Gaur EAEko funtzio publikoaren Mahai Orokorraren bilera egin da Lakuan, eta beste behin LABeko kideok haserre atera gara bertatik. Jaurlaritzak ez du ezer negoziatzeko asmorik, eta sindikatuok egindako proposamenei dagoeneko ezezkoa eman izan diela erantzun digu. Oraingoan administrazioak berak ere onartu du bilera dinamika hau antzua dela eta beste metodologia bat beharrezkoa dela, horren ardura berea dela kontuan hartu gabe.
Enplegua, soldatak eta lan baldintzak Madrilek
Jaurlaritza eroso dago Madrilek inposatzen dituen mugak ezartzen, eta harro adierazten du muga horien gehiena ematen duela. Baina mutu gelditzen da gogoratzen zaionean muga horiek gainditu egin direla sektoreetan, borondatea egon denean, bai ordainsarien osagarriak adosterakoan, baita birjartze-tasak gainditzerakoan. Enplegua, soldatak eta gainontzeko lan baldintzak hemen erabakitzeko ezintasuna lege arrotzari leporatzen dio baina ez du autogobernua gai hauetan garatzeko asmorik. Argi dago borondate kontua dela, eta borondate hori greba eta mobilizazioak eman diren sektoreetan aldatu ahal izan dela.
Euskararekin, konfidantza eta xalotasun eske
LABek azken bileran egindako galdera zuzena egin zion Jaularitzari, euskararen kontrako oldarraldiaren aurrean zer egiteko asmoa zuen. Idatzizko erantzun luzea bezain hutsala aurkeztu du. Legebiltzarrean dagoen lege aldaketaren eztabaida ez du aipatu, zein egoeran dagoen ez daki ere, baina gogoratu beharra dago Jaurlaritza EHBILDUk aurkeztu zuen proposamenaren kontra agertu zela, zeinaren bidez euskararen eskubideak gaztelaniarenen pare jartzen dituen. Idatzizko erantzunean bere burua txalotu egiten du, konpromiso irmoa adierazi, eta sistemak funtzionatzen duela eta eraginkorra dela adierazten du. Bestalde, inor aipatzen ez badu ere, «konfrontazioa ez dela bidea dio Jaurlaritzak, lankidetza eta elkarrizketa baizik». LABek argi du erabaki ausartak eta sendoak hartu behar direla, eta langileekin eta jendartearekin pedagogia egin, eta hala adierazi du. Ez beste alde batera begira jartzea.
LABentzat argi dago Jaurlaritzak ez dituela bere ardurapeko langileen lan baldintzak hobetu nahi, eta eroso dagoela mugak Madrilek inposatzen dituenean. Zenbait sektoretan borondatea aldatu ahal izan da, borrokaren bidez, noski. Eta langile publikook enplegua, lan baldintzak eta euskara defendatu nahi badugu greba eta mobilizazioen bidez izan beharko da.

