2026-08-07
HomeEkintza PolitikoaEuskal preso politikoen aldeko manifestazioa Bilboko Aste Nagusian

Euskal preso politikoen aldeko manifestazioa Bilboko Aste Nagusian




Ezker Abertzaleak deituta datorren ostiralean, hilak 25, euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioa egingo dugu Bilbon. Bilboko Aste Nagusiak beti uztartu izan ditu festa testuinguruan gure herriko borroka politiko eta sozialak, eta aurtengoan ere, euskal preso politikoen alde kalera irteteko deia luzatu nahi dizuegu herritar guztiei.

Euskal preso politikoen alde Bilboko Aste Nagusian kalera ateratzeko hitzordu garrantzitsua dugu

Bilboko Aste Nagusiko ekuadorrean gaude jada; bilbotarrek, bizkaitarrek eta munduko gainerako bisitariek ongi pasatzeko asmoz Bilbo leporaino betetzen duten festarako aste luzea. Baina Aste Nagusiak ez du sekula aldarrikapena bazterrean utzi, beti jakin izan dugu festa testuinguruan gure herriko borroka politiko eta sozialak integratzen. Eta beste urte batez, ezker abertzalea kalera aterako da eta Aste Nagusiko ostiral honetan euskal preso politikoen alde kalera irteteko deia luzatzen die herritar guztiei.

Guztiok dakigun moduan, Euskal Herria agertoki politiko berri batean egon arren eta euskal jendarteak gatazkaren ondorioak modu integralean gainditu nahi dituela modu argian adierazi badu ere, estatuek bake eta askatasunerako bidea blokeatu besterik ez dute nahi. Eta blokeo hori bereziki nabarmena da euskal preso politikoekiko espetxe politika krudel eta gogorrean, baita euskal independentismoaren kontrako salbuespen legedian ere. Kepa del Hoyo presoaren heriotza horren adibide lazgarri eta atzeraezina da adibidez.

Ezker abertzalea, Kalera Kalera dinamikaren bidez, euskal preso politiko, errefuxiatu eta deportatuei bere babes osoa adierazi nahi die, eta beren askatasuna eta etxeratzea aldarrikatzen dugu. Gatazkaren konponbideak presoak askatzea eta aipatutako guztien etxeratzea eskatzen ditu. Ez da normalizazio politikorik izanen Espainiako eta Frantziako espetxeak preso euskaldunez beteta dauden bitartean.

Horiek guztiak etxeratzeko bide orria adosteko eskatzen dugu. Armagabetzean bezala, Euskal Herriko instituzioen eta eragile sozial zein politikoen artean adostutako bide orria, baita Euskal preso Politikoen Kolektiboarekin ere. Hain zuzen ere, berriki EPPKk urrats garrantzitsu eta ausarta eman du, euskal jendartearen eskaria jaso du eta gatazkaren ondorioak gainditzeko eta prozesu independentista indartzeko ekarpen nabarmena egin du.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa babesteko eta estatuen posizioa aldatzeko herritarron mobilizazioa eta borroka berebizikoak dira. Azken hilabeteotan Kalera Kalera dinamikaren bitartez milaka herritar bildu dituzten mobilizazio ugari antolatu ditugu; espetxeetara martxetatik hasita, Gernikatik Lakuntzako Hatortxu Rock jaialdira luzatutako udako martxara, baita udan jai giroan hedatzen ari diren presoen aldeko mobilizazioetan ere. Mobilizazio hauek indartzen jarraitu beharko dugu eta datozen hilabeteetan lan eta esfortzua areagotzera goaz. Hala, Aste Nagusiko testuingurua ere norabide horretan baliatu nahi dugu eta herritarrei dei egiten diegu ostiralean, Aste Nagusiko egun handian antolatu dugun manifestaldian parte hartzeko, 12:30ean Plaza Eliptikotik abiatuko dena.

Gora Aste Nagusia! Euskal presoak kalera!
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lan baldintzek hil egiten dute

Gaur jakin dugu, atzo, Azkoitian gertatutako lan istripu traumatiko batean, 44 urteko J.A.A.T. basogintzako langilea hil zela, lanean ari zela enbor bat gainera erori...

Navarrabiomed kalera atera da bere lana ezagutarazteko eta Nafarroako Osasun Sistema Publikoaren ikerketa ahalmena indartuko duen hitzarmen duin bat exijitzeko

Fundazio publikoko Langileen Batzordeak borondatea eskatzen du hitzarmen propiorik gabeko 40 urte luzeko epealdiari amaiera emateko. Behin eta berriz aldarrikatu du ezinbestekoa dela ikerketa...

Greba egingo dute abuztuaren 14tik 16ra Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde

Abuztuaren 14ko 22:00etatik abuztuaren 16ko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...