Gasteizko Estrasburgo Ibilbideko 9, 11 eta 13 zenbakietan kokatutako VITALQUILERen etxebizitza-blokeko maizterrok, LAB Sindikatuaren Etxebizitza Asanbladako kideekin batera, ADANIAren bulegoetara joan ginen joan den otsailaren 18an, bloke horretako bizilagunok pairatzen ari garen egoerari buruz hitz egiteko premiazko bilera bat exijitzera. Bilera eskaera hainbat bidetatik helarazi diogu ADANIAri, baina saiakera guztiak alferrikakoak izan dira.
ADANIA promotoreak Vital Kutxarekin batera, VITALQUILER S.L. sozietatea sortu zuen, baina iaz bankuak bere zatia saldu zion ADANIAri, eta sozietatearen izena ADALQUIER S.L. izatera pasatu zen.
Iazko irailean, LAB Sindikatuaren Etxebizitza Asanbladako kideok atari horietako bizilagunekin harremanetan jarri ginen, hilabete horretan bertan etxebizitzek BOE (Babes Ofizialeko Etxebizitza) kalifikazioa galduko zutela jakinarazteko. Era berean, ohartarazi genien ziurrenik ADANIAk Lakua auzoko beste bloke batean erabilitako jokabide bera izango zuela kasu honetan ere. Hau da, Lakuako etxebizitza blokeak babes ofiziala galdu bezain pronto, ADANIAk aprobetxatu zuen merkatu pribatura pasatu zirela alokairu-kontratuak igotzeko.
Tamalez, uste genuena gertatu da. Orain gure etxebizitzak merkatu espekulatibora pasatu direla, ADANIA Lakuan egin zuen gauza bera egiten ari da. Ikusten ari gara nola, gure alokairu-kontratuak amaitu ahala, ADANIAk gehiegizko igoerak dituzten kontratu berriak proposatzen dizkigun; kasu batzuetan, hilean ia 300 euroko igoerekin.
Ezin da onartu ADANIAk diru publikoaren laguntzaz eraiki zituen eta urte hauetan alokairu subentzionatura bideratu dituen etxebizitza sozialekin espekulatzea. Alokairu hori berez altua zen, baina behintzat, topea zeukan, maizterren diru-sarrerak kontuan hartzen zituena.
ADANIA promotoreak bere irabaziak are gehiago handitu nahi ditu etxebizitza bezalako oinarrizko eskubide baten kontura. Maizter gehienok ezin diogu horrelako igoerari aurre egin eta gure etorkizuna arriskuan dago. Horregatik, blokeko maizterrok LABeko Etxebizitza Asanbladaren barruan antolatzea eta Estrasburgo Ibilbideko Sail Sindikala eratzea erabaki dugu. Lehen urrats gisa, alokairu-kontratu berrien baldintzei buruzko negoziazioa irekitzeko eskatzen diogu ADANIAri.
Ohar honen bidez, gure egoera publiko egin nahi dugu eta ADANIAri beste behin ere bilera bat exijitu, gai hauek guztiak eztabaidatu ahal izateko.
LABeko Etxebizitza Asanblada – Estrasburgo Ibilbideko Sail Sindikala

