15 urte zain, Eusko jaurlaritzako lan hitzarmena orain!
LAB sindikatuak mobilizazioa egin du gaur, abenduaren 16an, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean. Indarrean dagoen hitzarmena sinatu zenetik 15 urte pasa direnean, Administrazio orokorreko langileen esparruko negoziazio kolektiboaren inguruan azken hilabeteetan antzemandako geldotasuna eta aurrerapen eza salatzeko. Sindikatuak ohartarazi du Administrazioak ez duela oraindik elkarrizketa eraginkor eta koherentea garatzeko egutegi, metodologia edo konpromisorik bete.
Mahai Sektorialaren jardunean ez da azken aldian urrats nabarmenik izan, eta proposamen berrien faltak egoeraren blokeoa luzatzen duela adierazi du LABek. Sindikatuaren ustez, informazioa partekatzea ez da nahikoa: negoziazioak benetako proposamenak, eztabaida egituratua eta parte-hartze arduratsua eskatzen ditu, alde guztien borondatearekin.
Hitzarmen berria garatzeko, LABek mahai gainean jarri ditu sindikatuaren ustez ezinbestekoak diren lan-ildo nagusiak: belaunaldi-berritzea bermatuko duten neurri eraginkorrak ezartzea —plantillaren adinaren batez bestekoa 55 urtekoa den honetan eta Jaurlaritzak ez duenean errelebo-plana aurkeztu—; euskararen presentzia eta erabilera indartzeko politika sendoak garatzea, langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea bermatzeko eta herritarrei arreta euskaraz eskaintzeko betebeharra modu eraginkorrean betetzeko; lizentzia eta baimenetan eguneraketak ezartzea; soldatei dagokienez eskumen propioak garatzea; eta soldata-arrakala murrizteko neurriak bertan adostea, Madrilgo Gobernuaren zain egon gabe. LABen iritziz, elementu horiek guztiak dira sektorearen modernizazioa eta lan-baldintzen duintzea bideratuko duten oinarri giltzarriak.
Halaber, sindikatuak nabarmendu du ezinbestekoa dela elkarrizketa-mahaietan dinamika sortzaileagoa eta konpromiso handiagoa agertzea. Hori gabe, negoziazio kolektiboak ez du benetako aukera emango lan-harremanak eguneratzeko eta zerbitzu publiko sendoak bermatzeko.
Azkenik, LABek prestutasuna erakutsi du elkarrizketa eta negoziazio erreal eta konstruktiboa garatzeko, eta Jaurlaritzari eskatu dio prozesu horretan bere gain dagokion ardura modu aktibo eta garden batean hartzeko. Sindikatuak iragarri du mobilizazioak aktibatzen eta gogortzen jarraituko duela beharrezkoa balitz, langileen eskubideak eta zerbitzu publikoaren kalitatea lehenesteko helburuarekin.

