2026-06-16
HomeEkintza SindikalaEnvases-eko enpresa-batzordeak manifestazioa deitu du Ugaon martxoaren 16rako, enpleguaren defentsan eta deslokalizazioaren...

Envases-eko enpresa-batzordeak manifestazioa deitu du Ugaon martxoaren 16rako, enpleguaren defentsan eta deslokalizazioaren kontra

Envases Ugaoko enpresan 50 langile kaleratzea aurreikusten dituen EEE bat aurkeztu dute. Honen aurrean, enpresa-batzordeak prentsaurrekoa egin du espedientea errefusatzen duela adierazi eta manifestazio bat deitzeko. Mobilizazioa martxoaren 16an izango da, 17:30ean, Ugaoko Udaletxetik aterata.

Adierazi dute enpresak arrazoi produktibo eta organizatiboak argudiatzen dituela EEErako, eta hau erabat baztertzen dute enpresa-batzordetik. Orain arte egin diren lau bileretan agerian geratu da multinazionalaren diruzalekeriak ez duela mugarik. Zehaztu dute enpresaren ekoizpena ez dela jaitsi eta erabaki estrategiko bat dagoela, produkzioa Ugaoko lan-zentrotik atera eta berau Leon eta Holandako lan-zentroetara eramateko.

Euren iritziz, ez gaude produkzioaren jaitsiera baten aurrean, deslokalizazio baten aurrean baino. Horrela, urtero irabaziak dituen Envases enpresak, are gehiago irabazi nahi du eta horretarako 50 langile kaleratu nahi ditu, inolako begiramenik gabe eta pertsonak kontuan izan gabe.

Enpresa-batzordeak orain arteko ekoizpena Ugaon mantentzearen eta enpleguari eustearen alde egiten du.

Aste hauetan babes ugari jaso dituzte eta euretariko batzuk agerraldian parte hartu dute. Hauen artean daude Hego Uribe eta Arratiako hainbat enpresa-batzorde, Megatech, Maderas de Llodio, DYF, Cartisa, Residencia Etxe Maitia, Acciona, Galletas Artiach, Cementos Lemona, Bilboko Argiak, Tubacex, Elis Arrigorriaga, Lavanindu edota Dascor. Eskualdeko hainbat gizarte eragilek ere babesa erakutsi diete, hala nola Txarraska, Kiskali, Basauriko Pentsiodunen Elkartea, Elkarlaguntza Galdakao, Emahots talde feminista, Ugaoko Pentsiodunen Elkartea, Ugaoko Merkatarien Elkartea, Zizpa Gazte konpartsa, Momoak talde feminista edo Ernai Galdakao.

Oraindik ari dira martxoaren 16an 17:30ean Ugaoko Udaletik abiatuta egingo dute manifestaziorako babes eta atxikimenduak jasotzen. Hauek dira deialdiaren aldarrikapenak: Envaseko produkzioak Ugaoko lan-zentroan jarraitzean, Enplegu Erregulazio Espedientea erretiratzea eta enplegua enpresan, Ugaon eta eskualdean mantentzea.

Instituzioei eskatu diete Envaseseko gatazkan inplikatzea. Era berean, langileria, enplegua suntsitu eta Euskal Herria desindustrializatzen ari diren enpresen eskuetan erortzetik babestuko duten politikak exijitu dituzte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea erretiratzeko eta azalpenak emateko eskatu diogu Tubacexeko zuzendaritzari

Gaur egin da Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen lantegietarako planteatutako aldi baterako lan-erregulazioko kontsultaldiko lehen bilera. Zuzendaritzak ekoizpen- eta antolaketa-kausetan oinarritutako ABEEEa (Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea) jarri du mahai gainean, eta neurri hori justifikatzeko erabili nahi duen dokumentazioa entregatu du.

Eusko Jaurlaritzan hitzarmen berria negoziatzearen alde mobilizatu gara

Elkarretaratzeak egin ditugu Bilboko, Donostiako eta Gasteizko lan-zentroetan, eta administrazioari eskatu diogu benetako elkarrizketa ahalbidetu dezala.

Gernika-Lumoko Udalaren gardentasun eza salatzen dugu

Azken urtean, lana ahalik eta hobekien egin nahirik, LAB sindikatutik behin eta berriz eskatu diote Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, hala nola kontratazioei, lan-poltsen erabilerari, lanpostuen estaldurari, funtzio-aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa.