LABek iragarri du utzi egingo duela EAEko Hezkuntza Sailak Eskola Bikaina Denontzat izenarekin sorturiko mahaia.
Segregazio mahaiaren bosgarren bilera egingo da asteazkenean Gasteizen. Bertan, Hezkuntza Sailak eskola segregazioari aurre egiteko garatuko diren lan-lerroak eta proiektuak definitzeko fasea landuko dela dio, baina ez du lanketarako inolako proposamenik aurkeztu. Berriro ere inprobisazioa izango da nagusi, eta sailaren helburua eguneko argazkia ateratzea izango da.
Hezkuntza sistemaren arazo nagusietakoa den eskola segregazioaren gaiari ausardiaz heltzeko baino, EAJk eta PSEk onartutako Hezkuntza Legean jasotako neurri orokorrez hitz egiteko foroa bilakatu da mahaia; konplexutasunari eta neurri konkretuei ez zaie heldu nahi izan. LABek foro horretan diagnostikoari ekarpenak egin dizkio, eta neurri zehatzei lotutako proposamenak aurkeztu ditu. Foro horretan parte hartu du borrokarako beste eremu bat gehiago izan delako, eta ikastetxeetan egin duen zein egiten ari den lanketari edota mobilizazioen bitartez egiten duenari batu zaio lan hori. Alabaina, mahaian egondako inprobisazioak, diagnostikoa onartzeko aldebakartasunak, eduki eta neurri errealez ez hitz egiteak eta foroa Hezkuntza Legea ontzat emateko baliatzeak LAB erabaki berri batera eraman du: mahaia uzteko erabakia hartu du.
LABek uste du ez dagoela aukerarik mahai horretan eskola segregazioari aurre egiteko beharrezkoa den itun soziala lortzeko; ez dago baldintzarik zerbait egiten delako sentsazioa emateko sorturiko mahai horretan. Tamalez, baieztatu daiteke ez dela konplexua den gai batean itun sozial bat lortzeko lan egiteko asmoarekin sorturiko mahaia izan. Gainera, langileen ordezkarien gehiengoarekin adostu behar den gaia izanik, bertan landutakoak irakaskuntzako mahai sektorialetan landu eta adostu behar direla eskatu izan du LABek, ez baitago segregazioaren kontrako itun sozialik langileen gehiengorik gabe.
Sistema bera, segregazioaren oinarrian
Segregazioa sistema kapitalista, heteropatriarkal, kolonial, arrazista eta ekozida honen beste tresna bat da. Nola funtzionatzen duen ulertzeko eta horri aurre egin ahal izateko, testuinguru sozioekonomikoari, egoera demografikoari eta hezkuntza politikei begiratu behar zaie. Euskal Herrira bizitzera iristen diren pertsona askorentzat migrazioa bizirik irauteko estrategia bat da. Eta, zentzu horretan, eskola funtsezko espazioa da edo izan beharko luke, errekonozimendurako eta aukera berdintasunerako.
Hala ere, horretatik urrun, segregazioa diskriminazioaren eta aukera desberdintasunaren aterkia da. Olatu erreakzionarioa ikasgeletara iritsi da, eta hor gero eta matxismo, arrazakeria, homofobia eta xenofobia handiagoa dago.
Testuinguru horretan ulertu behar ditugu eraso euskarafoboak ere. Euskara oso une zaurgarrian dago, larritasun egoera batean. Eskola segregazioa gainditzeko borrokak euskarari arnasa emateko borroka ere izan behar du.
Euskara eskubide kolektibo, eskuragarri eta bermatu gisa, haur migratzaileentzat aukera berdintasunerako eta gizarte, auzo eta herri kohesionatuago bat eraiki ahal izateko aukera da.
Hezkuntza eredua ez da neutrala. Eragin esanguratsua du haurren eskolaratzean, nola eta zertarako eskolatzen diren. Dauden arrakala sozialak betikotu ez ezik, sakondu ere egiten ditu. Hori da eta horretarako balio du, hain zuzen, eskola segregazioak.
Ukaezina da desoreka handiak sortzen dituela ikastetxeen artean, eta, egoera horretan, Jaurlaritzak bideraturiko hezkuntza eta hizkuntza politikek eskola segregazioa areagotu besterik ez dute egin:
• Ez dago eskolatze orekatua eta haurren euskalduntzea bultzatzen duen hizkuntza politikarik. Gurera etortzen diren gurasoei ez zaie behar bezalako informaziorik ematen euskalduntzearen garrantziaz eta euskalduntzeko dituzten aukerez, eta ez dituzte haurrak D ereduan matrikulatzera animatzen.
• Eskola segregazioaren arrazoien artean sistemaren antolaketa dualak eragina duela jaso du diagnostikoak, baina horrekin batera legez debekaturik dauden kuoten kobrantzak eragin zuzena du. Hezkuntza Sailak, gaur-gaurkoz, ez du kuota horien auditoretza egin, kuoten kobrantza datuak ez ditu gardentasunez publiko egin eta kuotak debekatzeko planifikaziorik ez dago.
• Doako ikasketak eskaintzen ditu eskola publikoak —hezkuntza sistemaren % 50,8 da— eta oraindik kuotak kobratzen dituzte sare itunduan gizarte ekimeneko ikastetxeek —% 39,5— eta ikastolek —%9—. Alabaina, ikastolen kasuan, doakotasunaren bidean urratsak ematearekin batera, egoera zaurgarrian dagoen ikaslerik kanpoan ez geratzeko beka sistema bat abian jarri dute.
• Ikaspostuen gaineskaintza egoeran gaude, eta horrek bestelako eskola planifikazio bat eskatzen du. Horregatik, era orokortuan D ereduko sare publikoa erdigunean jartzeko politika eta neurriak behar dira, eta modu deszentralizatuan tokian toki erabakiak hartzea ahalbidetu behar da, D eredukoak eta laikoak ez diren ikaspostuak murriztetik hasiz.
• Hizkuntzagatik gertatzen den segregazioari heldu behar zaio. Izan ere, Hezkuntza Legeak esaten duen arren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleek euskarazko B2 maila eskuratu behar dutela, gaur-gaurkoz, eta hizkuntza ereduak mantentzen diren bitartean, hori ez da horrela. Funts publikoak jasotzeko bete beharreko betekizuna izan behar da.
Horrek guztiak hainbat ondorio ditu, eta desberdintasun sozioekonomikoak iraunarazi ez ezik, areagotu ere egiten ditu; eskola publikoaren azpifinantzazioa bultzatu du, eta haren kalitatean eragiten du. Horrez gain, euskararen ezagutza eta horren bermerako euskarazko murgiltze ereduaren hedapena zailtzen du.
Hortaz, eskola mapan dauden desorekak gainditu egin behar dira, desoreka horiek, goian aipaturiko ondorioez gain, klasismorako eta arrazismorako joerak indartu baititzakete. Horregatik, LABek gizarte kohesioaren alde egiten du eta hor euskarak inklusio sozialerako tresna garrantzitsua izan behar duela aldarrikatzen du.
Bukatzeko, LABek gogorarazi nahi du eskola segregazioari aurre egiteko neurri zehatzak proposatzen zituen dekalogoa publikoki aurkeztu zuela, eta bertan proposatutako neurriak lantzen eta borrokatzen jarraituko duela.

