LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta HIRU sindikatuek proposamen bateratua helarazi diote EAEko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari, berrikusi ditzan 2026ko martxoaren 17rako Hego Euskal Herrian deitutako greba orokorraren harira gutxieneko zerbitzuen inguruko irizpideak.
Sindikatuek salatu dutenez, azken urteetan gutxieneko zerbitzuen aplikazioa sistematikoki handitzen joan da, eta Lan Sailak oinarrizko zerbitzuen interpretazio gero eta zabalagoa egiten du. Haien ustez, joera horrek zalantzan jartzen du greba eskubidea, eta urratu egiten du greba orokor batek eskatzen duen proportzionaltasun printzipioa.
Deitzaileek hezkuntzan, garraio publikoan eta komunikabide publikoetan aplikatu beharreko irizpideen inguruko proposamen zehatzak aurkeztu dituzte:
Hezkuntzari dagokionez, sindikatuek defendatzen dute gutxieneko zerbitzurik ez ezartzea, uste baitute egun bakarreko greba orokor batek ez duela hezkuntza jasotzeko eskubidea arriskuan jartzen. Azken urteetan arlo horretan ezarritako gutxieneko zerbitzuak handitzen joan dira, praktikan greba eskubidea mugatzeraino. Gainera, greba orokorrak balio pedagogikoa ere badu, eta heldutasun nahikoa duten hezkuntza etapetan langile-borrokaren, kohesio sozialaren eta balio demokratikoen inguruko lanketa egiteko aukera baliatu beharko litzatekeela iritzi diote sindikatuek.
Garraio publikoari dagokionez, gehiegizkotzat jo dituzte ezarritako gutxieneko zerbitzuak, eta kritikatu dute egungo ereduan lanerako eskubideari ematen zaiola lehentasuna, grebarako eta mobilizaziorako eskubideen kaltetan. Administrazioaren betebeharra oinarrizko zerbitzuetara joateko mugikortasuna bermatzea da, eta ez ohiko jarduera ekonomikoa mantentzea. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak ez ezartzea eskatu dute, eta ezarriko balira, izan daitezela lehentasunez erabiltzaileei oinarrizko zerbitzuetarako irismena bermatzeko eta greba eskubidea bermatzeko ekimen eta mobilizazioetara joan ahal izateko.
Komunikabide publikoen kasuan, EITB taldeari dagokionez, sindikatuek ohartarazi dute greba orokorraren aginduak asteburuko informazio zerbitzuak bermatzea baino ez duela zehazten, baina EITBren zuzendaritzak aldebakarrez entretenimenduzko saioen errepikapenak programatu izan dituela, grebaren ikusgarritasuna murrizteko asmoz. Haien ustez, greba egunean informazio zerbitzuek interes publikoko informazioa, bereziki eskubide zibil eta politikoekin lotutakoa lehenetsi beharko lukete, entretenimendu hutsezko edukien gainetik. Era berean, diote bermatu behar dela informazio zerbitzuak asteburuko langile kopuruarekin egitea. Azkenik, greba ikusgarri egiteko neurriak proposatu dituzte: programen errepikapenik ez emititzea, une oro greban dauden langileen berri emango duen scroll-a jartzea eta gutxieneko zerbitzuak betetzen ari diren kazetariek hori adierazteko elementuak jasotzeko eskubidea izatea.
Bestalde, sindikatuek salatu dute gutxieneko zerbitzuen aginduak askotan azken momentuan argitaratzen direla, eta horrek greba eskubidea baldintzatzen duela. Horregatik, martxoaren 17ko greba orokorrerako agindua martxoaren 7a baino lehen argitaratzea eskatu dute.

