2026-04-03
HomeEkintza SozialaEredugarritzat jotzen dugu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bost urtetako ibilbidea

Eredugarritzat jotzen dugu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren bost urtetako ibilbidea

Madril eta Parisetik inposatu nahi diren pentsio erreforma erregresiboen aurrean borrokan eta elkarlanean jarraitzearen garrantzia azpimarratzen du sindikatuak.

Bost urte bete dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak asteleheneroko mobilizazio dinamikari ekin zionetik. Pentsioen %0,25eko igoera eskasa zela eta abiatu zen mugimenduak astelehenero kalean jarraitu du pentsion eros-ahalmenaren galeraren aurka eta pentsio publiko eta duinen alde. Astez aste, herriz herri, egindako lan nekaezinak Euskal Herriko Pentsiodunen mugimendua erreferente bilakatu du zalantzarik gabe, eta LABetik lan hori eskertu eta zoriondu nahi dugu.

Alabaina, bostgarren urteurren honen testuinguruak argiki erakusten du borroka ez dela amaitu. Estatu frantses zein espainiarrean pentsio sistema erreformatzeko proposamenak mahai gainean daude, eta bertan jasotzen diren neurriak langile gehiengoaren interesen aurkakoak dira eta ez dituzte pentsiodunen mugimendutik egindako aldarrikapenak aintzat hartzen. Bruselaren begirada pean datozen erreforma hauek jubilaziorako epeak luzatu eta pentsioak kalkulatzeko kotizazio aldia luzatzera datoz, pentsioak galtzen ari diren eros-ahalmenean are gehiago sakontzera beraz, eta baita pentsio publikoen ahultzearen aurrean pentsio plan pribatuei ateak are gehiago irekitzera.

Pentsio erreforma hauek ez dira neurri isolatuak, langileon lan eta bizi baldintzen okertze testuinguru batean datoz. Gero eta bideraezinagoa den sistema kapitalista baten aurrean, dauden ondasunak nola banatuko diren dago jokoan: desjabetzea eta pobretzea ala aberastasunaren birbanaketa. Testuinguru honetan, LABetik pentsiodunen mugimenduarekin borroka bidelagun izateko apustuan berresten gara. Eta horrekin batera, Euskal Herrian Pentsio Sistema Publiko eta Propioaren eraikuntzan urratsak ematea beharrezko ikusten dugu. Sindikatuaren Programa Sozioekonomikoan horretarako hainbat proposamen biltzen ditugu, hala nola 1.260 euroko gutxieneko pentsioa, pentsio publiko eta unibertsala edota erretiro adina 60 urtera aurreratzea besteak beste.

Begirada Euskal Herrian pertsona guztientzat pentsio duina bermatuko duen pentsio sistema publikoan jarrita, LABek Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako lana balioan jartzen du, eta datozen urteetan ere elkarren alboan borrokan jarraitzea espero du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Palestinarekin elkartasuna adierazteko eta esku hartze inperialistak salatzeko mobilizatzeko deia egiten du LABek

LAB sindikatuak Global Sumud Flotillan ordezkari bat izanen duela adierazten du, eta blokeoa hausteko nahiz Palestinarekin elkartasuna adierazteko deituko diren mobilizazioak indartzera deitzen du. Munduan...

INTIAko batzordeak greba deitu du, enpresa publikoak bere azken proposamenari uko egin ostean

INTIAko enpresa-batzordeak (LAB, UGT) greba deialdia iragarri du, enpresa publikoak soldata-desberdintasuneko egoera konpontzeko sindikatuek aurkeztutako azken proposamenari uko egin ostean. Asteazken honetan, batzordeko kideek eta...

LABek Tubos Reunidosen gatazkan dagoen zinismo instituzionala salatu du eta enplegu-erregulazioko espedientearen inpugnazioa berretsi du

LABek publikoki salatu nahi du Tubos Reunidosen gatazka hartzen ari den norabidea. Izan ere, enpresak enplegua suntsitzeko, altzairutegia ixteko eta logistika kanpora ateratzeko planarekin...