2025-12-05
HomeEkintza SozialaEtxebizitzaren negozioa eteteko eskatu du LABek Eusko Legebiltzarrean

Etxebizitzaren negozioa eteteko eskatu du LABek Eusko Legebiltzarrean

EAJk eta PSEk aurkezturiko proposamenak etxebizitzen prezioak igotzea eta sarbidea zailtzea eragingo dituela ohartarazi du LABek, eta prezioen etengabeko igoerari galga jartzeko eta horiek jaisteko neurriak aldarrikatu ditu; hala nola, parke publikoa handitzea, alokairu soziala sustatzea eta EAE osoa tentsiopeko eremu izendatzea.

Uda atarian iragarri zituzten EAJk eta PSEk etxebizitzaren arazoari aurre egiteko premiazko neurriak. LABek, neurriok aztertuta, balorazio kritikoa egin zuen, eta baita hainbat proposamen zehaztu ere. Neurriok orain arteko politika okerretan sakontzea zutela iritzita, sindikatuak mobilizazioa egin zuen Sabin Etxea aurrean. Gaur, Endika Perez Ekintza Sozialeko arduradunak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Hiri Agenda Batzordean hitza hartu du, eta hiru mezu nagusi azpimarratu ditu. 

Batetik, diagnostikoaren oinarrian adostasuna egon daitekeela azaldu du Perezek, baina ez proposamenaren norabidean. Izan ere, etxebizitzaren eremuan egiturazko eta premiazko neurrien beharra ukaezina dela uste du LABek. Langileok pobretzeko funtsezko arrazoi bilakatu da etxebizitza eta, hori horrela, bizi dugun larrialdi egoerari eraikuntza ziklo berri batekin erantzun nahi zaiola salatu du Perezek, hartutako norabidearekin, arazoa are gehiago okertuz: “EAJk eta PSEk nahiago izan dute merkatu pribatua elikatzeko politikak eta eraikuntza enpresei begirako neurriak proposatu, errotik arazoari erantzun baino. Prezioak jaisteko berehalako neurriak behar dira, baita parke publikoa handitzekoak ere, baina parkea ezin da soilik etxe berriekin osatu. Dagoena mobilizatzeko neurriak behar-beharrezkoak dira”.

Eskaintza faltaren iruzurra ere salatu du Ekintza Sozialeko arduradunak. “Azken hamarkadetako hainbat unetan ikusi dugu etxe gehiago eraikitzeak ez duela prezioak jaistea eragiten. Gero eta gehiago dira etxebizitzarekin negozioa egiteko funts putreek, higiezinen patronalek eta errentistek erabiltzen dituzten formulak; ez da onargarria.”

Beraz, orain arte egindako politika publikoen ondorio zuzenak pairatzen ari garela adierazi du LABeko kideak, eta, zoritxarrez, EAJk eta PSEk langileen aurkako neurriotan sakondu nahi dutela. “Hemen eskupekoak jaso eta diru laguntzetatik bizi direnak banketxeak, eraikuntza enpresak eta higiezinen patronala dira, eta horri amaiera eman behar zaio. Etxebizitzen funtzio soziala lehenetsi behar da, eta harekin negozioa egiteko aukera mugatu. Horretan egin behar da ahalegina eta hartu behar dira premiazko neurriak”. Ustez gazteak emantzipatzeko martxan jarritako abalen lerroa jarri du adibidetzat, eta gogoratu du lerro horri alegazioak aurkeztu dizkiola LABek, 2015eko Etxebizitza Legea urratzen duela iritzita. “Legeak jasotzen du diru publikoak alokairu sozialerako edota etxeak birgaitzeko izan behar duela, eta, orain, Gazteria Sailak 40 milioi bideratuko ditu, Finantza Institutuaren eskutik, erosketa sustatzera”. Horren ondorioa izango da, Perezen arabera, dagoeneko etxea erosteko aukera dutenei erraztu egingo zaiela horretarako aukera, eta, aldiz, premia handiagoa dutenek babesgabe jarraituko dutela. 

Hirugarrenik, Perezek azpimarra egin du LABek egindako proposamenetan. Etxebizitza larrialdiari eta langile sektoreek bizi duten prekarizazio eta pobretze prozesuari aurre egiteko, prezioen etengabeko igoerari galga jartzeko eta horiek jaisteko neurriak behar direla aldarrikatu du. Horretarako, EAE osoa tentsio gune izendatzeko eskatzen du LABek, baita prezioen indizea berehala publikatzea ere. “Ez du arazoa konponduko, baina tresna gehiago emango dizkigu”, adierazi du Perezek. Era berean, Etxebiden 

100.000 pertsona izena emanda egoteak eta %85ek alokairu soziala galdegiteak nahikoa arrazoi behar luke Etxebizitza Legeak jasotzen duena betetzeko, salatu duenez. 

Etxebizitza eskubidea bermatzeko eta sarbidea ahalbidetzeko, merkatu pribatuan alokairua ordaintzetik alokairu soziala eskaintzera igaro behar du administrazioak, Perezek aldarrikatu duenez, eta, horretarako, etxejabeei, banketxeei eta errentistei onura fiskalak eman beharrean, presio handiagoa egin behar zaie, etxebizitzak egon badaudelako. “Negozioa egiteko bahitutako etxeak modu duin eta iraunkorrean bizitzeko etxeak bihurtzeko neurriak behar ditugu”, aldarrikatu du. “Pertsonak dira erdigunean jarri behar direnak, maizterren eskubideak babestuz eta zabalduz, inor kale gorrian geratu ez dadin. Astero ezagutzen ditugu indarrez haien etxeak uztera behartzen dituzten langileen egoerak eta halako egoerak ezin dugu normalizatu eta onartu”. 

Amaitzeko, LABek etxebizitzaren arazoari aurre egiteko duen konpromisoa berretsi du Endika Perezek: “Bizi dugun gatazkan modu zuzenean esku hartzen ari da sindikatua, ekintza sindikalaren bidez, alokairuen prezioak jaisteko borroka eginez, turistifikazioaren ondorioei aurre eginez eta etxegabetzeen aurka.” Horrela, sindikatua etxebizitza problematikari aurre egiteko tresna izan dadin lanean jarraituko dutela esan du Perezek. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...