merezi duten atsedenaren egun gutxiren aurretik. Hau sekulako errespetu falta da, bai enpresa batzordearekiko, eta baita langile guztiekiko. Hori dela eta zalantzan jartzen dugu enpresaren akordiorako borondatea. Gure buruari galdetzen diogu nola espero duten negoziazioa burutzea ez badiote batzordeari edota langileei egoera helarazi prentsara bidali aurretik.

Gogorarazi nahi dugu ere enpresa honetako langileok 10 urte daramatzagula soldatak izoztuta. 10 urte non eros ahalmena galdu dugun, eta beraz egoerari aurre egiteko formulak ezin du inola ere jo langileon soldata gehiago murriztetik. Are gutxiago langileok ABEEE batean murgilduta gaudenean. Gainera, esan beharra dago ere azken urteetan enpresak hainbat ABEEE burutu dituela, eta horren ondorioz 100 lanpostu baino gehiago galdu direla, beti Eusko Jaurlaritzaren onarpenarekin. Honek denak erantzuten du enpresak duela urteak martxan jarri nahi zuen plan bati, eta orain burutzea erabaki duena Covid-19ak sortutako egoeraz baliatuz.

Enpleguak mantentzeko gakoa denon artean sortu dugun aberastasuna banatzean dago. Horretarako, beharrezkoa da lan jardunaldia murriztea eta lana banatzea. Instituzioek hobe lukete norabide horretan bultzatzea, eta ez izatea enpresen eta patronalaren bozeramaile hutsak.

Horregatik guztiagatik, eta enpresaren deialdi ofizialaren zain prentsa titularretatik at, LAB-ek erabat baztertzen ditugu aditzera eman diren kaleratzeak, eta dagoeneko nahikoa ordaindu dugun langileon enpleguaren defentsaren alde borrokatuko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...