2026-03-18
HomeEkintza SindikalaEnplegu eta bizitza duinaren alde mobilizatu gara Aiaraldean

Enplegu eta bizitza duinaren alde mobilizatu gara Aiaraldean

Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok mobilizazio eguna izan dugu Aiaraldean, eta goizean goizetik irten gara kalera enplegu eta bizitza duinaren defentsan. Hain zuzen ere, eskualde mailako bi orduko lanuzteak deitu ditugu 11:00etatik 13:00etara, eta, ondoren, manifestazio bana egin ditugu Amurrio eta Laudion, “Aiaraldean enplegu eta bizitza duina” lemarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bertan izan da, sindikatuko ordezkaritza zabal batekin batera.

Bizi dugun egoerak, enplegu suntsiketarekin, berau galtzeko arriskuarekin, enplegu prekarioarekin… erantzun global, bateratu eta anitza eskatzen du Aiaraldean. Izan ere, eskualdea egoera kezkagarrian dago. Arreta berezia merezi du Tubacex-en gertatzen ari denak, EEE batekin eta zuzendaritzak egindako 150 kaleratzeren mehatxuarekin, eta baita Valvospain-eko itxiera eta 79 kaleratzeek ere, hauek ehundaka familia eta gure eskualdearen etorkizunean izango dituzten ondorioekin.

Inoiz baino beharrezkoagoa da enpleguaren alde mobilizatzea, eskubide laboral eta sozialen alde, kalitatezko zerbitzu publikoen alde; azken batean, enplegu eta bizitza duinaren alde, eta eskualdearen eta bertoko langileen etorkizunaren alde.

Erakundeak eta alderdiak interpelatu ditugu

Amurron eta Laudion egindako manifestazioen bukaeran, sindikatuotako ordezkariek adierazi dugu, eskualdeko lanuzte honekin eta Laudioko eta Amurrioko kaleetan zehar egin ditugun manifestazioekin, erakunde eta alderdi politikoak interpelatu nahi ditugula, “gizartearen gainerakoekin batera gure eskualdeko kalitatezko enplegua defenda dezaten eta azken lan-erreformak indargabetzeko lan egin dezaten. Sektore guztiei bizitza duina bermatzeko nahikoa politika publiko eta laguntza bermatzea ere ezinbestekoa da”.

LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuon hitzetan, “Aiaraldeko enpleguaren eta bizitza duinaren aldeko egondako dozenaka atxikimendu eta gaurko manifestazioen arrakasta kolektiboa ezin dira kanpaina baten amaiera izan, Aiaraldean enpleguaren eta bizitza duinaren alde borrokatzeko konpromisoaren hasiera baizik, Aiaraldean, elkarrekin, posible delako. Horregatik, helburu horrekin egiten diren deialdiekin bat egitera deitzen dugu. Gaurko borroka biharko enplegua eta baldintzak direlako”.

Azken lan-erreformek eta politika publikoek enplegua suntsitu dute, prekarizazioa sortu dute, “eta horrek, gure aldetik erantzun soziala, bateratua eta plurala eskatzen du. Horregatik, enpleguaren defentsan, kalitatezko zerbitzu publikoen eta lan eta gizarteko eskubideen alde mobilizatzea beharrezkoa dela uste dugu”.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.